Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. OSKAR MATXIN / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Udalerri bihurtzeko azken uneetan da Usansolo (Bizkaia), eta herri mosaikoa egin zuten atzo eguerdian desanexioaren alde, Unkina plazan. Aterki zuri eta berdeekin egin zuten mosaikoa, eta Usansolo udalerria zioen esaldia osatu zuten. Horren aurretik, 11:00etatik aurrera, desanexioaren prozesuari buruzko erakusketa egin zuten. Urriaren 15ean jai giroko manifestazio bat egingo dute, 12:00etan Unkina plazatik abiatuta, eta horren ostean indaba jana eta erromeria izango dituzte.

Usansoloko bizilagunek 40 urteko ibilbidea egin dute udalerri bilakatzeko. Urte horietan behin baino gehiagotan egin dituzte herri galdeketak, baina ez dute udalerri bihurtzea lortu, orain arte. Bizkaiko Foru Aldundiak desanexioaren proposamen-akordioa aldeko txosten batekin eraman zuen Bizkaiko Batzar Nagusietara, eta UH Usansolo Herria plataformaren arabera, ez dirudi udalerria sortzearen aurka bozkatuko duen alderdi politikorik dagoenik. Batzar Nagusietako hurrengo bilkuran bozkatuko dute desanexioa onartzen duten ala ez, baina oraindik ez dute jarri bilkura egiteko datarik.

Hala ere, Batzar Nagusietan ordezkapena duten alderdi politiko guztiekin bilduko da plataforma; EH Bildurekin eta Podemosekin elkartu dira jada, eta EAJ, PSE-EE eta PPrekin datozen egunetan izango dira.

Plataformaren arabera, prozesuak iraun duen 40 urteetan borondate «politikorik eza» eta oztopoak nagusitu dira, baina orain ospatzeko garaian daude. Herritarrak «ilusioz, hunkituta eta sinetsi ezinik» daudela esan zuen Monika Mena desanexioaren aldeko plataformako kideak. Datozen asteetan hainbat ekitaldi egingo dituzte, eta Batzar Nagusietako bilkuraren data jakitean Gernika-Lumora (Bizkaia) joateko autobusak antolatuko dituzte.

Herritarren %82, alde

Desanexioari buruzko hainbat herri galdeketa egin dituzte azken urteetan, aurtengo martxoan azkena. %63,12koa izan zen parte hartzea, eta %81,54k bozkatu zuten udalerri izatearen alde. Espainiako legearen arabera, gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituzte udalerri bihurtu nahi duten auzoek, baina Bizkaiko foru arauak dio auzoak 2.500 biztanletik gorakoa izan behar duela. Egun 4.635 pertsona daude Usansolon erroldatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.