Ingurumen teknikari batek deklaratu du, erraustegian «prebarikazioa» egotzita

Zubietan ustez izandako ez-betetzeen aurrean «ez ikusiarena» egitea egotzi diote Eusko Jaurlaritzako Ingurumen baimenen arduradunari

Zubietako erraustegia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
inaki petxarroman
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Fiskaltzaren salaketa batean oinarrituta ikertzen ari dira Hipolito Bilbao Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuko Zerbitzuko arduraduna, Zubietako erraustegiak ustez eragindako kutsadurari buruzko auzi batean. Funtzionario hori arduratzen da kutsatzeko ahalmen handia duten instalazioen ingurumen baimen bateratuak (IBB) emateaz eta kontrolatzeaz. Hala nola Zaldibarko zabortegian, Petronorreko findegian eta Gipuzkoako eta Bizkaiko hondakin erraustegietan egiten du lan hori. Prebarikazioa egotzi diote, eta eskatu dute ikertzeko ea ez ikusiarena egin zuen erraustegiko ez-betetze larri batzuen harira. Halaber, argitzea nahi dute ea horiek zerikusia izan duten erraustegiaren inguruko lur eta uretan agertutako kutsadurarekin.

Herri akusazioaren, hots, GuraSOSen galderei erantzun zien atzo goizean funtzionarioak, eta instrukzio epailearenei ere bai. GuraSOSek bidalitako oharraren arabera, ikertutako gizona saiatu zen azaltzen egindako guztia bat datorrela legearekin. Herri akusazioko talde horren arabera, baina, «ez du susmoa uxatu», eta hori dela eta, epaileari eskatu zion —duela urtebete fiskaltzak egin bezala— abiatu dezala polizia ikerketa bat gai horri buruz. Halaber, ontzat jo du ikerketa abiatu izana, baina, salatu zuenez, «urtebeteko atzerapen hori bateraezina da ingurumen defentsa eraginkor batekin».

Zubietako erraustegian instalatu zuten baimendu gabeko purga sistema bat da salaketaren oinarri, zeina gasak arazteko hobian izaten ari ziren kondentsazio arazoei aurre egiteko erabiltzen baitzen. BERRIAk eman zuen horren berri, 2022ko irailean, lantegian lanean aritutako behargin batek emandako dokumentazioan oinarrituta; besteak beste, purga hori erakusten zuten argazkietan.

Salaketa horietan oinarrituta, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak agerraldi bat egin zuen Eusko Legebiltzarreko ingurumen batzordean, eta argazki bat erakutsi zuen, baina ez salaketa horri dagokion tokikoa. GuraSOSek jakinarazi duenez, atzo ikertuak aitortu zuen Tapiak erakutsitakoa eta ikerketaren oinarrian dagoena bi tutu ezberdin direla. Onartu du salaketaren abiapuntu izan den tutu hori badela, baina ziurtatu du legezkoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.