Argentinako gobernu peronistarekin konforme ez dagoen boto emaileak erakartzeko indarra eta ahala izan du Askatasuna Aurrera Doa alderdi ultrakontserbadoreko buru Javier Mileik, herenegun eginiko hauteskunde primarioetan lehen indarra izan ondotik. Haren agerpenak hankaz gora jarri du Argentinako jokaleku politikoa, «kasta politikoari» amaiera ematea hitzemanez. «Anarkokapitalistatzat» jotzen du bere burua, abortuaren aurka dago. eta klima aldaketa ezkerraren «iruzur» gisa hartzen du. Argentinako Banku Zentrala ixtea, dolarra herrialdeko dibisa bakarra ezartzea edota «estatuaren amaiera» dira, besteak beste, hautagai ultraeskuindarraren proposamen nagusi batzuk.
Milei ekonomialari ezezaguna zen argentinar gehienentzat presidentetzarako eginiko azken bozetan —2019an—, nahiz eta telebista saioetan bere burua saltzeko ahalegin histrionikoa egiten zuen. Agerraldi horietan, zehazki, bere tesi anarkikoak haizatzen aritzen zen, Argentina krisi ekonomiko larritik ateratzeko eta alde bateko zein besteko agintariak gobernutik kentzen saiatzeko. Funtsean, telebista erakusleiho izan da Mileirentzat, herritarrak erakartzeraino.
«Ezinezkoa da betikoekin estatua aldatzea», esan zien Mileik haren jarraitzaileei, primarioetan lortutako garaipenaren berri izan ondoren. Orain, askok faboritotzat jotzen dute Milei urrian egitekoak diren hauteskunde orokorretan.
SOSLAIA. Javier Milei
Haserrearen olatua zukutzen, abila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu