Emakume gehiago erakarri nahi dituzte udaletara

Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak sortutako Virginia Woolf Basqueskolak hamar urteko ibilbidea bete du aurten, eta aurrerantzean ere emakumezko hautetsiak saretzen jarraitzeko konpromisoa agertu du urteurrenean.

Inigo Astiz
Bilbo
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Justu duela hamar urte jarri zuten martxan Virginia Woolf Basqueskola Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak —Emakunderen bidez—, 2012an, eta Suediako emakume hautetsien sarea hartu zuten horretarako eredutzat. Eta, hamarkada beteko lanaren ostean, Basqueskola hautetsi sare soil bat baino gehiago dela nabarmendu zuen atzo Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Eudel elkarteburuak Bilbon antolatutako jardunaldien hasieran. «Emakume guztiek esparru publikoan parte hartu izan dezatela ziurtatzeko emakumezkoen mugimendu bat da, mugimendu feminista bat».

Urtaranek gogoratu duenez, oraindik ere emakumeen bizkar joan ohi dira zaintza lan gehienak, eta horrek parte hartze publikoa «zaildu» egiten duela gogorarazi du. Horregatik, babesa azaldu zion Virginia Woolf Basqueskolak esparru hori «berreskuratzeko» egiten duen lanari.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuakere hartu zuen hitza atzoko jardunaldien irekiera ekitaldian. Emakumeak erabaki guneetan egoteak eta elkarren arteko sareak eratzeak duen garrantzia nabarmendu zituen sailburuak. «Gizarte batek ezin du onartu herritarren zati batek, emakumeek, zaintza lan gehiena berenganatzea».

Harrera espezifikoa

Egun, 2023ko udal hauteskundeen ondoren eratuko diren udaletako emakumezko hautetsiei harrera egiteko programa espezifiko bat prestatzen ari da Virginia Woolf Basqueskola, eta udal politikara emakume gehiago eta askotarikoak erakartzeko erronka jarri dio bere buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.