Txillardegi omenduko dute Donostian, hil zeneko 10. urteurrenean

Mahai inguruak, liburu aurkezpenak eta omenaldiak egingo dituzte urtarrilean. Txillardegiren aitortza publikoa lortu nahi dute

Txillardegiri Donostian egindako omenaldia, iazko urtarrilean. J.C. RUIZ / FOKU.
Julen Aperribai.
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 14an hamar urte beteko dira Jose Luis Alvarez Txillardegi hizkuntzalari, idazle eta politikaria hil zenetik, eta haren omenezko hainbat ekitaldi egingo dituzte Donostian, urteurren horren karietara. Txillardegiren ekarpena goratzeaz gain, aitortza publikoa eskatuko dute harentzat, eta Txillardegi Udal Liburutegia herri plataformak ekitaldiak baliatuko ditu Donostiako Udal Liburutegiari haren izena jartzeko eskaera indartzeko.

Lau egunetan banatu dituzte ekitaldiok. Urtarrilaren 11n, Txillardegik hizkuntza politikaren inguruan egindako gogoetez arituko dira Alaitz Aizpuru Jakineko kidea eta Iñigo Urrutia EHUko irakaslea, TM eLab Euskal Herrigintza laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak antolatuta. Leku horretan bertan, urtarrilaren 13an, Kronika liburua aurkeztuko dute, Txillardegik bere garaian Argia aldizkarian egindako kroniketan oinarritutakoa. Koldo Izagirre eta Juan Luis Zabala idazleak, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria eta Gorka Bereziartua Argia-ko kazetaria ariko dira hizlari.

Ez da urteurrenaren bueltan aurkeztuko den liburu bakarra izango: urtarrilaren 18an, Jakin-ek plazaratutako Txillardegi: Euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea liburuen aurkezpena izango da; hori ere, San Telmo museoan.

Horrez gain, Txillardegi omenduko dute urtarrilaren 15ean, Antigua auzoan, ohi dutenez, haren horma irudia dagoen Gaskoinia plazan. Halaber, datorren urteko udaberrian Txillardegiri buruzko erakusketa bat antolatuko dute Bergarako Olaso dorrean (Gipuzkoa), Telesforo Monzon Laborategiaren egoitzan. Euskal Herrian Euskaraz-ek Txillardegiren inguruko «mintegi berezi bat» antolatuko duela aurreratu dute.

Elkarteak azaldu duenez, iaz dei egin zieten eragile, idazle eta kulturgileei, «2022ko 10. urteurrenean helburu hori lortzeko beren ekimenak martxan jar zitzatela eskatuz». Azaldu dute eskaera horrek «emaitza» izan duela, eta txalotu «ehunka idazlek, kulturgilek eta unibertsitateko irakaslek beren egitasmoa abian» jarri izana. Izan ere, idazle talde batek agerraldia egin zuen azaroan, eta liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko eskaera berritu. Ekinbide horiekin, egitasmoko kideek oihartzuna eman nahi diote Txillardegiren aitortza publikoaren aldeko babesari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.