Geoingeniaritza, mitoetatik harago

Kliman eragina izatea aspaldiko ametsa da, baina horren harira egin diren esperimentuek huts egin dute orain arte. Berotze globalari aurre egiteko teknologia ere aztertu da, baina adituek ez dute batere argi erabiltzea komeni ote den.

Juanma Gallego.
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Zeruan marra zuriak marrazten dituzten hegazkin mordoa dabiltza, batetik bestera. Zertarako, ordea? Nori galdetzen zaion, horren araberakoa izango da erantzuna. Elementu kimikoen bitartez populazioa manipulatzea, Amalurra kutsatzea, euria lapurtzea edo, zuzenean, klima aldatzea. Chemtrail esaten zaionfenomenoaren aurka ari diren elkarteak ere sortu dira, eta marra horien atzean dauden balizko konspirazioez ohartarazten dute.

«Hori guztia hiru euroko txanpona baino faltsuagoa da», argitu du Bartzelonako Unibertsitateko ingurumen kimikari Xavier Gimenezek. Ustezko fumigazio horien inguruan sortu den hiri mitologia gertutik aztertu du adituak. Haren esanetan, gaur egungo gizartean elkarren arteko komunikazioa oso erraz egiten da, eta horrek laguntzen du edozein fenomeno berehala puzten. «Kontua arreta pixka batekin aztertzen denean, argi dago zeruetan hegazkinek marrazten dituzten lorratz guzti-guztiak ur direla».

Atzean dagoen azalpena erraza da. «Hegazkinek gasak ateratzen dituzte errekuntza motorretatik. Gas horietan, batez ere, ura eta karbono dioxidoa daude, eta baita guztiz erre ez diren erregai arrastoak ere. Karbono dioxidoa ez da ikusten, baina, airearen baldintzen arabera, ura kondentsatu egiten da. Airea oso hotz dagoenean errazagoa da kondentsazioa, baina gutxieneko hezetasun bat egon behar du. Prozesua masen zirkulazioaren araberakoaere bada: fronte heze bat hurbiltzen denean, lorratzak askoz errazago azaltzen dira. Eguraldia oso lehorra denean, berriz, lorratzak ez dira ikusten». Antzeko fenomenoa ikus daiteke, adibidez, goizean goiz, hotz dagoenean, auto bat martxan jartzen denean. «Kasu horretan, gainera, gaueanura kondentsatu da ihes hodian. Horregatik, ke zuria ikusten da goizean. Hegazkinen kasuan, hala ere, maila handiagoan gertatzen da, oso motor indartsuak dituztelako».

Konspirazioaren teoria guztiek bezala, oinarri bat hartzen dute abiapuntu zeruetako lorratzen inguruko sineskeriek. Izan ere, aspalditik euria eragiteko esperimentuak egin dira. Atzean dagoen prozesua fisiko-kimikoa ondo ezagutzen da. Hodeietako hezetasunak elementu txikiak behar ditu kondentsatzeko eta euri tantak sortzeko. Naturan, hautsak eta kedarrek betetzen dute funtzio hori. Teorian, hodeietan kondentsazio elementuak sartzen badira, errazagoa litzateke euria sortzea. Horretarako, batez ere, zilarrezko ioduroa erabiltzen da. Praktikan, ordea, ez da hain erraza. Ameriketako Estatu Batuetan enpresa txiki asko, esaterako, zerbitzu hori ematen ari dira, euriaren beharra duten nekazari elkarteek ordainduta.Gimenezek uste du jarduera horretan dagoela lorratzen inguruko mitologia, hein batean. «Baina gizakiaren irudimena ere badago konspirazioaren teoria honen jatorrian».

Euria sortu nahian

Halere, ez dago batere frogatuta euria «ereiteko» ahalegin horiek eraginkorrak direnik. «Egin diren ikerketa serioek adierazten dute ia inoiz ez dela lortzen euria eragitea, eta lortzen denean, askoz jota, euri kantitatea % 10-15 besterik ez da handitu. Egia da, halaber, praktika horiek eragina izan dezaketela ekaitzen indarrean. Kondentsazio nukleoen kopurua handitzen duzun heinean, tanta gehiago sortzea lortzen duzu, eta horrek eragozten du sortzen diren tantak hain handiak izatea. Ondorioz, ekaitzen indarra motelduko litzateke». Adituak ohartarazi du, ordea, fenomeno hori inoiz ez duela ikusi frogatuta. «Soilik ikerketetan arrazoituta ikusi dut, baina praktikan frogatu beharra dago».

Euria sortzeko ez ezik, halako praktikak, teorian, planeta «hozteko» baliagarriak ere izan daitezke. Gero eta gehiago dira, gainera, aukera hori aztertzen duten ikerketak. Geoingeniaritza izena eman zaio diziplinari, klima aldaketari aurre egiteko teknologia gisa. Mota askotako proposamenak aurkeztu badira ere, ezagunena da atmosferan aerosol kantitate handiak txertatzea, eguzkitik datozen izpiak partzialki ezkutatzeko eta, era horretan, planetako tenperaturak hozteko.

Astelehenean atera dute gaiari buruzko azken azterketa Nature Ecology and Evolution aldizkarian. Lana egin duten zientzialarien arabera, tentuz ibili beharra dago geoingeniaritza modu masiboan ezartzearekin. Diotenez, teknologia hori erabiltzen hasiko balitz, eta, gero, bat-batean, bertan behera utzi, bioaniztasunarentzako arrisku handiak egon litezke.

2020-2070 tartean atmosferara urteko 5 milioi tona sufre dioxido botako balira zer gertatuko litzatekeen ikusteko simulazioa abiatu dute. Ikerketaren egile nagusi Christopher Trisosek azaldu ditu emaitzak. «Geoingeniaritza eteteak asko igoko lituzke tenperaturak. Inoiz geoingeniaritza erabili izan ez bagenu baino askoz azkarrago, gainera».

Marylandeko Unibertsitateko (AEB) ekologo horren irudikoz, tenperatura gorakada azkarrak eragin arriskutsua izango luke bioaniztasunean eta ekosistemetan. «Horren tenperatura gorakada handietara egokitu ezingo luketen organismoek hotzago dauden eremuetara migratu beharko lukete. Geoingeniaritza bat-batean eteten badugu, organismoek urteko hamar kilometro mugitu beharko lukete beren berezko kliman bizi ahal izateko. Organismo askok migratzeko duten gaitasuna baino azkarrago, alegia». Geoingeniaritzak izan ditzakeen beste eragin kaltegarriei buruz galdetuta, kezka agertu du Trisosek. «Oraindik ez dakigu oso ondo zer eragin izan ditzakeen nekazaritzan. Bestalde, geoingeniaritzak ez du klima hozten leku guztietan modu berean, eta prezipitazioen patroiak ere aldatzen ditu. Ondorioz, planetaren eskualde desberdinetan irabazleak eta galtzaileak egon daitezke. Horrek arazo politiko handia dakar; beraz, arlo politikoan geoingeniaritza nola erabili behar den jakiteko ikerketa gehiago egin behar dira».

Proiektu erraldoia

Halako prospektiba ikerketek beldurra emateko paisaia bat marrazten badute ere, Xavier Gimenezek ohartarazi du orain arte hainbat zientzialarik egindako esperimentu proposamenak besterik ez direla, «baina jendeak sinetsi du hau era sistematikoan egingo dela. Gainera, zientzian egiten den esperimentu bakoitzetik informazio baliagarria eskuratzen da». Dena dela, adituak argudiatu du geoingeniaritza egin ezin dela modu sistematikoan. «Proposamenak besterik ez dira. Lurraren kliman benetan eragina izango lukeen proiektu bat egitea kontu erraldoia izango litzateke. Urteak beharko lirateke, etagobernuetako aurrekontuen alde nabarmenak beharrezkoak izango lirateke aurrera eramateko. Ez du zentzurik». Beste zientzialari askok adierazi duten norabidean, adituak uste du errazagoa dela karbono dioxidoaren isuriak gutxitzea, halako mundu mailako parte hartze erraldoi bat egitea baino. Alde horretatik, zientziaren dibulgazioaren beharra azpimarratu du Gimenezek. Bai mitoak apurtzeko eta bai mahaiaren gainean dauden eztabaida handiei aurre egin ahal izateko. Jarduera horretan dabil aspalditik aditua, bereziki Scilogs sareko Química, aire y ambiente blogaren bitartez. Horrela, errazagoa izango da bereiztea zer den sineskeria, zer den eguraldian eragiteko ahalegina, eta zer den mundu mailako klima globala aldatzeko proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.