Haur-eskolen irekieran telelanerako aukerarik ez duten gurasoek izan dute lehentasuna. Pentsatu beharko dugu, hortaz, telelana eta umeen zaintza bateragarri direla. Baina hala al da? Angeles Duran soziologoak COVID-19aren ondoriozko etxealdi hasieran argi adierazi zuen: telelana ez da benetan kontziliazioa, lasaitasun txiki bat da.
Eta hemen aurtengo udaberriak oso agerian utzi duen ebidentzia bat, eskolaren funtzioen artean zaintzari dagokiona ez da munta txikikoa. Uste dut proportzioan zaintza funtzio hori oso gutxi aldarrikatu izan dela hezkuntzako profesionalen aldetik, are gehiago, haur txikienekin dauden profesionalek indar handia egin izan dute euren lana zaintzaz haragoko lana ere badela erakusteko. Eta ez da harritzekoa, ezin dugu ahaztu haur-eskoletako hezitzaileen lan baldintzak, oro har, goragoko etapetako lankideenak baino eskasagoak direla.
Horretan guztian badu zerikusirik gizartean zaintza lanei eman izan zaien lekuak eta ikusgarritasunak. Feminismotik aspaldi azaldu zitzaigun merkatu logikek bizitza sostengatu ahal izateko ezinbestekoak diren hainbat eta hainbat lan ikusezin bihurtu dituztela. Zaintza lanak gehienetan dohainik egin izan diren lanak izanik, ordaintzen diren kasuetan ere bigarren mailako lanen soldatak izan ohi dituzte.
Lana, familia eta norberaren bizitza uztartzeari buruz Eustatek egindako inkestako emaitzek erakutsi dute lan jarduna eta umeen zaintza bateratzea badela bere horretan erronka handia gure gizartean. Eskolek ateak itxi dituzten udaberri berezi honetan zaintzaren ikusezintasun hori are eta ageriago gelditu da.Etxealdiari buruz eginiko azterketek argi azaldu dute familia askok etxe barruko eta etxe kanpoko lanen arteko oreka mantentzeko izan dituzten zailtasunak. Ezin dugu ahaztu, bidenabar, kasu askotan emakumeengan eta maila sozial baxuenetan izan duela eragin larriena egoera horrek eta, denboran luzatuz gero, ziur askorentzat oso baldintzatzailea izango dela euren ibilbide profesionalean.
Esandako guztiari lotuta, interesgarri deritzot ekonomia feministak proposatzen duen Zaintza zorra kontzeptua hona ekartzeari. Kontzeptu horrek ikusgarri egiten du zein harreman dagoen pertsonen ongizatea bermatzeko jasotzen eta eskaintzen den denbora, maitasunaren eta energiaren artean, beste hitz batzuetan esanda, zenbat zaintzen dugun eta zenbat zaintzen gaituzten harremana. Azterketa sakonago baten faltan, hipotesi gisa proposatuko dut: gizarteak eskolarekiko duen zaintza zorra ez da txikia. Irailean ikasleak eskolara itzultzen direnean bereziki garrantzitsua izango da euren zaintza, zentzu guztietan, osasunari dagokionez, emozioen kudeaketari dagokionez, elikadurari dagokionez, ikaste ohiturei dagokienez... Eta trukean, zer gutxiago, guztioi dagokigu eskola komunitateak, zaintza gune den neurrian, egiten duen lanaz kontzientzia hartzea, berau balioan jartzea eta behar bezala zaintzea.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN
Zain ditzagun, zain gaitzaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu