Literatura. 'Goldsmithen ikaslea'

Obsesioak

Idazlea: Joxean Agirre. Argitaletxea: Elkar.

2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Pedro Salinas poetari irakurria nion idazleak beti gai beraren inguruan idazten duela lan berri bakoitza. Ez dakit idazle guztien kasua ote den, baina tankera horretako idazlerik balego, Agirre euren artean legoke. Joxean Agirrek berriki argitaratutako Goldsmithen ikaslea lanak baditu aurreko nobelekiko antzekotasunak, eta horiek dira idazlerik interesgarrienak: artefakto literario berriak saiatzen dituztenak eta, aldi berean, elementu bereizgarriak lortzen dituztenak.

Liburuaren haria protagonistaren bakarrizketak bideratzen du. Liburu osoan bere izenez ezagutuko ez badugu ere, idazle saiakera egiten ari den gizona dela dakigu: Internet bidez Goldsmith bere idazle miretsiak eskaintzen duen idazketa sortzaileko ikastaro bat egiten ari da, liburu bat idazteko asmoz. Irakaslearen gomendioari jarraiki, liburu hori idazteko gaztetako gertakari bat hartuko du aitzakiatzat, eta gertakaritik eratorritako joan-etorriak eta gaur egungo bizitzan eta emaztearekin duen harremanean sortutako arrastoak kontatuko ditu.

Horrela, irakurlea adin ertaineko gizon heterosexual misogino baten obsesioak deskubrituz joango da. Pertsonaiak arazoen aurrean duen ageriko jarrera tremendista eta infantilistak, noiz hantustekoak, noiz egozentrikoak, antzematen zaion patetikotasunetik parodia huts izateraino eramango du.

Nobela berez uler badaiteke ere, James Joyceren Ulises-ekin elkarrizketa etengabea ezartzen du Agirrek. Elkarrizketa hori pastixeraino iristen da, eta tankera metaliterarioa hartzen dute zenbait pasartek. Horri lotuta, badirudi egileak ez duela ondo neurtu literatura ikastaro horren aitzakian zenbait gogoeta literario txertatzen; dena sartu nahi eta ezinaren artean, iruditu zait ez dela erabat ondo eraiki trama.

Intentzio anbiziotsua du Agirrek nobela honekin, baina ez du horregatik ludikotasuna alde batera utzi. Emaitza obra jostalaria da, eta irakurleari ahalegina eskatzen dion irakurketa batere erraza: eskertzekoa, kontsumo bizkorreko produktuen garaian, bigarren irakurraldi bat eskatzen duten nobelak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.