KRITIKA. Antzerkia

Han-hemenka

Atzerrian lurra garratz antzezlanaren une bat. AINHOA RESANO.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun

'Atzerrian lurra garratz'



Zuzendaria: Amancay Gaztañaga. Aktoreak: Ander Lipus, Laura Penagos. Konpainiak: Artedrama eta Huts teatroa. Laguntzailea: Miren Amuriza.

Antzokietara hurbiltzen garenoi bizipenak ikuskizuna bera baino lehen hasten ohi zaizkigu askotan. Antzokiaren ingurumarietan daudenen animoa, jakin-mina eta aurreikuspenak haztatzen bideratzen ditugu pausoak. Konpainia ezagunen pieza berriek sortzen ohi duten ikusminak bustita aditzen ditugu ikusleen solasaldiak. Horrelakoetan, antzerkia emanaldi eszenikotik harago joaten den fenomeno soziala dela ondo egiaztatzen da, herenegungoan gertatu zen bezala.

Atzerrian lurra garratz tituluak primeran laburtu digu lanaren mezu nagusia. Laura Penagos artista kolonbiarra eta Ander Lipus bizkaitarra paratzen dira euren marketan elkarri begira, gero publikoarengana zuzentzen dute gorputza. Lehenbizikoak antzezpena hasteko seinalea ematen du. Aurora Mora artistak, bere lehenbiziko inaugurazioa lortuta eta instalazioa bukatzen ari dela, ahizparen deia jasotzen du ama zendu zaielako, Kolonbiara bueltatzeko eskatzen. Orduantxe hasiko dira pertsonaia horren barne borrokak: ama zurrun batekiko doluak, nahiz eta alaba zintzoa edo artista izatearen desioak animoa erdibitzen dioten. Horrela, sorterriaren eta atzerriaren bitarteko lehiek bezala, nahiaren eta obligazioaren arteko arrakalek arima kraskatzen diote.

Baina suertatzen zaizkion dikotomia horietan ez dago bestea baino hobea den aukerarik. Aurora lekuz kanpo dago, bai han eta bai hemen, senideenartean emakume konbentzionala ez izateagatik, eta, oraingo bizilekuan, migratzaile arrazializatua izateagatik. Maila eta molde ezberdinetako sufrikarioa, ezleku sentsazioa eta bakardadea antzemango du ikusleak protagonistarengan, baina baita haserrea zein aurrera egiteko gaitasuna eta indarra ere.

Atxen eszenografia ikuskizuna hasi baino lehen publikoaren begi bistan zegoen. Auroraren instalazioa da, plastiko zuri karratu handi baten gainean zabalduta, manteroek salgaiak azkar biltzeko erabiltzen duten oihalaren modukoa. Supermerkatuetako plastikozko kaxak nonahi, alde batetik bestera mugituak izateko prest, horietako hainbatek, burutxo batzuk dituztela, hezurtegi baten irudia gogora ekartzen digute, koltxoirik gabeko somier bat... Era horretan, hauskortasuna, pobrezia eta biolentzia islatzen duten objektuek, soinu diseinu eraginkorrak lagundurik, kontakizun mailan bi narrazio ildo ezberdin aletzen dizkigute arestian deskribatu dugun espazio fisikoa erabiliaz. Horrela, instalazioan bertan Laura Penagosek irudikatzen duen performancea, eta baita artefaktu artistiko horretatik kanpoko munduan egokitzen zaiona ere. Interesgarria da eszenografiak jazoera horien arteko muga lausoa iradokitzea, errealitatearen eta artearen arteko harremana etengabeko jarduera gisa planteatzen baitigu.

Antzezpen estiloekin antzeko bikoiztasuna gertatzen da. Zenbaitetan, gorputza astinduz ari dira, mugimenduak esajeratuz, ahotsak zein keinuak deformatuz. Beste zenbaitetan, aldiz, era naturalean jarduten dute. Bi aktoreek primeran betetzen dute euren papera: Penagos bi estiloetatik joan-etorrietan, eroso, pertsonaia bakarra haragitzen duela; Lipus fin-fin, eutsia, oso delikatua, Aurora pertsonaia nagusiari tokia utziz, maisuki gorpuzten dituen rol guztietan. Ikuskizunak aurrera egin ahala, disposizio ederreko hainbat eszena sortzen ditu, plastikotasun bitxia eta nabarmentzekoa, non jantziek berebiziko laguntza ematen duten, Kolonbiako emakumeen kasuan bereziki. Azken eszena hunkigarriak goi-goian uzten du emankizuna. Publikoak biziki eskertu du proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.