Hegoa Arakamak kasik mila kilometro egiten ditu aita kartzelan ikusteko; Jose Angel Aramendik, 800 pasa alaba ikusteko; eta Aiur Salegi Armendaritzek eta Esti Amenabarrok ere 800 pasa ama eta bikotekidea ikusteko. Ez dituzte ikusi asteetan, koronabirusa dela-eta Parisek eta Madrilek kartzelak itxi zituztenetik. Telefonoz baino ez dute harremana.
HEGOA ARAKAMA Iñaki Arakama euskal presoaren alaba
«Biziki momentu azkarra izan zen aitaren lehenbideo deia»
Iñaki Arakamak 23 urte daramatza preso Espainian, Dominikar Errepublikatik kanporatu zutenetik —elkarrizketa prozesu baterako ETAren ordezkaritzako kideetakobat zen—, eta azkeneko hamar urteak Sevilla II kartzelan daramatza. Eiheralarren (Nafarroa Beherea) bizi da haren alaba Hegoa Arakama (Miarritze, Lapurdi, 1982), eta espetxeraino, bisita egiteko, 990 kilometro ditu. Otsailaren 15ean egin zuen azkeneko joan-etorria. Geroztik, ezin, COVID-19aren kirisia dela-eta presondegietan ere ezarri dituzten neurriengatik. Apirilaren 4rako zeukan hurrengo bisita. Gutxienez, bideo dei batean ikusi du aita: joan den igandean. «Ia hamar bat minutu izan ziren, eta biziki momentu azkarra izan zen». Etxekoak bildu ziren deirako, eta baratzea-eta erakutsi zizkioten. «Aitak ondoko deian erran zidan zirrara eragin ziola etxea eta ingurua ikusteak».
Hegoa Arakama bisitara doanean, Etxerat-ek antolatzen duen autobusez Sevillara joaten da, eta auto bat alokatzen du, aita dagoen espetxea handik ehunen bat kilometrora baitago. Hotela eta beste, bidaiako 300 euro inguruko kostua ateratzen zaio. Seme-alabekin joaten da —14, 10 eta 8 urtekoak dituzte—. «Aitarentzat garrantzitsua da bisitak jasotzea. Lehen graduan dute, bakartua, eta ez du jarduerarik, ziegan egiten ditu jatorduak... Anitz betetzen dute bisitek, eta orain luze egiten ari zaio».
Euskal presoekiko «mendeku politika» salatu du Hegoa Arakamak, eta esan du koronabirusaren krisiak presoen senideei «ohiko angustia handitu» diela. Gainera, deitoratu du Sevilla II-ko arduradunak presoekin ez direla hartzen ari babes eta prebentzio neurriak.
ESTI AMENABARRO Lierni Armendaritz euskal presoarenbikotekidea
«Semeak beti galdetzen du ea noiz joan behar duen ama ikustera»
Preso, eta urrun, egoteaz gain, Lierni Armendaritzek gaixotasun larri bat du, eta ume bat espetxetik at. Eta, beste presoak bezala, ia bi hilabetean dago senideen eta lagunen bisitarik jasotzeke. «Espainiako Estatuan alarma egoera iragarri zutenean [martxoaren 14an], Liernik esan zidan kartzelan aipatu zietela luzerako zihoala hau, eta hartzeko lasai», adierazi du haren bikotekide Esti Amenabarrok (Villabona, Gipuzkoa, 1974). «Lierniren semeari, Aiurri, egoera zein den azaldu behar izan nion. Zazpi urte dauzka, eta jabetzen da gauzez, baina beti galdetzen du ea noiz joan behar duen berriro ama ikustera». Lamako (Galizia) espetxean dute Armendaritz, eta semeak otsailaren azken asteburuan egin zion atzeneko bisita, Amenabarrorekin joanda —mutikoaren tutoretza du—.
Bidaia bakoitza 400en bat euro kostatzen zaio Amenabarrori. Hilean behin eramaten du Aiur, eta beste batek laguntzen die. Ostiralez irten, igandez bueltatu. Etxe bat alokatzen dute. «Aiurri esaten diogu amaren oporretako etxea dela». Bospasei orduz izaten dira Armendaritzekin. Espetxe arduradunek orain astean hamabi telefono dei egiteko aukera ematen diete presoei, COVID-19aren krisiaren aurretik baino lau gehiago —zortzina minutuko iraupena dute—. «Liernik deitzen duenean ez du telefonoa askatzen Aiurrek».
Amenabarrok kezkaz bizi du koronabirusak bikotekidearidakarkion osasun arriskua, duela bi urte minbizi bat atzeman baitzioten: tiroideetakoa. Ebakuntza bat egin zioten 2018an, baina iazko azaroan berriro mantxa bat agertu zitzaion. «Proba medikoa egitea orain egokitzen zaio, baina konfinamendua dela-eta ezin dajoan Vigoko erietxera».
2001ean atxilotu zuten Armendaritz, ETAko kidetzat jota. Beti Euskal Herritik urrun izan dute preso. Amenabarrok orain, Beasaindik (Gipuzkoa) Lamarainoko joan-etorrian 1.630 kilometro dauzka. «Ikusi dut Pedro Sanchezek 'normaltasun berrira' bueltatzeko plangintza bat aurkeztu duela. Gurea buruan ote du?... Guk noiz egin ahal izango ditugu berriro bisitak? Eta normaltasuna ba al da guk senideak ikusteko ehunka eta ehunka kilometro egin behar izatea? Bada garaiaespetxe politika aldatzeko».
Armendaritzek egun hauetako dei batean bikotekideari esan dio lehen baino jende gehiagok idatzi diola konfinamenduaren garaian —«pila batek»—, eta horrek kartzelaldia «eramangarriagoa» izatea ahalbidetzen diola.
JOSE ANGEL ARAMENDI Alaitz Aramendi euskal presoaren aita
«Frantziak deietarakodiru bat eman diete,baina xahutzen dute»
Otsailaren 29an egin zion Jose Angel Aramendik (Orozko, Bizkaia, 1950) azkeneko bisita bere alaba Alaitz Aramendiri kartzelan, Roazhon-en (Bretainia). Euskal presoak martxo hasieratik ez du bisitarik jaso, COVID-19a dela eta. Haren aitak azaldu du Frantziak presoei diru bat eman diela telefono deiak egin ditzaten. «Apirilerako 40 euro jaso ditu Alaitzek. Xahutzen ditu euro horiek, eta gehiago behar du». Ez daukate dei mugarik, eta Jose Angel Aramendik astean hiru bat aldiz hitz egiten du alabarekin, 20-25na minutuz. «Indartsu eta animatuta dagoela sumatzen dut», dio, «baina koronabirusagatik badu kezka besteokiko». Itziar Moreno, Alaitz Areitio eta Saioa Sanchez euskal presoak ere badaude Roazhongo kartzelan, eta elkarrekin egoteak lagundu egiten diela adierazi du Jose Angelek, alabak kontatzen dionez.
2007an atzeman zuten Alaitz Aramendi, ETArekin lotuta, eta beti urrun eduki dute preso. Orozkotik Roazhonera 810 kilometro daude. «Hilean behin, behintzat, joaten naiz, etxeko beste batekin, eta Itziar Morenoren senideekin sarri». Denera 300en bat euro kostatzen zaie bidaia. «Gutxienik, bisitan alabarekin aurrez aurre egoteko aukera izaten dugu, eta egiten ditugu bost bat ordu».
Edouard Philippe Frantziakolehen ministroak asteon iragarri du maiatzaren 11tik aitzina hasiko direla konfinamenduko neurriak arintzen. Presoen senideek ez dakite noiz egin ahalko dituzten bisitak berriro. Telefono deiarekin konformatu behar, oraingoz. «Euskal Herriko berriak kontatzeko esaten digu Alaitzek, baina baita gauza txikiak-eta ere».
Koronabirusa
Angustia handiagoarekin
Aste bukaera honetan ere euskal presoen senideek eta lagunek ez dute haiek bisitatzeko aukerarik izango. Madrilek eta Parisek itxita dauzkate espetxeak, COVID-19a dela eta. Deien bidez baino ez dute elkarren berri. Kezkatuta dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu