Iker Alegria Lertxundi. EHUko ikerlaria

«Ez nuen espero gazta koipetsuek lotura izatea ondesteko minbiziarekin»

Osakidetzaren ondesteko minbiziaren baheketan parte hartutako pazienteak aztertuta, Alegriak ondorioztatu du ez zutela elikadura «egokia», eta hori lotua dagoela hezkuntza maila apalagoa izatearekin.

RAUL BOGAJO / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ondesteko minbizia garatzeko arriskuarekin loturiko dieta eta genetika eragileak: euskal populazio baten kasu-kontrol ikerketa. Iker Alegria Lertxundik (Ondarroa, Bizkaia, 1983) izen hori jarri dio EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Farmazia eta Elikagaien Zientzia Sailean egin berri duen ikerketa tesiari. Hori osatzeko beka bukatuta, jaioterriko akademia batean ari da eskolak ematen. Hala ere, aztergai izan duen eremuan ikertzen segitu asmo du, eta horregatik eskatuko du doktoretza-ondoko bat egitea.

Zergatik erabaki zenuen elikaduraren eta ondesteko minbiziaren arteko harremana aztertzea?

Minbizi mota hori oso ugaria da Euskal Autonomia Erkidegoan: minbizi motarik arruntenetan aurrenekoa da. Eta ondesteko minbiziaren kasu gehienak elikadurarekin daude erlazionatuta.

Zure tesiaren ondorio nagusia zera da, «dieta desegoki batek» ondesteko minbizia edukitzeko arriskua handitzen duela.

Espero ziren, bai, halako emaitzak, haragiarekin eta haragi gorriarekin, baita zuntza duten elikagaiekin ere. Ez nuen espero, ordea, gazta koipetsuek erlazio zuzena edukitzea minbizia horrekin. Ikerketaren bidez ikusi nahi genuen hainbat elikagai talderen eta minbizi mota horren arteko balizko harremana.

Argitaratu diren azterketek diotenez, elikatzeko modu jakin batek zerikusia du, oro har, ondesteko minbizia garatzearekin. Baina iruditzen zaizu azterketa horiek «ondorio kontrajarriak» plazaratzen dituztela.

Ikerketa batzuek adierazten dute toki batzuetan ez dela ikusten harremanik minbizi mota horren eta elikaduraren artean. Esnekien eta gaztaren kasuan, esaterako, ikerlari batzuek ez dute harremanik topatzen; beste batzuek, aldiz, harreman zuzena. Haragi gorriarekin nahiko argi dago minbizia areagotu dezakeela. Dena dela, azterketa guztien emaitzak ez dira berdinak izaten zentzu horretan.

Eta zeintzuk dira horien arteko aldeak?

Hainbat aldagai hartu behar dira kontuan: ikerketarako metodologia bera, laginerako aukeratutako pertsona kopurua, herrialdeen araberako elikadura ohiturak... Horrek guztiak eragina izan dezake emaitzetan.

Haragi gorriak ospe txarra hartu du azken urteotan.

Hura jateko gomendioak betez gero, ez litzateke horrelako arriskurik egongo.

Eta zer gomendatzen da?

Haragi gorria gehienez astean bi aldiz jatea. Badaude hura ordezkatu dezaketen beste proteina iturri batzuk: arrautzak, arraina...

Zenbaiten kasuak aztertu dituzu tesian. Zer metodologia erabili duzu horretarako?

Ondesteko minbizia duten 308 pertsona hartu ditugu alde batetik, eta 309 pertsona osasuntsuri egindako kontrolak, bestetik. Osakidetzaren ondesteko minbiziaren baheketa programan parte hartu zuten, eta denek zuten kolonoskopia egina. Batzuen zein besteen elikadura ohiturak konparatu ditugu.

Tesiaren beste ondorioetako bat zera da, «dieta desegokia» lotuta dagoela hezkuntza maila apalarekin.

Parte hartu dutenei galdetu diegu haien hezkuntza mailaz, eta ea zer lan mota duten. Hezkuntza lotuta dago lan motarekin, eta hori, gero, ezagupenarekin. Orduan, horrek eragin dezake elikagai baten kontsumoa areagotzea edo murriztea. Adibidez, ikasketa maila handiagoa duena gehiago arduratzen da bere osasunaz.

Behar bezala elikatu ahal izateko, diru asko behar da?

Ondo elikatzeko ez da diru asko behar. Gure inguruan oso erraz lor daitezke elikagai ez-osasuntsuak, eta oso merkeak dira. Batzuetan, denbora faltagatik edo beste arrazoi batzuengatik dugu joera horrelakoak kontsumitzeko.

Alde genetikoa ere aztertu duzu, eta aldaera genetiko bakarra (poliformismoa) identifikatu duzu gaitza garatzeko arriskuarekin lotuta.

Hasieran, beste ikerketa batzuetako emaitzak kontuan hartuta, pentsatzen genuen lotura gehiago egongo zela faktore genetikoen artean. Baina aztertu ditugun 48 poliformismoetatik edo aldaera genetikoetatik, bakarrak esaten digu arriskutsua dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.