Emazte laborariak lehen lerrora

Giro «onez» zabaldu zituen ateak Miarritzeko Irati azokak atzo, Lurramaren hemezortzigarren edizioarentzat. Laborantza herrikoia eta iraunkorra sustatzeaz gain, aurten, emazte laborarien lanean jarri nahi izan dute arreta. Bihar amaituko dute aurtengo aldia, liburu aurkezpen batekin.

Zenbait haur tailer batean parte hartzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Julene Muruaga Hiriart
Miarritze
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
G oiz euritsu batekin abiatu zen atzo Lurramaren 18. aldia, eta bihar arte iraunen du. Iaz, Bizi den mendiaren alde hartu zuen lelotzat Lurramaren antolatzaile EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberak. Aurtengoan, berriz, laborantzan ari diren emazteak dira gertakariaren protagonistak.

Azokako atea zeharkatu eta segituan, Emazte laborariak argitan tematikan sartuak dira bisitariak, hainbat data afixatu baitituzte antolatzaileek, emazte laborarien buruzko eskubideen bilakaera aurkezteko: «1920: Emazteak sindikatuetako kide izan daitezke senarren baimenik gabe», edo «2008: Laborarien ama oporraldia beste langileena bezalakoa bilakatzen da». Pareko murruan, Andere Nahia elkarteko proiektu bat: Euskal Herriko hamar bat emazte laborariren potretak, azken horiek omentzeko.

Lehen estaian, laguntzaileak agerian dira, lepo inguruan jantziak dituzten zapi xuri eta urdinei esker. Talo gunean da Oihana —ez du abizenik erran nahi izan—, Baionakoa, ostatuan azken prestakuntzak egiten. Bere lehen aldirako laguntzaile gisarentzat berantetsia da. «Giro onez hasi da aurtengo Lurrama, eta dena prest dugu asteburu on bat pasa dezagun!», poztu da.

Ikusi gehiago:Morgan Ody: «Desafioei buru egiteko, laborantzak du kanore»

Aurten, 22 eskola espero ziren haurren egunarentzat. Eguna hasteko, haurrek etxaldeen lanei lotutako hainbat aktibitatetan parte hartzeko parada izan dute; irria ahoan, ahuntzak deizteko, kasurako. Ondotik, erlauntzaren funtzionamenduaren berri izan dute, eta Itsasutik (Lapurdi) etorritako artzain xakur bat ikusi.

Horren inguruan, ehunka haur liluratuak daude kabalak begiratzen. Euskal Herriko hainbat lekutik etorritako abereak dira ikusgai: besteak beste, ardiak, ahuntzak, zerriak, zaldiak, mandoak... «Biziki irringarria da xerri hori!», edo «zer moñoñoa den ardia!» eta gisako esaldiak entzungai dira haurren ahoetatik.

Kabaletatik ez urrun, merkatuan, ekoizle bisitariekin solastatzeko aukera izan dute, haien bertako eta biologikoak diren produktuak aurkeztu eta saltzeko, izan kosmetika, eztia, gasna, zapatak, fruitu jusak, haragia...

Ilunpeko emazteak

Azokan, hainbat lelo zintzilikatuak dira, gehienak emazte laborariei buruzkoak: «Amalurraren alabak geroa ereiten» eta gisakoak. Aurtengo parte hartzaileetariko bat Bernadette Oillarburu da, Irisarrikoa (Nafarroa Beherea). Txikidanik laborantza munduan murgildua da, bere buraso laborariei esker. Euskal Herriko laborantza munduan leku garrantzitsua du, Euskal Herriko Laborarien Batasunaren sortzaileetariko bat baita. Iparraldeko hiru laborantza lizeotan klaseak eman zituen, senarrarekin ezkondu arte eta Jutsin (Nafarroa Beherea) zuten etxaldean planteatu arte.

Senarrarekin batera, etxaldean lan egiten zuen Oillarburuk, baina bere baitatik ere lan egin zuen, eta, emazte gisa, emazte laborariaren egoeraren bilakaeraren lekuko zuzena izan da. Bere garaitik gaur arte, aldaketak positiboki nabarmendu ditu: «Zoriontzen naiz; orain, emazte laborari batek proiektu bat baldin badu, bere baitatik egin dezake. Nire garaian ez zen hala». Egoera bide onean dela iruditzen zaio, ezagutza hedatuz baitoa eta hainbat eskubide lortu baitituzte; adibidez, haurdunaldi oporrei begira.

Oillarburuk Mikele Berhokoirigoin izan zuen lagun elkartea sortzeko. Berhokoirigoin, berriz, 1978an hasi zen laborantzan lan egiten. Hark ere aldaketak ikusi ditu emazteen eskubideei begira. «1970eko hamarkadan ziren arrangurak hobetzen dira egun, baina oraindik hor dira», nabarmendu du Berhorokoirigoinek. Hainbat arazo ikusten ditu gaur egun, ordezkatzeari dagokionez bereziki: hamasei asteko haurdunaldi oporrak lortu zituzten 2008an, baina usu ordezkaririk ez bada etxaldeaz okupatzeko. «Borroka bat hasten dugularik, ez da pentsatu amorru eman behar; zaila da borraka irabaztea!».

Lurramako afixa anitz maite duela gehitu du: bertan, hogei bat emazte laborari ageri dira. Pozten da emazte laborari gazte anitz ikusten direlako, horiei omenaldi bat egitea garrantzitsua baita, baina uste du borroka aspaldiko emazteek hasi zutela ez dela ahantzi behar, haiei esker gaurko emazteek erreleboa hartu baitute: «Txalo gaur egungo emazte gazteei, eta milesker gure aitzinekoei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.