Erreakzio soka luzea eragin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi fundazioaren hizkuntza eskakizunen kontra atera zuen ebazpenak. Atzo, epaia txarretsi zuen Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Zehazki, esan zuen auzitegiaren jarrerak «kezka eta atsekabea» eragin diola, eta Jaurlaritzak «azterketa juridikoa» eginen duela horren gainean. Urkulluren esanetan, azterketa horren ardatza izanen da «botere judizialean eta justiziaren aplikazioan ere aintzat hartu beharko litzatekeela euskara hizkuntza koofiziala dela Euskadin, eta, beraz, herritarrek eskubidea dutela euskara ere erabiltzeko».
Urkullu ez da ebazpenaren gaineko iritzia eman duen gobernukide bakarra izan. Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburu Bingen Zupiriak eragile politiko eta sozialak premiatu ditu «euskararen gaineko akordioak eta adostasunak indartzera», azken berrogei urteetan indarrean izan diren hizkuntza politiken alde.
Uliazpi enpresa publikoak 34 zaintzaile kontratatzeko oposizioa antolatu zuen, eta euskarazko B2 titulua ezinbestekoa zen horietatik 32tan; meritutzat zeukaten beste bitan. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen betekizuna, enplegu publikoa eskuratzeko eskubidea urratzen duelakoan.
Ebazpen horren kontra egin zuen Zupiriak, eta gaineratu zuen «bat egiten duela» Gipuzkoako Foru Aldundiak agertutako jarrerarekin. Izan ere, ebazpena ezagutu eta berehala, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok «oso larritzat» jo zuen, «lehen eta bigarren mailako herritarrak ezartzen dituelako», eta berretsi zuen helegitea jarriko dutela.
Urkulluk esanikoaren ildotik, Zupiriak gaineratu zuen euskararen erabileraren normalizazio prozesuak helburutzat daukala «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea», eta, zehazki, nabarmendu zuen «erkidego honetako biztanleek duten eskubidea gaztelania nahiz euskara erabiltzeko, erakundeetara jotzen duten bakoitzean». Hizkuntza Politika sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzari dagokio euskararen normalizaziorako oinarrizko irizpideak ezartzea. «Hortik aurrera, erakunde bakoitzaren egitekoa da, irizpide orokor horien arabera, normalizazio planak diseinatzea eta beharrezko profil linguistikoak ezartzea; eta horixe egin du Gipuzkoako diputazioak kasu honetan».
Zupiriaren esanetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren gainean «analisi juridiko sakona» eginen du Jaurlaritzak, «bi interes» jartzen dituelako aurrez aurre: «Lanpostu publiko bat lortzeko eskubidea eta erkidego honetako herritarrok ditugun hizkuntza eskubideak». Sailburuak gaineratu du euskararen normalizazio prozesua «berrogei urtez talde politiko ezberdinen artean adostutako hizkuntza politiken ondorio» dela.
Urkulluk epaileei esan die «herritarrek euskaraz egiteko eskubidea» dutela
Uliazpiren oposizioaren aurkako ebazpena aztertuko du Jaurlaritzak. «Euskararen gaineko adostasunak indartzera» deitu du Zupiriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu