Ongi ezagutzen du PAI programa Richard Weyndling irakasle eta kazetari eskoziarrak (Glasgow, 1961). Duela 25 urte Nafarroara aldatu zenetik, ingeleseko irakasle izan da hainbat ikastetxetan, eta baita ingeleseko irakasleen hezitzaile ere, Nafarroako Gobernuarentzat. Bertatik bertara ezagutu ditu PAIren «ezarpen kaotikoa» eta «hazkunde neurrigabea».
Inori gomendatuko al zeniokePAI programa?
Ez.
Zergatik ez?
Ez duelako balio ikasleenelebitasuna bermatzeko. Ez da erreala ingelesean oinarritutako eredu elebidun bat hemen; demagogia da hori. Agian, eskolaren batean berma daiteke benetako murgiltzea, ingeleseko irakasleak natiboak baldin badira eta prestakuntza baldin badago, baina ez Nafarroako hezkuntza sistema osoan; eta gutxiago, dena batera.
PAIren sorreraren lekuko izan zinen. Nola ezarri zuten?
Oso gaizki. Ikastetxeek eta irakasleek ez zuten baliabiderik, ezta egokitutako ikasmaterialik ere. Curriculumik ez zegoen, eta ikastetxe bakoitzak nahieran aplikatu zuen: zeintzuk ziren ingelesez eman beharreko ikasgaiak, astean zenbat orduz...
Zer ondorio du ikasleentzat?
Ikasgela askotan sortzen da ikasle elebidunen taldetxoren bat. Normalean, maila sozioekonomikorik handieneko ikasleak dira, eta horiek dira, hain zuzen, programari etekinen bat ateratzen ahal diotenak. Gehienentzat, ordea, PAI oztopo gehigarri bat da, ez aukera bat. Familien baliabide sozioekonomikoen araberako mailakatze bat egiten du, eta ikasle batzuen eta besteen arteko arrakalak handitu: baliabideak dituztenek ordaindu ditzakete irakasle partikularrak, ikasgai batzuk indartzeko saio gehigarriak, eta abar. Gehienek ezin dute.
Batzuek alderatu egiten dituzte PAI eta D eredua, ingelesa eta euskara kontrajarriz...
Ez dago konparazio posiblerik. D eredua murgiltze eredu bat da, eta ikasleen elebitasuna bermatzen du. PAIk ezin du berme hori eman, hizkuntzan murgiltzeko prozesurik ez dagoelako. Adabaki bat da. D ereduak giza baliabide ezin hobeak ditu: ongi prestatutako irakasle gazteak, eta euskara ongi menperatzen dutenak. PAI programan ez dago halakorik.
Irakasleak egon badaude...
Bai, baina ez beharko liratekeenak bezainbeste. Itxaropen neurrigabeak eta irrealak sortu dira programa horren inguruan, eta ezin dira bete. Ingeles maila oso handia duten irakasleak ez dira oso ugariak; gainerakoak, berriz, ez dira ingelesarekin behar bezain ongi moldatzen, eta ezin dute hizkuntzaren eta edukien transmisio egokia egin.
Zuk irakasleekin lan egin izan duzu. Zer kontatu dizute?
Haiendako ahalegin bikoitza da. Zaila da, berez, ikasgai bat ongi prestatzea, edukiak landuz-eta; bada, hori bera egin behar izatea arrotz zaizun hizkuntza batean... gehiegizkoa da. Hortaz, zer eskaintzen digu PAI programak? Batetik, beren lan hizkuntza menperatzen ez duten irakasleak; eta bestetik, ikasgaiak ulertzeko zailtasun handiak dituzten ikasleak. Horixe da PAI, funtsean: iruzur hutsa, eta desastrerako errezeta perfektua.
PAIren sustatzaileen arabera, ingelesa ikastea ezinbestekoa da gaur egun...
Ingelesa garrantzitsua da, bai, baina gehiegizko garrantzia ematen zaiolakoan nago. Edonola ere, helburua baldin bada ingelesaren erabilera indartzea, bide eraginkorragoak bururatzen zaizkit. Adibidez, bazuten ingeles hizkuntzaren irakaskuntza hobetzea. Nola egiten den hori? Bada, ratioak murriztuz, irakasle kopurua handituz, ikasgelak bikoiztuz... Neurri horiek PAIk baino emaitza hobeak emanen lituzkete. Horrela egiten dute beste herrialde askotan.
Richard Weyndling. Irakaslea eta kazetaria
«PAI programa iruzur hutsa da; desastrerako errezeta perfektua»
Richard Weyndling irakasleak uste du Nafarroan «oso gaizki» ezarri zirela ingelesez ikasteko programak; hala ere, arazoa «errokoa» dela dio: «Murgiltzerik gabe, PAIk ezin du bermatu ikasleen elebitasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu