ETA HOTZAREKIN BATERA, GASA

Ez da soilik elektrizitatea garestitzen ari. Azken urtean gasaren faktura ere nabarmen handitu da, eta hala jarraituko du negua igaro arte, gutxienez. Txinaren eskari handiak, erreserba faltak eta trantsizio ekologikoa merkatua tenkatzen ari dira. Geopolitikako pieza garrantzitsuenetakoa da gasa.

ETA HOTZAREKIN BATERA, GASA.
jokin sagarzazu
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Egun hotzak gero eta hurbilago daude. Eta orduan ez da elektrizitatea soilik izango. Azken urtean gas naturalaren prezioan izan den gorakadak negu gogorra iragartzen du. Baita poltsikoetarako ere. Merkatuko aurreikuspenen arabera, igoerak udaberrira arte iraungo du gutxienez, eta gasaren faktura %10 baino gehiago handitzea espero da. Argindarraren garestitzearekin batera, etxeko eta industriako ekonomientzat beste kolpe bat izango da, gas naturala Hego Euskal Herrian erabiltzen den energia guztiaren herena baita.

Aurreikuspenok garai jakin batean iritsi dira, gainera. Aste honetako elektrizitatea historiako garestiena izan da, eta etengabe egin du gora uda hasieratik. Argindarraren prezioa gasarenak baldintzatzen du. Elektrizitatea nagusiki erregai hori erabiltzen duten ziklo konbinatuko plantetan ekoizten delako. Horiek hala, ez da aldaketarik espero elektrizitatearen handizkako merkatuan ere, hurrengo udaberrira arte behintzat. Horrez gain, karbono isurketa eskubideen merkatua ere izugarri garestitu da, Europako Batasunak bultzatutako zero emisio politiken ondorioz, eta horrek are gehiago garestitu ziklo konbinatuko zentralen jarduna.

Baina zergatik dago hain garesti gasa eta, bereziki, Europan? Analisten arabera, hainbat faktore daude: alde batetik, Txinaren eskari handia dago, batez ere bere industriarako —zeina mendebaldekoak bezala deskarbonizazio prozesu betean dagoen—, eta neguan erreserba nahikoak izateko. Gasbideen bidez iristen zaionaz gain, Txinak itsasontzietan garraiatutako gas likidotu (GNL) gero eta gehiago behar du, eta ekoizleak zati handi bat hara eta inguruko merkatuetara bideratzen ari dira. Horrek esan nahi du ontziak Europara erakarri ahal izateko gehiago ordaindu behar dutela hornitzaileek.

Bestetik, Errusiak Europari ezarri dizkion hornikuntza murrizketak daude, Nord Stream2 gasbide berriaren inguruko auziaren ondorioz; Errusia eta Europa lotzen ditu horrek, Ukrainatik (AEBen aliatua) igaro gabe. Alemaniak eta AEBek berriki sinatu duten akordioaren ondoren Mosku prest agertu da iturriak zabaltzeko.

Beste arazo puntual batzuk ere badaude, hala nola Aljeriaren eta Marokoren arteko gatazka diplomatikoak, bereziki Afrikako iparraldearen eta Iberiar penintsularen arteko gas fluxuari (Medgaz gasbide nagusiari) eragiten diotenak, eta ekoizpenean ere murrizketak izaten ari dira AEBetan, Norvegian eta beste leku batzuetan, arrazoi koiunturalak direla eta. Horri gehitu behar zaio Alemaniak datorren urtean zentral nuklearrak ixten hasteko programa abiatuko duela, eta horrek gas naturalaren eskaria handituko duela herrialde horretan, Europako merkatuetan eraginez.

Sei aldiz garestiago

«Gas naturalaren prezioen arazoa urritasuna da, eta Europa osoari eragiten dio. Biltegiratze mailak minimoetan daude; neguan tentsioa egongo da merkatuetan», ohartarazi du Jorge Fernandez Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko energien laborategiko koordinatzaileak. Herbehereetako Title Transfer Facility (TTF) da Europan erreferentziazko merkatua edo hub-a; horren arabera, gasaren prezioa sei aldiz biderkatu da duela urtebetekoarekin alderatuta. Analisten aurreikuspenen arabera, datozen sei-zazpi hilabeteetan «eskasia larria» egongo da Europa osoan, eta aurrera begira ere zalantzaz mintzo dira.



Euskal Herrian ere nabaritzen ari dira ondorioak. Hegoaldeko lau lurraldeak ez dira Errusiako gasaren hain menpekoak. Gasbide nagusia Aljeriatik dator. Baina gas gehiena (%62,75) itsasontziz iristen da, Bilboko portura, gas likidotu moduan (GNL). Kontua da ontzi horietako asko beste noranzko batzuk hartzen ari direla azken hilabeteetan, Asiara bereziki. Eta hain zuzen ere, hori da garraiatutako gasaren menpekotasun handia izateak duen beste arazoetako bat, Fernandezen arabera. «Gas likidotuaren merkatua globala denez, planetako eskualdeen artean eskaintzaren eta eskariaren arteko balantzean gertatzen den edozein aldaketak eragin nabarmena izaten du».

Trantsizioa eta gasa

Ikatza ordezkatzera deitua dago gasa. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, eskaera %45 haziko da Txinan, Indian eta Asiako hego-ekialdean oro har. 2040rako, zenbait egoera posible ezartzen ditu IEAk, eta horietako batek, susperraldi jasangarrikoak, aurreikusten du energia mix globalaren ia erdia gasak (%23) eta petrolioak (%22) hartuko dutela, ikatzak %10 izango duela eta berriztagarriek (hidraulikoak barne) %36.

Industriaren elektrifikazioan gasak rol garrantzitsua jokatuko du, beraz. Baita argindarraren prezioetan ere, gaur egun elektrizitatearen parte handi bat gasarekin sortzen baita. Azken hilabeteetako garestitzea Europa osoan nabaritu da; herrialde batzuetan beste batzuetan baino gehiago, baina denetan. Izan ere, merkatu erregulazio bera dute, baina herrialde bakoitzak berezko ezaugarriak ditu.

Gehienetan, elektrizitatearen handizkako merkatuan sartzen den prezio marjinala ikatza da, horrek ezartzen du azken prezioa; eta horren ekoizpena merkeagoa denez, argindarra merkeagoa izaten da. Beste merkatu batzuetan, Espainiakoan kasurako, gasa da sartzen den azkena, ez baitago ia ikatzik, eta horrek gehiago garestitzen ditu prezioak, gasik ere apenas dagoelako. «Iberiar penintsulako energien merkatua inportazioen mende dago. Merkatuko arriskuak partzialki arintzeko modu bat dagoen gas naturalaren erreserbak ustiatzea izango litzateke. Baina horrek adostasun politiko eta soziala eskatuko luke», azaldu du Fernandezek, besteak beste, fracking erauzketa sistema gatazkatsua gogoan.

Horren ingurukoak alde batera utzita, azken urteetan gasaren alde apustu handia egin da Hego Euskal Herrian: bereziki, garraiatzeko eta biltegiratzeko azpiegituretan. Nagusia Zierbenan (Bizkaia) dago: Bahia de Bizkaia birgasifikatzeko planta. Han, itsasontziek ekartzen duten gas likidotua jaso eta transformatzen da, gero gasbideen sarean sartzeko. Mota horretako bigarren azpiegitura da Iberiar penintsulan, Bartzelonakoaren ondoren. Penintsulan sartzen den gas likidotu guztiaren %25 bildu eta eraldatzen du Bilbokoak.

Horrez gain, bi konexio puntu daude Frantziako gas sarearekin, bata Larraungo gainean (Nafarroa eta Zuberoa artean), eta bestea, Irunen (Gipuzkoa), 2015ean sortua. Gasa biltegiratzeko azpiegitura bat ere badago, itsasoan, Bermeoko (Bizkaia) Gaviota plataforman. Horrekin batera, ziklo konbinatuko bi instalazio daude, gas naturala erabiltzen dutenak elektrizitatea sortzeko: Boroakoa (Bizkaia) eta Castejongoa (Nafarroa). Horiek sortzen dute Hego Euskal Herrian kontsumitzen den argindarraren zatirik handiena.

Fernandezek uste du azpiegitura aldetik arazorik ez dagoela, «egokiak» direla egun dauden beharrei erantzuna emateko. «Akaso, Frantziarekin konektatzeko gaitasuna handitzea ona izango litzateke, baina hori baztertuta dago Frantziako hegoaldeko gas sistemaren mugengatik eta merkatuan lan egiten duten agenteen benetako interes faltagatik».

Prezioak gora luzerako

Gas naturala energiari eta klimari buruzko eztabaidetan leku deserosoa duen erregaia da. Ikatza baino garbiagoa da, gutxi gorabehera CO2 erdia isurtzen du elektrizitatea sortzeko erabiltzen denean, baina erregai fosila da, emisioei eta klima aldaketari eragiten diena.

Dena den, analistek argi dute: klima aldaketaren aurkako borrokak gasaren eskaria bultzatuko du. Denbora batez behintzat. Hala uste du Fernandezek ere: «Epe ertain eta luzera berriztagarriak aldizka sartuko dira. Hornidura bermatzeko malgutasuna behar da. Eta hori ematen dute gaur egun zentral hidraulikoek eta gasa erabiltzen duten ziklo konbinatuko zentralek. Gas naturaletik sortutako energia elektrikoa beharrezkoa izango da, hidrogenoarekin loturikoak edota beste iturri berri batzuk garatu arte, eta berriztagarrien ehunekoa handitzen jarraitu ahal izateko. Bestalde, industria asko gasaren menpe daude, eta egun ez dago erregai hori ordezkatzeko aukera ekonomiko eta bideragarririk».

Horrek ondorio nabarmenak izango ditu industrien eta herritarren ekonomietan. Orkestrako ikertzailearen arabera, deskarbonizazio prozesua gauzatu bitartean energiaren prezioen aldakortasuna «ohikoa» izango da: elektrifikazioan aurrera egiteak, ziurrenik, gasaren prezioak igotzea ekarriko duelako, eta, ondorioz, baita elektrizitatearenak ere.

Gasa, beraz, etorkizuneko politika energetikoen erdigunean egongo da, eta Europa eta Euskal Herria leku deserosoan daude. Inportazioekiko duten mendekotasuna funtsezko faktorea izango da. Gasak datozen urteetako erabaki geopolitikoak baldintzatuko ditu. Eta herritarren poltsikoak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.