Energiaren garestitzea. Gasolioa

Upeletik dieselera, Muskizen

Irune Lasa.
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Petrolio guztiak ez dira berdinak; arinak eta astunak daude, sufre gehiago edo gutxiagokoak, eta, jakina, upelak prezio desberdina izaten du, ezaugarri horien arabera errazagoa edo zailagoa delako halako eta bestelako destilakinak erauztea. Esan gabe doa, ekoizpen prozesuak gorabehera, garaiotan ez dela gauza bera Brent petrolioa, West Texas edo Ural petrolioarekin lan egitea.

Manu Nuñez Petronor Innovacioneko buruaren arabera, oraintxe bertan Euskal Herriko findegi bakarra ez da Ural petroliorik prozesatzen ari .«Eta krisiaren aurretik ere Ural gutxi hartzen genuen; beti zegoen zaintzako saskian, baina, gero, prezioa eta halako kontuak aintzat hartu eta aztertu egin behar zen merezi zuen ekartzea edo ez».

Petronorren

Izan ere, upelaren prezioarekin beste zenbait findegi baino malguagoa da Petronor: 2011. urtean egindako eraberritze lanen ondorioz, Muskizko findegia gai delako petrolio astunagoetatik diesel gehiago ateratzeko.

Nuñezek azaldu du petroliotik diesela ateratzeko prozedura: «Petrolioa osagai anitzeko nahasketa bat da, gero butano, propano, nafta, keroseno, diesel eta gasolina izango diren molekulekin, eta gainerakoa fuel olioa da. Horiek bereizten ditugu, petrolioa 350 gradura berotu (gas naturalarekin) eta destilazio bidez. Eta gai gara itsas garraiorako litzatekeen fuel oil hori ere diesel edo gasolina bihurtzeko ere».

Lehen bereizketako emaitzak, dena den, oraindik ez ditu ezaugarri egokiak. Sufrea eta zetanoa murriztu behar zaizkio, errekuntza motorretarako ezaugarri egokiak izan ditzan. Eta hemen erabiltzen da berriz ere gasa. «Gai guztiekin egiten dugu, eta dieselarekin ere bai. Desulfurazio unitate batera eramaten dugu, hor hidrogenoarekin sufrea kentzeko».

«Gas naturala ur lurrunarekin nahasten dugu, eta katalizatzaile batetik pasatu. Hidrogenoa eta CO2 ateratzen dira orduan: hidrogenoa erregaiaren sufrea gutxitzeko erabiliko dugu; CO2-aren zati bat atmosferara isurtzen dugu, eta beste zati bat saldu egiten dugu, erabilera industrialeko gasetarako eta elikagai industriarako —adibidez, edari karbonikoetarako—». Sufrea ere gero azido sulfurikoa egiteko erabil daiteke, ongarrietarako, edo industria kimikorako.

Ikusi gehiago: Diesela, urri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.