Energia komunitateak eratuko dituzte 21 herritan Europako funtsekin

Jose Ignazio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak «mugarritzat» jo du, berriztagarrien aroan sartzeko eta trantsizio energetikoa lantzeko

Agerraldia egin zuen Asensiok atzo, zenbait alkaterekin. BERRIA.
Erredakzioa
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoako 5.000 biztanletik beherako 21 udalerritan energia berriztagarrien bidezko komunitate energetikoak garatuko dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailburu Jose Ignazio Asensiok esan du Europako Next Generation funtsetara aurkeztutako proiektuei esker lortu dela proiektuok aurreratzea. «Gipuzkoako hogeita bat udalerri energia berriztagarrien aroan sartu ahalko dira, eta trantsizio energetikoa landu. Mugarri handia da Gipuzkoarentzat», esan du Asensiok.

Eguzki energiako 47 instalazio jarriko dira, eta 1.200.000 Kwh energia berriztagarri sortuko dituzte, 2.000 etxe baino gehiagoren beharrei erantzuteko. Guztira 3,4 milioi euro inbertituko dira, eta horietatik milioi bat pasatxo Europatik etorriko da; gainerako 2,4 milioiak Ingurumen Departamentuak finantzatuko ditu.

Asensiok esan duenez, trantsizio energetikorako bidean beste urrats bat izango da: «Gipuzkoaren etorkizuna eta ongizatea oparoa izango badira, gai izan behar dugu energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa handitzeko, horretarako autokontsumoa sustatu eta aurrezkia bultzatuta».

Asensiok azpimarratu duenez,autokontsumoak aukera ematen du «merkatuan nagusi direnen baldintzen mende ez egoteko», eta administrazioei bideak eskaintzen dizkio zaurgarritasunari aurre egiteko eta pobrezia energetikoaren aurkako programak ezartzeko.

Lizitazioak uztailean

Uztailean sinatuko dira prozesua abian jartzeko administrazioen arteko hitzarmenak, eta orduan argitaratuko da obren lizitazioa eta tokiko energia komunitateak eratzeari buruzko iragarkia ere. Espero da urrian hastea eguzki panelak jartzeko obrak eta komunitateak eratzeko prozesuak. Aurreikuspenen arabera, 2023ko uztailean jarriko dira martxan energia komunitateak udalerrietan. 21 herri hauek hartuko dute parte programan: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Alegia, Alkiza, Altzaga, Amezketa, Arama, Asteasu, Baliarrain, Beizama, Berastegi, Elduain, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu, Lizartza, Olaberria, Orendain, Ormaiztegi eta Zizurkil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.