Hamar urtean %30 handitu da gastu militarra Europan

jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gastu militarra %3,6 handitu zen 2022an Europan —Errusia eta Ukraina kontuan hartu gabe—, Stockholmeko Bakerako Ikerketen Nazioarteko Institutuaren (Sipri) arabera. Eta, guztira, gobernuek 350.000 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten gerrara. 1980ko hamarkadaren amaierara egin behar da atzera antzeko kopuruak ikusteko.

Urte askotan aurrekontu militarra murrizten aritu ostean, duela hamar urte hasi ziren diru gehiago jartzen; hain justu, Errusiak Ukrainako Krimea penintsula anexionatu eta Donbas eskualdean borrokak hasi ondoren. Ordutik, Europako Batasuneko gastu militarra %30 handitu da. Hazkunderik handiena Errusiatik hurbilen dauden herrialdeetan izan da: Lituanian (%353, hamar urtean), Letonian (%186), Hungarian (%148), Errumanian (%124) eta Eslovakian (%109).

Europako herrialde guztiek handitu zuten defentsarako aurrekontua iaz, Bosniak eta Austriak izan ezik. Baina gehien egin duena, eta alde handiarekin gainera, Ukraina izan da. 2021ean baino %640 gehiago handitu zuen. AEBen eta EBren diru laguntzei esker, Kieven gastu militarra bere BPGaren %33,5era iritsi da. Indize hori erabiltzen denetik, Kuwaitek soilik gainditu du kopuru hori, 1990ean eta 1991n, Golkoko gerran.

Bestalde, Moskuk bere gastu militarra %9,1 handitu zuen iaz, Siprik eskuratu dituen datu ofizialen arabera, eta BPGaren %4,1ra iritsi da. Washingtonek, berriz, %0,7, BPGaren %3,47raino. Europako Batasuna lehen aldiz azaltzen da Sipriren neurketan, 1.283 milioi euroko gastuarekin —Bulgaria edo Kroazia bezainbeste —. Horri esker, estatu kideek armamentua erosi dute elkarrekin, EBren historian lehen aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.