Koronabirusa. Zahar etxeak

«Langile asko badoaz: ezin dute jasan zama emozionala»

Itziar Ferron. Salatu du Arabako egoitza ugaritan ez direla protokoloak bete, ez dela langile gehiago kontratatu eta arreta eskasa dela: «Adinekoek pagatuko dute egoera hau».

Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Gurean ez da inor kutsatu, eta eskerrak, ez baitzen segurtasun neurririk hartu alarma egoera ezarri eta 39 egun igaro arte». Itziar Ferronek dio «zorte handia» izan dutela, baina ez dago lasai. Billodako (Iruña Oka, Araba) zahar etxeetako bateko langilea da, eta, gaixorik izan ez arren, koronabirusaren inpaktua nabarmena izan da han ere. Batik bat adinekoengan nabaritzen ari dira: «Haiek pagatuko dute egoera hau. Logeletan bakartuta daude, eta guk ez dugu denborarik haiekin egoteko: goizean altxatu, garbitu, gosaria eman, eta ez gara itzultzen eguerdira arte; eta haiek bakarrik, edozein gaitz dutela. Oso gaizki pasatzen ari dira, eta krisi honetan inork ez du neurririk hartu ez daitezen bakarrik egon. Ikusten ari gara batzuk depresioak jota daudela, beste batzuei andeatzea azkartu zaiela... Latza da».

ELA sindikatuan lan arriskuen prebentziorako ordezkaria da Ferron. Salatu du zahar etxeetako langileen egoera «larria» dela, babes ekipamendu homologaturik gabe ari baitira oraindik: «Ez dauzkagu, eta ez ditugu edukiko; enpresek ez dute gastu hori egin nahi. Ekipamendu egokituak erabiltzen ari gara, eta batzuetan materialak agortzen dira, edo ez daude desinfektatuta... Inprobisatzen aritu gara, ahal genuen materiala lortzen, erabilera bakarreko maskarak astebetez erabiltzen...». Segurtasunerako tresna horiek nola erabili ere ez dakite langile askok: «Informazioak eta trebakuntzak huts egin du, eta langileak ari gara larrua jokatzen».

Ezin iritsita

Erantsi du egoitza askotan ez dela betetzen osasun larrialdiari aurre egiteko protokoloa: «Arauak dio egoiliarrak birusarekin izandako harremanaren arabera antolatu behar direla, langileak ezin garela gune batetik bestera mugitu, eta lantaldeak indartu behar direla, besteak beste, gehiago garbitu behar delako. Baina ez da kontratazio berririk egin, ezta bajak estaltzeko ere». Ondorioz, ezin iritsita ibili dira: «Batzuetan, pertsona bakarra geratzen da hamabi erabiltzailerentzat; bati laguntzen diozun bitartean beste bat erortzen bazaizu, zer? Ez dugu langile nahikorik; esaten digute ratioak betetzen direla, baina berez txikiak dira, eta orain alarma egoeran gaude. Egun hauetan psikologoa, fisioterapeuta edota mantentze-zerbitzukoa aritu dira egoiliarrei jaten ematen; eta horiek ez dute osasun trebakuntzarik, ez dakite identifikatzen jatean gerta daitezkeen osasun arazoak».

Halako gainezkaldiak, dena den, ez dira berriak langileentzat: «Gure egunerokoa da, baina areagotuta. Kontatzen dugunean ohartzen gara eskuak burura eramateko modukoa dela, baina guk ia normalizatuta daukagula, urte asko daramagulako honela». Sektorearen prekaritateak eragina du langileen bizimoduan ere: «Lehertuta gaude, oso gazteak izan arren, bizkarreko minerako pilulak hartzen. Eta guk oso gustuko dugu gure lana: ederra da, adinekoek jakinduriaz betetzen gaituzte; baina lan baldintzak tamalgarriak dira. Askok alde egiten dute ezin dutelako zama emozional hau jasan, ezin dutelako onartu tratu hau ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.