Euskal presoak. Manifestazioak

Paris mugiarazteko, ekintzara

Bakegileek otsailaren 18an eginen dute presoen etxeratzearen alde hasiko duten fase berriaren lehenengo ekintza. 90 ekintzaile prest agertu dira ekintza «azkar, ausart eta ikusgarrietarako».

Euskal presoen etxeratzearen aldeko ekintzaileak taula gainera igo ziren manifestazio bukaeran. PATXI BELZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gatazkaren konponbidean Frantziako Gobernuarekin duten «blokeo egoera» gainditzeko «ekintza azkarrago, ausartago eta ikusgarriagoetan» oinarritutako fase berri batera pasatuko direla iragarri zuten Bakegileek abenduan. Atzo, lehen ekintzaren data eman zuten: otsailaren 18an izanen da, eta bertan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Eremu anitzetako 90 ekintzaile agertu dira jadanik prest parte hartzeko. Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak argitu du Frantziako Estatuko «maila gorenean entzunak izatea» lortu nahi dutela horiekin: «Ez diegu utziko etorkizuneko belaunaldiei guk burutu ez dugunaren ardura».

Ehunka lagun bildu ziren atzo arratsaldean euskal presoen etxeratzearen alde Baionan egin zuten mobilizazioan. Han ziren Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Frederique Espagnac PSko senataria, zenbait hautetsiren artean. Forma berezia hartu du aurtengo mobilizazioak, Denbora eskasten ari da! Ion, Jakes eta Unai gurekin! lelopean hiru manifestazio izan baitziren hiriko karriketan. San Andres plazan elkartu ziren hiru zutabeak, eta han hartu zuen hitza Funosasek. Oroitarazi zuen bertan egin zutela 2017ko apirilaren 8an ETAren armagabetze eguna markatu zuen ekitaldia. «Geroztik, nahiz eta urrats handi eta eraginkorrak egin diren, presoen gaiari doakionez, bake prozesuaren blokeatze fase batean gara», ohartarazi zuen.

Parot eta Esnal gogoan

Bakegilearen hitzetan, azken urteetan Espainiako Estatuan bilakaera bat izan da presoen gaiaren inguruan, eta «perspektiba berriak» ireki dira. Baikorki aipatu zituen azken hilabeteetan izan diren hurbilketak eta gradu aldaketak, baina salatu zuen Frantzian kontrakoa gertatzen ari dela, Ion Parot eta Jakes Esnalen kasuak aipatuta: 70 urte baino gehiago dituzte; 31 urte daramatzate preso, eta «terrorismoaren kontrako» Frantziako fiskaltzak behin eta berriz jarri ditu helegiteak haien baldintzapeko askatasun eskaerak oztopatzeko. «Ele argiz mintza gaitezen: bizi osorako kartzela zigorra inposatuz, heriotza zigorrera kondenatzen ditu fiskaltzak», salatu zuen Funosasek. «Jarrera mendekatzaile hori onartezina, umiliagarria eta hilgarria da. Injustua da!».

Blokeo egoera horri aurre egiteko abiatuko dute fase berria, Esnal eta Paroten askatasuna «lehenbailehen» lortzeko. «Fase berri hau ekintza azkarrago, ausartago eta ikusgarriagoek markatuko dute», argitu zuen Funosasek. «Ekintza pertsonalak dira, kolektibo baten baitan burutuak, publikoki asumituak, gardenak eta bortizkeriarik gabekoak, bakoitzaren eta demokraziaren errespetuan». Herritarrei dei egin zien parte hartzeko: «Gaur taula gainean garenok fase berri honetan inplikatzeko engaiamendu publikoa hartzen dugu. Guzien inplikazioa behar dugu; bakoitza bere neurrian eta maila ezberdinetan. Eraginkorra izan dadin, ikusgarria eta anitza izan behar da, bateratua eta ausarta. Engaiamendu maila guztiak beharrezkoak izango dira».

Mobilizazioaren leloa eta irudia daraman tixerta urdina soinean zutela, Funosasen gibelean agertu ziren ondoko hilabeteetan eginen dituzten ekintzetan parte hartzeko prest agertu diren ekintzaileak. 90 dira jadanik: horien artean, Ipar Euskal Herriko hainbat aurpegi ezagun. Ekitaldia bukatzerako, herritar andana ekintzetan parte hartzeko izena ematen hasiak ziren, agertoki inguruan jarritako mahaitxoetan.

Macroni zuzenean

Emmanuel Macron Frantziako presidenteari zuzendu zitzaion Anaiz Funosas, eta beste behin gogoan hartu zituen G7koen goi bileraren harira Miarritzera (Lapurdi) egin zuen bisitan izan zituen hitzak. «Historia ez errepikatzeko» beharra azpimarratu zuen orduan Frantziako agintariak. «Macron, lehendakari jauna, elkar entzunez bakarrik elkar ulertu gaitezke: Miarritzeko adierazpenez geroztik atxiki duzun isiltasunak, bake prozesuak aitzina egin dezan keinu baikorrik ez izateak... erakusten digute gure ohiko manifestaldi eta elkarretaratzeak ez direla nahikoak dosierra zuregana dezazun konbentzitzeko», erran zion Funosasek. «Zure ardura da keinu bat egitea, eta euskal gizartearen dinamikan engaiatzea. Hori egin ezean, eztabaida demokratiko batean existitu beharko ez litzatekeen mespretxu baten aitzinean ginateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.