COICA Amazoniako Arroko Indigenen Erakundeen Koordinakundeak emandako datuen arabera, Hego Amerikan 826 komunitate indigena bizi dira: horietatik 511 bizi dira Amazonian, eta 305 Brasilen; herrialdeko populazio osoaren %0,4 dira.
Kopuru horiek, ordea, ez dute errealitatea islatzen. Brasilgo Amazonian identifikatu gabeko ehun komunitate indigena inguru bizi dira. Horietako batzuetan ehunka pertsona biltzen dira, eta beste asko sakabanatuta bizi dira, okupatzaileengandik ihesi.
Ikusi gehiago:Indigenak, basoaren zaindari
Indigena askok ez dute Amazonia kanpoko gizartearekin harremanik izan nahi, eta «eskubide osoa dute horretarako», esan du Survival International erakundeko Sarah Shenker antropologoak. Indigena ugari hiltzen dira lehen kontaktuaren ostean, gaixotasunen aurkako immunitaterik ezagatik, edo okupatzaileekin sortzen diren liskarrengatik. Beren komunitateetatik at bakarrik bizi diren gehienak «masakreetatik bizirik irtendako biktimak dira».
Brasilgo Gobernuak esku hartze handiagoa du Amazoniako eremu batean besteetan baino. Babestutako Eremuak deritze, adibidez, estatuak edo eskualdeko gobernuak naturaren kontserbazioaren izenean izendatzen dituen lurrei. Pertsonek guztiz debekatua dute eremu horietako batzuetara sartzea. Hortaz, ehunka indigena kanporatzen dituzte milaka urtez etxe izan dituzten eremuetatik.
Izendatu Gabeko Lurretan, berriz, hutsala da estatuaren kontrola. Hain zuzen, 1985 eta 2020 artean jazotako deforestazioaren %86 eremu horietan izan zen.
Jair Bolsonaro Brasilgo behin-behineko presidentearen aurreko agintaldian, Brasilgo Gobernuak batzorde bat sortu zuen Izendatu Gabeko Amazoniako Lurrei era bateko edo besteko estatusa aitortzeko. Ultraeskuindarrak presidente kargua hartu zuenean, baina, batzordea desegin, eta lur eremu horien inguruko asmo guztiak zapuztu zituen.
Ikertzaileen esanetan, lurralde horiek babesten ez badira, «ezinezkoa izango da Amazoniaren suntsiketa gelditzea».
Ikusi gehiago:Munduaren arnasgunea, itotzear
«Babesa» ez da basoko izkina guztietara iristen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu