Hiru milioi hildako. Gerra batek utzitako biktimen balantzea dirudi, baina COVID-19ak azken urtebete luzean eragindako triskantzaren laburpena da: hiru milioi hildako eta 139 milioi kutsatu mundu osoan. Txanpon horren ifrentzuak, baina, badu alde argirik ere: 79,2 milioi pertsona osatu dira izurria hedatzen hasi zenetik.
Transmisioa bere gorenean dagoela esan du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, eta hala dela berretsi dute AEBetako Johns Hopkins unibertsitateak atzo argitaratutako datuek: 598.923 positibo eta 12.030 heriotza jakinarazi ziren egun bakarrean. Birusa, baina, ez da herrialde guztietan abiadura berean eta indar berarekin zabaldu.
Kopuru absolutuei dagokienez, COVID-19ak Amerikan eragin du sarraskirik handiena. Han, hiru herrialde dira birusaren foku nagusiak: AEB Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko eta Brasil. 31,5 milioi kutsatze eta 565.000 heriotza zenbatu dituzte AEBetan; 2,3 milioi kasu eta 211.000 heriotza Mexikon; eta 13,7 milioi kutsatze eta 365.000 hildako Brasilen.
Hildako kopuru txikiagoa izanagatik, balantze iluna da Europakoa ere, hildako kopuruak milioi baten langa gainditu duela jakinarazi baitu OMEk. SARS-CoV-2ak gogorrenen jo duen herrialdeak dira Erresuma Batua (lau milioi kutsatzetik gora eta 127.000 hildako), Italia (hiru milioi positibotik gora eta 116.000 heriotza) eta Frantzia (5,1 milioi kasu eta 100.000 hildako).
Asian, izurriaren foku bihurtua da India, munduan kasu gehien dituzten herrialdeetan bigarrena baita, AEBen atzetik: 14,3 milioi pertsona kutsatu dira COVID-19arekin, eta 174.000tik gora hil dira. Oso bestelakoa da egoera Txinan, birusa lehen aldiz atzeman zen herrialdean: 102.135 positibo eta 4.845 hildako jakinarazi dituzte, Johns Hopkins unibertsitatearen arabera.
Kutsatze tasa, gorenean
Datuen argitara, OMEko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek atzo ohartarazi zuen «pandemia hasi zenetik erregistratutako kutsatze tasarik handienera» hurbiltzen ari dela mundua, eta kutsatzeak gora doazela, «erritmo oso kezkagarrian». Zehazki, azken bi hilabeteetan asteroko positibo berrien kopurua bikoiztu egin dela azaldu zuen.
Tedrosen arabera, hazkunde horren oinarrian dago orain arte transmisio datu apalak izan dituzten herrialdeetara hedatu dela birusa: «Papua Ginea Berrian, adibidez, izugarri handitu da kutsatze tasa: urtarrilera arte, 900 pertsona kutsatu ziren COVID-19az, eta bederatzi hildako eragin zituen gaitzak; orain, berriz, 9.300 kutsatzeren eta 82 heriotzaren berri eman digute. Kopuru txikiak dira bere osoan, baina hazkundea izugarria da, eta OME oso kezkatuta dago, epidemia askoz handiago baten seinale izan daitekeelako».
OMEko buruaren esanetan, Papua Ginea Berriko kasua «adibide perfektua» da txertoen banaketa bidezko baten garrantzia azaltzeko: «Herrialde horrek ongi kontrolatu du izurria denbora luzez, baina infekzioen goranzkoa, neurri murriztaileek eragindako nekea, gizartearen immunizazio maila apala eta ospitale sistema ahula aintzat hartuta, ezinbestekoa izanen da txerto gehiago bidaltzea, ahal bezain laster».
Asia-Pazifikoa, arriskuan
OMEk Asia-Pazifikoan duen ordezkari Takeshi Kasairen arabera, planetaren eremu horrek «zortea» izan du orain arte: munduko herritarren laurdenak han bizi diren arren, mundu osoan konfirmatutako COVID-19 kutsatzeen %1,6 eta heriotzen %1,2 gertatu dira han. Hala ere, Kasaik ohartarazi zuen «kasu kopuru txiki batek ondorio lazgarriak» izan ditzakeela eskualde osoan. Hori dela eta, izurriaren zaintzari lotutako inbertsioa handitzea galdegin zuen OMEko larrialdi programako buru Mike Ryanek: «Herrialdeek, oro har, ez dute behar bezainbeste inbertitu izurriei aurre egiteko datuen erabileran eta kudeaketan». Baliabide teknologikoak, sendagaiak eta zaintza epidemiologikoari buruzko datuak zabaldu beharra nabarmendu zuen.
Koronabirusa
Izurria hasi zenetik hiru milioi lagun hil eta 139 milioi kutsatu dira mundu osoan
Egun bakarrean 600.000 kutsatze eta 12.000 heriotza izan direla jakinarazi du Johns Hopkins unibertsitateak. OMEk ohartarazi du transmisio tasa «gorenean» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu