ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Errurik gabeko habia

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Joan den igandean, entzule baten mezua irakurri zuten Osasun Etxea irratsaioan (Euskadi Irratia). Zioenez, amak eta izeba batek positibo eman zuten. Izeba hil egin da, eta ama errudun sentitzen da, zerbait gaizki egin duelakoan, nahiz eta arau guztiak zorrotz betetzen ahalegindu den. Entzulea haserre zegoen agintariekin, ematen dituzten mezuetan herritarrengan jartzen baitute kutsatzeen erantzukizun guztia.

Felix Zubia Olaskoaga Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak ohi bezain argi eta zintzo erantzun zuen: «Pandemia edo izurrite batean, ardura kolektiboa da, beti; bakoitzari dagokion mailan, baina ez pertsonala. Birusa ustekabean kutsatzen da, sintomarik gabeko pertsona askok zabaltzen dute, eta ez da pertsona batek egin duen akats baten ondorio. Denok gure bizimoduarekin zabaltzeko arrisku handia dugu. Oso zaila da arrisku hori murriztea behin puntu batera iristen denean; eta, beraz, ez dezala errurik sentitu, ez du pertsonalki ezer gaizki egin. Hau gizarte oso baten arazoa da, gizarte oso baten ardura».

Gizateriak lehen ere bizi izan ditu halako fenomenoak. Hiesarekin gertatu zen, eta ohikoa da gerretan, hondamendietan eta atentatuetan, adibidez. Bizirik dirauenaren errua deitzen diote psikologoek, eta, COVID-19aren lehen olatuan, nabarmena izan zen, besteak beste, osasun-langileen artean.

Hain zuzen, COVID-19aren eraginez sortutako erruduntasunak eta lotsak izandako eragina aztertu dute Frontiers in Psicology aldizkari espezializatuak argitaratutako lan batean. Egileek ohartarazi dutenez, emozio horiek ez badira onartzen eta gainditzen, kalte psikologiko larria sor dezakete, bai norbanakoengan bai gizartean.

Haien esanean, bestea kutsatu izanaren errua nabarmena izan ohi da zaintzaileetan, senideetan, eta lankideen artean, haietakoren bat infektatu bada, eta, bereziki, hil egin bada («nire erruz hil da»). Infektatua norbera denean ere senti daiteke («ez ditut neurriak behar bezain ondo bete»), eta, batzuetan, areagotu egiten da isolamenduak dakarren bakardadearen eraginez. Gainera, komunikabideek eta sare sozialek zabaldutako mezuak ere kaltegarriak izan ohi direla frogatu dute.

Osasun-langileetan, aurrekoez gain, pazienteei behar adinako arreta eman ez izanaren errua agertzen da. Ospitalean nor artatu edo zaintza berezietara nor bideratu hautatzeko ardura izan dutenetan, batzuk kanpoan utzi beharrak sortutako errua ere jaso dute ikertzaileek.

Errua ez ezik, lotsa ere aztertu dute ikerketa berean, eta estigmarekin erlazionatu dute. Erruak bezala, kalte psikologiko larria eragin dezake. Horrenbestez, nahitaezkoa iruditzen zaie bai errua bai lotsa onartzeko eta gainditzeko terapiak bideratzea, arreta berezia jarrita talde kalteberetan, hala nola osasun-langileengan.

Baina erruaren eta lotsaren zama, banakoetan ez ezik, gizartean ere nabaritzen da. Horregatik, irtenbidea ere ezin daiteke norbanakoetara mugatu. Komunitatean aurre hartu behar zaio, erruduntasuna eta estigma eragiten duten mekanismoak identifikatuz eta eragotziz. Azken finean, agintariek eta komunikabide handiek bideratutako mezuek adinako eragina izan dezakete ahoz aho eta sare sozialen bidez hedatutakoek, ingurune hurbilean zein zabalean.

Denok zabal ditzakegu gezurrak, sasi-egiak eta zurrumurruak. Eta denok isilaraz ditzakegu. Birusaren hedapenean bezala, horretan ere denok dugu ardura, bakoitzak dagokion neurrian.

Eskertza: Mila esker Harkaitz Canori eta Pettiri, zutabeari izenburua jartzeko Manipulazio estrategiak diskoaren abestietako baten izena erabiltzen uzteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.