Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Gure aberatsak

2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Askotan esaten da, gure gizartean hazten ari den desberdinkeria azaltzeko, pobreen eta aberatsen arteko arraila zabaldu egin dela; aberatsak gero eta aberatsagoak direla eta pobreak gero eta pobreagoak. Egia al da hori Euskadin? Nola aldatu dira aberatsen eta pobreen diru sarrerak 2008ko krisia hasi zenetik?

Baditugu datuak galdera horiei erantzuteko, 2008 eta 2018 urte bitarterako behintzat. Zer diote datu horiek? Alde batetik, esan bezala, diru-sarrerei loturiko desberdinkeria handitu egin da epe honetan Euskadin: populazio osoa bost zati berdinetan banatzen bada, bakoitza hiritarren %20rekin, errenta gehien zuen taldeak hilabetean 1.717 euroko diru sarrerak zituzten batez besteko 2008an; errenta gutxien zuen taldeak, berriz, 480 euro inguru jasotzen zituen hilero batez besteko. Aberatsen errentak 3,5 aldiz biderkatzen zuen pobreena. Hamar urte geroago, aberatsen errenta bi mila eurokoa da, eta pobreena, 491 eurokoa. Gaur egun edo, hobe esanda, orain dela bi urte, ez baitugu oraindik 2020rako daturik— aberatsen errentak 4,1 aldiz biderkatzen du pobreena. Beste herrialdeekin alderatzearren, Espainian sei aldiz biderkatzen du, eta Finlandian, 3,6 aldiz.

Zergatik gertatu da hau? Erantzuna argia da: pobreen errenta aberatsena baino gutxiago hazi delako. Epe horretan, errenta gutxien duen talde horren diru sarrerak %1 igo dira, eta errenta gehien duten taldearenak, %18. Aberatsen eta pobreen arteko arraila ez da, ordea, gehien hazi dena: askotan esaten ez bada ere, hamar urte hauetan errenta ertaina duen taldea eta pobreen arteko aldea hazi egin da, aberatsen eta talde ertainen aldea aldatu ez delarik. Hau da, pobreen eta talde ertainen arteko distantzia gero eta handiagoa da, baina aberatsen eta talde ertainen aldekoa, ez. Talde ertainen eta aberatsen diru-sarrerak beretsu hazi dira, pobreen diru-sarrerak baino 17 aldiz gehiago.

Aldaketa handiena, edozein kasutan, talde bakoitzak dituen diru-sarreren konposizioari dagokiona da eta, finean, talde bakoitzaren giza-konposizioari dagokiona. 2008an, errenta txikiena zuen taldearen diru sarreren %40 lanetik zetorren, %42 pentsioetatik eta %6 beste gizarte laguntzetatik. Gaur egun, soldaten pisua antzekoa da talde horretan, baina pentsioena txikitu egin da, eta beste diru-laguntzena, handitu. Aberatsen artean kontrako aldaketak izan dira: soldaten pisua txikitu egin da —%81tik %72ra— eta pentsioena, handitu —%11tik %20ra—. Honen arrazoiak bi dira: pentsioen mailak gora egin du, eta, batez ere, pentsiodunak gero eta gehiago dira aberatsen taldean. Aberastasunaren aurpegia aldatzen ari da, beraz, Euskadin: gero eta lotuago dago pentsioei eta gero eta gutxiago nahiz eta oraindik oso lotuta egon— lanari. Pobrezia, berriz, gero eta lotuago dago gizarte laguntzetara eta gero eta gutxiago pentsioetara.

Nola aldatuko du COVID-aren izurriteak egoera hau? Seguruenik, prozesu hauek sakondu eta indartu egingo ditu. Oraingoz, behintzat, pentsioak egonkorrak dira, eta gero eta altuagoak. Lanetik datozen errentak, berriz, gero eta aldakorragoak eta —langileen parte batentzako behintzat— gero eta urriagoak, soldatak txikitzen direlako edota lanorduak murrizten direlako. Aldaketa honen ondorioak ez dira txikiak izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.