Koronabirusa. Izortze Santin. Zientzialaria

«Erabaki funtsatua hartu behar dute gurasoek, onurak eta arriskuak ikusita»

COVID-19aren harira zientzia dibulgazioa egiten ari diren zientzialarien artean, nabarmendu beharrekoa da Santin. Haurren txertaketaz jardun du berriki Twitterren, «desinformazioaren» kontra. Oihartzuna izan du.

BERRIA.
arantxa iraola
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira Hego Euskal Herrian haurrak txertatzeko kanpainak. Auziak gurasoen artean sor ditzakeen dudak eta galderak argitze aldera, osasun krisi osoan zientzia dibulgatzeko egiten ari den ahaleginean beste urrats bat eginda, hari bat idatzi zuen lehengo astean Twitterren Izortze Santin EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Biologia irakasleak.

Zientziaren talaiatik ziurtasuna nabarmentzen duten mezuak helaraztera egiten da sarri. Guraso ere bazarela adierazi, eta «zalantzak eta beldurrak» onartuta hasi zenuen zure mezua...

Bai, zientzialariok ez ditugu ehuneko ehuneko ziurtasunak. Hartzen ditugu momentu jakin batean dauden datuak, eta horien arabera azaltzen dugu zer gertatzen ari den, zer gerta daitekeen, baina beti zalantzak ditugu. Finean, gaur ditugun datuak ez dira izango urtebete barru izango ditugunak. Kasu honetan gaixotasun berri bat da, txertoak ere berriak dira, eta logikoa da zalantzak izatea, beldurrak izatea. Eta, bai, ni zientzialaria naiz, baina ama ere banaiz, eta informazioa bilatzeko egin dudan ahalegin hau ez da izan bakarrik dibulgazioa egiteko, baizik eta nik ere datuak izan nahi ditudalako erabakitzeko.

Eta haurrentzat ondu diren txertoei begira, zer diote gaur egun eskura dauden datuek?

Nik uste dut gurasoen beldur nagusia dela txerto hauek ondorio larririk eragingo duten, eta, egun ditugun datuen arabera, txertook albo ondorioak eragiten dituzte, baina arinak dira: sukarra, nekea, buruko mina... Saiakuntza klinikoetan ikusi zen, eta AEBetan ere, bost milioi ume txertatuta, hori bera. Epe laburrera, ez dago ondorio larririk. Epe luzera? Guraso askoren kezka dira epe luzera ager daitezkeen ondorioak ere, txerto hauek oso berriak baitira, eta zer gerta daitekeen ez baitakigu. Eta egia da, ez dakigu. Ezin dugu asmatu. Baina esperientzia daukagu beste txertoetan, eta badakigu txertoek ez dutela ondorio larririk eragiten epe luzera.

RNA mezularian oinarritutako txerto hauen aurreragoko ondorioez zer dakigu?

RNA mezularia molekula oso hauskorra da, eta behin gure gorputzean sartuta, egun batzuetara, degradatu egiten da. Behin bere lana egin duenean, degradatu egiten da. Orduan, ikus ditzakegun albo ondorioak dira immunitate sistema kitzikatzen denean ikus daitezkeenak, oro har, arinak. Egia da talde jakin batzuetan bestelako albo ondorio larriagoak ikusi direla. Adibidez, hor daude miokarditisak. Baina ez da ikusi kasu bakar bat ere 11 urtetik beherako umeetan; batez ere heldu gazteetan ikusi den zerbait da. Eta kontua da miokarditisa gara daitekeela COVID-19a izan duten umeetan ere. COVID-19a izanezgero, miokarditisa izateko arriskua 36 aldiz emendatzen da. Orduan, hori balantza batean jarriz gero, badakiguna probableagoa dela ume batek miokarditisa izatea COVID-19a izan duelako, txertoa jartzeagatik baino.

Harian erreparatu zenien txertatzearekin arindu daitezkeen ondorio sozialei ere: umeei muga gutxiagorekin ibiltzeko atea ireki diezaieke txertoak. Baina, txertoarekin ere, bestelako neurriak ezingo dira baztertu, ezta?

Bai, egia da: txertoak ez dira esterilizatzaileak. Ikusi beharko da zer gertatzen den umeen artean, baina printzipioz haientzat ere txertoak ez dira esterilizatzaileak. Hala ere, pandemiaren bilakaeran eragina izango du umeen txertaketak; izango da beste lanabes bat, ez da izango edabe magikoa, baina eragina izan dezake.

Horiek guztiak aintzat hartuta, gurasoeena da erabakia...

Hala da. Oso garrantzitsua da gurasoak informatuta egotea, erabaki funtsatu bat har dezaten. Alde edo kontra, baina erabaki funtsatu bat hartu behar dute, onurak eta arriskuak zeintzuk diren ikusita. Haria egin nuenetik,txertaketaren aurkako hainbat panfleto heldu zaizkit; ez daukat denborarik denak erantzuteko, baina desinformazio handia dago. Informazio bat hartu, eta erdizka aurkezten da, testuingurutik kanpo, eta badirudi egia dela. Beraz, gurasoek informatuta egon behar dute. Eta administrazioak ere nik eman dudan informazio hori, adibidez, eman egin behar luke. Umeak txertatu behar dira? Bale, baina zergatik? Hori ondo azaldu behar da.

Gainerakoan desinformazioa areagotu daiteke, ezta?

Ikaragarria da zer desinformazio dagoen; umeen txertaketaren kasuan erdi egiak askotan hartu dituzte testuinguruan jarri gabe.

Propio aipatu zenituen arrisku faktoreak dituzten haurrak...

Txertaketa askoz garrantzitsuagoa da ume horientzat; izan ere, ume horiengan asko emendatzean da ospitalean edo ZIUetan amaitzeko arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.