Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %3,3 bakarrik sentitzen dira askotan edo beti, eta portzentajea %6,6ra igotzen da 75 urte edo gehiagokoen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Inkestako datuen arabera. Bakardadearen arazo horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak laguntza sareak sortu nahi ditu, eta horretarako ezinbestekotzat jo dute belaunaldien arteko elkartasuna. Ildo horretan jarri dute martxan Kuvu egitasmoa, belaunaldien arteko bizikidetza sustatzeko. Egitasmoan parte hartzera deitu zuen atzo Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, atzo Bilbon egin zuen aurkezpenean.
2019an jaio zen Kuvu egitasmoa: 65 urtetik gorakoek etxeko ateak irekitzen dizkiete gazteei, aldi baterako alokairu baten truke. Belaunaldien arteko elkartasun programa horren bitartez, bakardadearen arazoari eta gazteek alokairuarekin duten arazoari konponbide bat eman nahi dio Kuvuk. «Bizitzeko beste modu bat da», Eduardo Fierro egitasmoaren sortzailearen hitzetan.
Proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu Fierrok. Adinekoek beren bizitokia partekatzearen truke, gazte errentariek beren gain hartuko dituzte etxebizitzaren hornidura gastuen zati bat eta alokairu solidario bat. Hala ere, maizterrek ez dute adinekoak zaintzeko betebeharrik. Programan parte hartzeko, gazteek 35 urte baino gutxiago izan behar dituzte, eta ez dute zertan Bizkaian, Araban edo Gipuzkoan bizi. Aldiz, maizterrek 65 urte baino gehiago izan behar dituzte, eta bizkaitarrak, arabarrak edo gipuzkoarrak izan behar dute. Erabiltzaileek hilabete bateko probaldia egin behar dute beren bizikideak ezagutzeko. Horrez gain, aholkularitza zerbitzu bat eskaintzen du Kuvuk.
Ilusioz mintzatu da Fierro, «bizitzeko eredu eraldatzaile» horrek ekarriko dituen onurez: «Bakarrik bizi diren adinekoen bizitzan aldaketa bat eragitea da proiektu horren helburua: bakardadeari aurre egitea, inklusio soziala sustatuz eta aurreiritziak atzean utziz».
Aurreko esperientziak, onak
Lau urte hauetan zehar, eta pandemia bat tarteko, Kuvuk 70 erabiltzaile izan ditu. Gaur egun, zerbitzua hamalau herritan dago.
Proiektuan parte hartutakoak dira Elisa Vasilica 23 urteko gaztea eta Luis Alfaro pentsioduna. Madrildik etorri berri, Vasilicak hiru hilabete eman zituen adineko baten etxean Bilbon, eta, aitortu duenez, programa hori «eguzki izpi» bat izan zen berarentzat, ez baitzuen aurkitzen alokairu lorgarri bat: «Proiektu honekin, bi aldeek asko ikasten dute. Ideia ikaragarri ona iruditzen zait: asko ikasteaz gain, beste norbaiti lagundu diezaiokezu». Bestetik, Alfarorentzat ere oso esperientzia positiboa izan zen. Logroñoko mutil batekin bizi izan zen: «Proiektua oso serioa da. Adinekoen eta gazteen arazoak konpontzen ditu».
Adinekoak eta gazteak elkarrekin bizitzeko
Adinekoei eta gazteei bizikide izateko aukera ematen die Kuvuk. Jaurlaritzak proiektuan parte hartzera deitu du, bakarrik bizi direnekin bizikidetza izatea sustatzeko. Hamalau herritan da martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu