Euskal kulturaren gerraosteko susperralditik orain arte luzatu da Txomin Peillen idazle, euskaltzain oso, Euskal Pen klubeko ohorezko buru eta kultur eragilearen bizialdia (Paris, 1932 - Kanbo, Lapurdi, 2022). Idatzi du etnografiaz, idatzi du hizkuntzalaritzaz, bildu ditu herri kontakizunak, Igela aldizkaria sortu zuen Jon Mirande idazlearekin batera Parisen, baditu hamahiru ipuin liburu, kaleratu ditu 11 eleberri eta bost saiakera lan, eta, fikzio lan horietako batzuetan, Aljeriako gerran bere begiz ikusitakoak ere kontatuak ditu. 90 urterekin hil da, eta harekin batera itzali da Euskal Herriko historia alderik alde zeharkatu duten luma eta buru nekaezinetako bat. Kulturgintza Elizaren eraginpean zen sasoi batean, ezinbestean, heterodoxoa izan zen haren jarduna lehen urteetan, eta sei hamarkadaz eutsi dio euskal erroak ikertu eta, aldi berean, euskal kultura nazioarteko kultur joerekin sinkronizatzeko lanari.
Aljerian ikusitakoez aritu zitzaion BERRIAri 2015ean. Erizain izan zen han, eta sarjentu bat ikustera bidali zutenekoa aipatu zuen solasaldi hartan. Hara iritsi, gelako atea jo, sartu, eta hor ikusi zuen: «Bazen gizon bat biluzik, lotua. Bazituen elektrodo batzuk barrabiletan, beste bat ahoan. Eta elektrika sorgailu batekin elektrizitatea egiten. Eta gizona lehertzen ari. Animalia bat hiltzen ari delarik bezala ikusi dut hori». Bere belaunaldiko beste hainbat gazteri bezala, gogor eragin zion esperientzia hark Peilleni ere.
Zaldi beltzak izeneko genero beltzeko ipuinen bilduma sortu zuen 2018an, eta bere ipurterretasun intelektual eta kulturalaren froga dira orduan esandakoak. «Euskaltzain zaharrena naiz honezkero, baina jo eta ke segitzen dut idazten». Eta Joseba Sarrionandiak lan hartarako idatzitako hitzaurreak ere balio dezake haren jardunaren nondik norakoa definitzeko: «Txominen obra guztietan gertatzen da —literaturan, etnografian, filologian edo politikan— bere ikerketak ez direla erosoak izaten, bere konklusioak ez direla zertan gustukoak izan. Errealista, kritikoa eta irekia izanda, jakina, ezkorra. Eta ezkorra denez, gauzak aldatzen ahalegintzen da».
Miranderen eragina
2020. urtean, Minotauro eleberria argitaratu zuen, Alberdania argitaletxean. Horretan, Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Vladimir Nabokoven Lolita liburuei «erantzuna» eman nahi izan ziela azaldu zion BERRIAri. Izan ere, intzestua eta pedofilia gai nagusitzat hartuz, bortxatu duten neska batek bizi izandezakeenaz eta izan dezakeen bilakaeraz idatzi zuen. Hau da, Mirandek eta Nabokovek gizonezko pedofiloaren ikuspegitik idatzitakoari buelta eman, eta neska-emakumezkoari eman zion ahotsa. «Zer kontatzen dute haiek? 'A, zer atsegina den pedofiloa izatea!'. Nik erran nahi dut pedofiliak pertsona bat desegin dezakeela, osoki. Nola eraikitzen ahal da pertsona bat intzestua eta bortxaketa bizi izan ondotik? Hori aipatu nahi nuen».
Idazle nekaezina izan da azkeneraino. 2021ean eman zuen argitara Bi neska miseriaaztertzen eleberria, eta aurtengo udaberrian kaleratu zuen Mendekatzeak ipuin bilduma, biak ere Dakit argitaletxearekin. Harekin izandako hartu-emana izan du gogoan Sabin Oregi editoreak, heriotzaren albistea zabaldu berritan. Eta hasierako sasoietan bezala, azken urteetan ere «heterodoxoa»zela aipatu du. «Haren lanetan emakumeek izan duten lekua eta indarra nabarmenduko nituzke». Eta, hain zuzen ere, horren adibide da, haren ustez, liburuak beti bi abizenekin sinatzeko zuen joera. Peillen abizenarekin batera, beti eraman baitute haren liburuek bigarren abizena ere: Karrikaburu.
Miranderekin edukitako harremanak markatu zuen Peillen, hein batean. Igela aldizkaria argitaratu zuen Parisen, 1962 eta 1963 bitartean, Federiko Krutwig Sagredo, Juan San Martin eta Miranderekin batera, baina azken horren egoerak zapuztu zuen azkenean egitasmoa. Hala kontatuzituen Peillenek berak lagun zuenaren gorabeherak: «Eri bat daukazunean aitzinean, ari zara borrokatzen pareta batekin. Adiskidea bipolarra denean zure aitzinean, zaila da. Hor ere bazuen eredu bat buruan sartua, matxista eredu bat... Nazia baina agian ez osoki matxista, indarkeriaren aldekoa zen. Eta ni horretatik urrun».
Giristino literaturatik kanpo
Bere helburuetako bat «giristino literaturetatik ateratzea» izan zela adierazi zion BERRIAri 2018an. Hau da, idazten hasi zenean Euskal Herri osoko literaturan zegoen kostunbrismo manikeotik urrundu nahi izan zuela literatura.
Haren nobelen artean, Gauaz ibiltzen dana (1967, Itxaropena), Altxorra eta altximia (1982, Hordago) eta Nina Waita: arupu baten itzalean (2015, Utrisque Vasconiae) daude. Hamar bat argitaratu zituen denera.
Saiakeren artean, berriz, Euskaldunen ingurugiroan (espazioa eta denbora) (2001, Dakit argitaldaria), eta Baloreak Euskal Herrian eta beste gizarteetan (2005, Utriusque Vasconiae). Eta etnologia gaiak ere landu zituen, besteak beste Zuberoaren inguruan: Animismua Zuberoan (1985, Haranburu). Autobiografia ere idatzita utzi zuen: Paristar euskaldun bat (ni... neu) (1987, Elkar).
Azaroaren 17an bete zituen 90 urte, lagun artean, eta handik egun gutxira ospitaleratu zuten. Larri izan da geroztik. Ostiral arratsez hil zen, baina atzojoan zen pixkanakaaren heriotzaren albistea zabaltzen Durangoko Azokan ziren kulturgileen artean.
Heterodoxo baten heriotza
Txomin Peillen Karrikaburu idazle eta euskaltzain osoa 90 urterekin hil da. 45 liburutik baino gehiago idatzi zituen. Jon Miranderekin hasi, eta euskal literaturaren historia zeharkatu du haren bizialdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu