Egoeraren argazkia egiteaz gain, euskararen biziberritzeari ekarpena egitea ere badu xede Soziolinguistika Klusterraren kaleko erabileraren neurketak, eta argia da horretarako egin beharreko urratsak zehazteko garaian: «Hurrengo hamarkadetan euskararen erabilera nabarmen haztea lortu nahi bada, egokitzapenak eta berrikuntzak aplikatu beharko dira joan den mendean abiatutako biziberritze ekimenetan». Ikergunearen arabera, «indarberritze sakona» behar da, nazioarteko eta Euskal Herriko «erronka eta premia berriei eraginkortasunez erantzuteko». Ekimen hori hizkuntza politiketan eta euskalgintzako erakundeen jardunean islatu beharko litzatekeela azpimarratu du.
Ikerketa soziolinguistikoak duen garrantzia ere nabarmendu du ikerguneak, eta argudiatu «ezagutza zientifiko zorrotza» erabili behar dela oinarri moduan esku hartze eraginkorrak egiteko. Hori dela eta, beharrezkotzat jo ditu «informazioa eta jakintza trukatzeko, kontrastatzeko eta horren gainean hausnartzeko guneak».
Bestalde, «euskara eroso erabiltzeko aukera bermatzeko», hizkuntzaren biziberritze prozesua indartu behar da, Klusterraren arabera. Helburu hori lortze aldera, bitarteko xedetzat jo du «euskararen ezagutza unibertsalizatzea».
Premiaz landu beharreko eremuetan adostasuna badagoela uste du Klusterrak: «Azken urte hauetako ikerketei, adierazpen publikoei eta esku hartze proiektuei erreparatuz, esan liteke adostasun zabala dagoela landu eta jorratu beharreko alorretan». Horien artean daude, zehaztu duenez, hezkuntzan ezagutza egokia bermatzea, helduen euskalduntzea, eremu sozioekonomikoa euskalduntzea, eremu digitala, migratzaileen inklusioa eta hizkuntza eskubideak bermatzea.
Hala ere, ikerguneak uste du beharrezkoa dela esparru horietan guztietan hartu beharreko neurriak egokitzea, «Euskal Herriko eremu administratibo eta soziolinguistikoen errealitate askotarikoetara eta jorratu beharreko sektore eta entitateen egoerara» moldatze aldera.
«Narratiba berriak»
Eremu diskurtsiboak ere badu eragina hizkuntzaren biziberritze prozesuan, ikerguneak azaldu duenez. Alde horretatik, garaiotarako egokitutako «narratiba eta diskurtso berrien» premia nabarmendu du. Batetik, euskararen biziberritze prozesuak hizkuntza aniztasunaren defentsari loturik egon behar duela uste du ikerguneak, eta, bestetik, harremana estutu behar duela «gizartea aktibatzeko eta eraldatzeko gaitasuna erakusten duten mugimenduekin», hala nola feminismoarekin eta ekologismoarekin.
Prozesu berritzailea eta eraldatzailea da hizkuntzen biziberritze prozesua, gaineratu duenez, «ilusioz, erabakimenez, enpatiaz eta inteligentziaz» gauzatu beharrekoa.
Euskara. Kaleko erabileraren neurketa
Biziberritzeko egitasmoetan «indarberritze sakona» behar dela dio Klusterrak
Ikerguneak uste du «egokitzapenak» eta «berrikuntzak» egin behar direla hizkuntza politiketan eta euskalgintzan, ezagutza zientifikoan oinarrituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu