Pastor
DARWIN ETA GU

Mugaren hegoaldean

2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Aitziber —ez da benetako izena— Japoniarekin eta japonierarekin maiteminduta dago. Kazetaritza ikasten ari da, baina euskarari buruz ez du ezer jakin gura. Hala ere, badu denbora —eta gogoa— japoniera ikasteko. Gradua bukatu eta gero Japoniara joan nahi du: Tokion gora eta behera ibili, herrialdeko kultura ezagutu, mangak irakurri... Aitziberrek euskal izena du, baina ez da euskalduna. Ez daki euskaraz, hemen jaio, hemen hazi, eta hemen bizi den arren. Ez du euskara gorrotatzen, ez. Berdin dio, besterik ez.

Maria Bouabdellah —benetako izen-abizenak dira— Kataluniarekin eta katalanarekin maiteminduta dago. Kazetaritza ikasten ari da, Aitziber bezala. Canal Malaia plataforma digitalean dihardu sarean katalanezko edukiak hedatzeko. Maria Gironako herri batean jaio zen. Gurasoak marokoarrak ditu. Deitura arabiarra du, baina katalana da. Katalanez ederki mintzatzen dela esaten diotenean, hauxe erantzuten du: «Ondo hitz egiten dut katalanez katalana naizelako, hemen hazi naizelako, lagunak katalanak ditudalako, katalanez ikasi dudalako eta katalanez bizi naizelako».

Ez da txikia Aitziberren eta Mariaren arteko aldea. Aitziberrek ez daki euskaraz. Ez du ikasi nahi izan. Areago: ez du euskara ikasteko batere asmorik. Hala ere, badirudi guri berdin digula. Katalunian inoiz gertatuko ez dena gertatzen da hemen: euskaldunok —hau da, euskaraz dakigunok— ez dugu begi txarrez ikusten hemen jaiotako lagun batek euskara baztertzea. Alderantziz: besoak zabalik hartzen dugu, txalotu ere bai, japoniera ikasten ari delako. Euskaldunok baino mendeko eta otzanagorik gutxi munduan. Hizkuntzari dagokionez, behintzat.

Hemen jaio, hemengoak izan eta hemengoak ardura ez dien gazteetako bat da Aitziber. Bera bezalakoak baldintzatzen ari dira gure etorkizuna, eta ez onerako. Zer-nolako itxura du etorkizun horrek haiek eta haien ezjakintasunak, indiferentziak edo mespretxuak agintzen badute gure giza harremanetan? Zertarako hainbeste kanpaina, Euskaraldia bukatu eta biharamunean Aitziber guregana etorri eta haren aurrean guk guztiok erdaraz egiten badiogu elkarri, hark japoniera euskara baino gogokoago duelako?

Geure jokaera aldatzeko bide luzea dugu aurretik, inoiz aldatuko badugu: lehenik eta behin, euskaldunon artean euskaraz egin beharko genuke —borroka horretan ari gara oraindik—. Gero, euskaldunon artean euskaraz egiten segitu, tartean erdaldun bat egon arren. Eta azkena: erdaldunari euskaraz egin, zuzenean. Baina hori gehiegizkoa izango litzateke. Gatazka linguistikoa piztuko luke —orain gatazka linguistikorik ez balego bezala— eta hemen gatazka bakarrak politikoa izan behar du. Besteak, nonbait, ez du lehentasunik.

Teorian hizkuntza eskubideak ditugu, baina Aitziber bezalako euskal herritarrek eskubide horiek kentzen dizkigute praktikan. Aitziber larrutzea izango litzateke errazena, baina erru osoa ez da Aitziberrena. Aitziber zerbaiten sintoma da: gure gizarteak eta erakundeek orain arte euskararen arloan izandako porrota erakusten du. Makal jokatzen dugu mugaren iparraldean zein mugaren hegoaldean. Ez du ematen arazoa epe ertainera konponduko denik. Datozen urteetan are malguagoak eta ulerkorragoak—are mendekoagoak— izan beharko omen dugu erdaraz alaitsu eta kementsu ari diren erdaldun elebakarrak alde subiranistara erakartzeko. Gora Irlanda!

Oso neska jatorra da Aitziber. Ezagutzen dutenek horixe esango dizute. Egun batean ametsa beteko du: mangak irakurriko ditu eta sakea edango du Tokion. Shinjuku aldeko pubetan jazza entzungo du: Duke Ellington-en Star-Crossed Lovers eta Nat King Cole-ren South of the Border. Eta hizkuntza bikain ikasiz gero, Yasushi Inoue, Chiyo Uno edo Haruki Murakami-ren eleberriak itzuliko ditu, baina ez euskarara. Eta guk Aitziber miretsiko dugu, «oso azkarra» baita. Pena da. Izan ere, mugaren hegoaldean—eta iparraldean— Aitziber baino Maria gehiago behar ditugu, Euskal Herria inoiz euskalduna izatea nahi badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.