Euskal Hirigune Elkargoa

Frantziako ezkerra, kopuruan eskas

Momentuko ez da aurreikusten Frantziako ezkerreko alderdietako hautetsiek talde politikoa osatzerik. Ez dute hogei hautetsi elkartzeko gaitasunik, eta desadostasun handiegiak dituzte beraien artean.

Louis Labadot Mauleko auzapez eta PCFko kidea, Etxegarai begira duela. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Teorian, Frantziako ezkerreko alderdietako kide diren edo hurbilekoak diren hautetsiek osatua izan liteke talde politikoetako bat. Baina, teorian bakarrik. Gaur egun, hipotesiara heltzeko ere lanak baititu ideiak. Joan den ekainean izan ziren Frantziako Asanblearako hauteskundeetarako NUPES koalizioa osatu zuten EELV Europa Ekologia Berdeak, LFI Frantzia Intsumisoak, PS Alderdi Sozialistak eta PCF Frantziako Alderdi Komunistak. Euskal Hirigune Elkargoan ez dugu gisa bereko ezer ikusiko. Kopuruz eskas izateaz gain desadostasun handiegiak dituzte beraien artean.

Ikusi gehiago:TALDE POLITIKOEN ALDAGAIA

«Inork ez dit dei egin», adierazi du Alain Duzert Baionako PCFko hautetsiak. Ildo beretik jo du Louis Labadot Mauleko auzapez eta PCFko kideak: «Ez nezake talde bakar batekin ere bat egin; bestela ere, ez didate eskatuko». Gainerako indar politikoak kritikatzeari ekin dio berehala: «Etxelekuk EAJko talde bat osatu nahi du; eskuineko talde bat eskuineko beste batzuen kontrakoa. EH Baik ere talde bat izanen du; ez dakit zer emanen duen, existitzeko zentro-eskuinarekin akordioak egin baitituzte», adierazi du. «Demagun EH Baik proposamenak egiten dituela gobernantzari buruz: EH Baiko lehendakariordeak posizionatu beharko dira, eta beren ardurak hartu beharko dituzte».

Bere garaian, Euskal Hirigune Elkargoaren sorreraren kontra agertu ziren komunistak, eta hala berretsi dute bi hautetsiek. Labadot: «Aldarrikapen identitario bati emandako erantzuna izan zen. Orain, hor dago, beraz den bezala hartzen dut. Nire rola betetzen entseatzen naiz, nire herriari lotutako arazoak konpontzen». Baina zehaztu du 230 hautetsiko «munstro» horretan «zaila» dela lan egitea.

Duzertek erran du, printzipioz «prest» litzatekeela talde politiko batean parte hartzeko. Proiektu politikoa zaio garrantzitsuena: herritarren beharrei erantzuteko proposamenak egitea. Elkargoa sortu denetik ez du hobekuntzarik ikusten zerbitzu publikoetan; alderantziz, «okertze» bat ere badela uste du. «Baina mintzatzeko mintzo bagara, eta elkargoaren politikak berdinean segitzen badu... erregistro ganbera bat da». Eta ez du uste talde politikoen sorrerak aldaketarik eraginen duenik. «Etxegaraik badaki maniobratzen eta manipulatzen; badaki nora doan, eta, oraingoz, ongi doakio. Eskuineko politikak eramateko talentu bat aitortzen diot».

«Mintzatzeko prest»

Etxe bila ari da Mixel Esteban EELVko Baionako hautetsia, baina oraingoz ez dio inork aterik ireki. «Duela sei hilabete EH Bairekin elkarrizketak izan genituen ezker abertzale eta ekologista artean aliantza bat proposatzeko, eta hirigune elkargoan elkarlanean aritzeko. Baina ulertu dugu hainbat kalapita badituztela: batzuk Etxegarairen alde eta besteak Etxegarairen kontra. Argiki erran digute ez dela momentua hitz egiteko, eta gero ikusiko dugula». Etxelekurengana ere jo zutela erran du.«Apolitikoak direnez, guk ez dugu lekurik. Ados, kontuan hartzen dugu».

Haren ustez, alde onak eta txarrak baditu talde politikoen sorrerak. Batetik, «demokrazia gehiago» ekarriko dutela uste du, baina, bestetik, ohartarazi du elkargoa ez dela «egitura autonomo bat». Ez dela sufragio unibertsalean hautatua, alegia. «Berdeek uste dugu elkargoa zinezko instituzio bilakatu beharko litzatekeela». Lyoneko metropoliaren adibidea eman du, departamenduaren eta eskualdearen konpetentziak bere eginen lituzkeen estatutu bereziko lurralde elkargo bat behar dela azpimarratuta.

Behin eta berriz errepikatu du EH Baik eta EELVk elkarrekin lan egin behar dutela: «EH Baik indarra badu barnealdean eta Hego Lapurdin, baina gu aitzinean gara BAB eremuan». Eta azpimarratu du Baionako hirigunean dela Ipar Euskal Herriarentzako «funtsezko geroa». Esteban: «Gaur egun Baionan aberatsen kolonizazioa agertzen da; kanpotik etorritako jendea aberatsa da. Baiona kapitala da, hor dago populazio handiena. Euskaraz dakitenak %3-4 artean dira. Nahiz eta eskoletan euskararen presentzia emendatu, euskararen geroa txikitzen ari da. Osoki lotzen dut lurraldearen geroa hizkuntzaren geroarekin. Bestela, Irlandako eredua segituko dugu. Momentu batean hitz egin behar da: utzi ideologia itxiak, eta elkarrekin lan egin».

«Mintzatzeko prest» agertu da Colette Capdevielle PSko Baionako hautetsia ere. «Ezkerreko hautetsiekin mintzatzeko ohitura dut. Biziki irekia naiz horretarako; gaur egun, ezinbestekoa da». Talde politikoen sorrerak hori bideratu dezakeela uste du, baina ez du ilusiorik egiten Frantziako ezkerreko hautetsien talde bat sortzeari buruz; badaki ez direla aski izanen. «Beti pentsatu dugu kontsentsuan oinarritu behar zela funtzionamendua, baina, funtsean, lagunen arteko hautsi-mautsiak dira. Brikolatze sistema horretatik atera behar gara, ez da gehiago posible». Taldeen osatzeak eztabaida politikoa sustatuko duela dio: «hautetsiak posizioak hartzera behartuko ditu».

Instituzio arloan ozka bat gainditzeko beharra azpimarratu du Capdeviellek ere: «Elkargoaren sorreraren alde lan egin nuen; garaian kontra zirenek ere defendatzen dute orain. Denek onartu dute Euskal Herria entitatea. Baina gaur-gaurkoz herrien bilgune bat besterik ez da». Estatus bereziko lurralde elkargo baten alde egin du PSko hautetsiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.