Koronabirusa

Bizkaiko Aldundiak %60ko kenkaria onartu du 2019ko sozietate zergan

Galerak edo irabazien murrizketa handiak dituzten enpresek eskatu ahal izango dute onura

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Aldundiko Ogasun diputatua, zerga iruzurraren aurkako 2020ko planaren aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
COVID-19aren krisiarengatikgalerak edo irabazien jaitsiera handiak izan dituzten Bizkaiko enpresek %60rainoko kenkaria eskatu ahal izango dute 2019ko sozietateen zergaren ordainketan. Zerga hori uztailean ordaintzen da —aurten salbuespen neurri gisa irailera atzeratu bazuten ere—, eta krisiarengatik euren salmentetan beherakada izan dutela froga dezaketen enpresek baliatu ahal izango dute zergen murrizketa. Onura horrekin aurrezturiko diruak, baina, helburu jakin batzuk izan behar ditu: besteak beste, 2020ko balizko galerak estaltzea, berrikuntzan inbertitzea eta lanpostuak sortzea.

Sozietate zerga ordaintzean, irabaziak dituzten enpresek aurreko urteetako galerak konpentsatzeko aukera dute. Orain arte, baina, ezin zen aukera hori erabili etorkizuneko galerei aurre egiteko, eta horrek bihurtzen du salbuespenezko Bizkaiko Aldundiak atzo onarturiko foru dekretua. «Ekonomiaren berpizkundea» erraztea da 04/2020 foru dekretuaren helburua, eta arau horretan zehaztu ditu zeintzuk diren onura horiek jasotzeko baldintzak. Sozietateen zerga ordaintzen duten enpresa guztiek eskatu ahal izango dute, ondare elkarteek eta multzo fiskalek izan ezik.

Onuradunek baldintza hauetako bat bete beharko dute: 2019ko ekitaldian ustiapen ekonomiko bat egin izana; zerga baterakuntzaren erregimenean ez ordaintzea zergak; edota COVID-19aren ondorioz jarduna nabarmen murriztuta edukitzea.

Zer irizpideren arabera zehaztuko da jardueraren murrizketa? Bi dira: 2020. urteko lehen sei hilabeteetako fakturazioa iaz epe berean lorturikoa baino %25 txikiagoa izatea; edota 2019ko ekitaldian kontabilitate emaitza positiboa izan eta 2020. urteko lehen seihilekoan lortutako irabazia iazko lehen seihilekoan lortutakoaren erdia edo txikiagoa izatea. Irabaziekin ere eskatu ahal izango direnez, onura horiek jasotzen dituzten enpresek ezingo dute etekinik edo erreserbarik banatu 2020ko eta 2021eko ekitaldietan.

Ezohiko kenkariarekin aurrezturiko dirua, baina, ezingo da nahierara erabili, eta helburu hauetako bat izan beharko du: 2020ko ekitaldian izandako galerak konpentsatzea; ohiko ez diren aktibo berrietan inbertitzea; ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuak egitea; beste zergadun batzuen ikerketa edo berrikuntza proiektuak finantzatzea; enplegua sortzea; edota enpresa txiki edo ertainen akzioetan edo partaidetzetan inbertitzea.

Horiez gain, eragin txikiagoko beste neurri batzuk onartu zituzten dekretu berean. Adibidez, langileak kontratatzeagatik lortu daitekeen kenkariaren muga 5.000 eurotik 7,500era igotzea, edota negozio batean lanabes digitalaksartzeko eginiko inbertsioari %10eko kenkaria aplikatzea. Azkenik, eta berritze lanak sustatzeko, ohiko etxebizitzan obraren bat kontratatzen duenak kostu osoaren %10 kenkari moduan aurkeztu ahal izango du errenta aitorpenean.

Etxebizitzak eta BGAEak

Gipuzkoako eta Arabako aldundiek ere krisiari aurre egiteko neurri fiskal batzuk aurkeztu zituzten atzo. Gipuzkoan, esaterako, eta sozietateen zergarekin jarraituz, enpresek epe luzeagoa izango dute kenkariak baliatuz inbertsioak egiteko. Eider Mendoza bozeramaileak grafikoki azaldu zuen. «Enpresa batek pabiloi bat saltzen badu beste bat erosteko, urtebete gehiago izango du zerga salbuespena lortzeko». Enpresentzako neurriez gain, PFEZean eragina duten neurriak aurkeztu zituzten, etxebizitza erostearekin loturikoak.

Arabako aldundiak ere etxebizitza erosteko asmoz kenkariak pilatu dituztenenen epeak luzatu ditu, baina neurri deigarriena pentsio planetako edo BGAEen dirua erreskatatzen duten hiritarren tratamendu fiskala izango da. Ez ditu erreskate horiek zergapetuko baldin eta langile autonomoek edota enplegu erregulazioan daudenek egiten badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.