Migrazioa. Line Targe. Etorkinekin taldeko kidea

«Oztopoek arriskua errentagarri bilakatzen dute»

Hendaia eta Baiona artean migratzaileei arreta eskaintzen dien Elkartasuna Larrun taldeko kidea da Line Targe. «Ahaztu ezin daitezkeen arrazoi politikoak» ikusten ditu ezbeharraren atzean.

BERRIA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun

Iparraldera iristen diren migratzaileen eskubideen defentsan lan egiten duen Etorkinekin elkarteko hamabi taldeetako batean jarduten du Line Targek. Zehazki, Hendaia eta Baiona arteko eremuan lan egiten duen Elkartasuna Larrun taldeko kidea da, eta ederki ezagutzen du Frantziarako bidean hortik egunero igarotzen direnek jasan behar izaten dutena. Ziburun gertatutakoa ongi kokatzeko, testuinguruari erreparatzea ezinbestekoa dela dio.

Ohikoa da migratzaileak trenbidearen inguruan ikustea?

Ez da ohikoa trenbideetan ibiltzea, baina kontua da etengabe bide berriak topatu behar dituztela. Eta batzuk mendian zehar doaz, beste batzuk kamioietan ezkutatzen dira… Horrela ibili behar izaten dira. Eta bai, badira trenbideari jarraitzen diotenak ere. Gainera, munduan mugimenduan dagoen jendeak trenbideari jarraitzeko joera izaten du.

Bistakoa dirudi hor zeudela ez zutelako lo egiteko beste lekurik, eta ezkutuan zebiltzalako.

Ez dago zalantzarik. Arriskuan jartzen dira ezkutatu egin behar direlako, harrapatzen dituzten bakoitzean mugaren beste aldera itzultzen baitituzte. Astakeria bat da, eta etengabe egiten dute. Gogoratzen dut Bidasoan bere buruaz beste egin zuen gaztearen kasua. Hainbeste aldiz itzularazi zuten, azkenean ezin izan ziola gehiago eutsi. Eta beste guztiek ere izugarrizko arriskuak hartzen dituzte muga gurutzatzeko.

Testuinguru horretan kokatu behar da, beraz, atzoko istripua?

Bai, jartzen dizkieten oztopo guztiek arriskua errentagarri bilakatzen dutelako. Higuingarria da. Zertarako balio du jazarpen honek? Hemen dira, eta etortzen jarraituko dute. Zergatik jazarriko diezu, orduan? Gertatu dena horren ondorio izan da.

Ezbehar honen atzean erantzule politiko zuzenak daude?

Hemendik igarotzen uzten ez dietenak dira pertsona migratzaileek hartzen dituzten arriskuen erantzuleak. Eta baita ezbehar honenak ere, bai. CIMADEk dioen modura, inor ez da atzerritarra lur honetan; beraz, nahikoa da.

Pertsona hauek hemen daude, eta ez dira etorri inori kalte egitera. Bizitza beren etxeetan zailegia bilakatu delako etorri dira, eta lana egitea eta gizarteratzea besterik ez dute nahi. Gauza positiboak, azken finean. Baina gu harresiak eraikitzen ari gara Europaren inguruan. Zertan ari gara? Non daude Berlingo Harresia bota zutenean poztu ziren horiek guztiak orain?

Kasu honetan, Schengen eremu barruko eta, ustez, zirkulazio librekoa den muga batez ari gara, ordea.

Bai, baina mugan ez da ezer errespetatzen. Arau hausteak frogatzen dituzten lekukotza pila bat ditugu; jendea hartu eta beste aldera bueltatzen dute, bi aldiz pentsatu gabe eta inolako lege tramitaziorik egin gabe. Eta hori poliziek egiten dute, baina badakigu haiek beste batzuen aginduak betetzen ari direla. Eta hauteskundeak datozen honetan entzuten ari garen gauzekin, hori gertatzeak ez nau batere harritzen.

Eta, mugari dagozkion akordioak beteko balira ere, zer? Nire ustez, bidegabeak diren arauak errespetatzeak ere ez du zentzurik. Izan ere, izatez legezkoak diren eskubideen urraketa ugari ikusten ditugu egunero hemen. Beharrezkoa da jendeak ulertzea bide honetatik ez dugula konponbiderik topatuko.

Zentzugabekeria bat da: Baionan harrera zentro bat dago, baina ez diete iristen uzten. Beraz, zer pentsatu behar da, telegarraiatu egin behar direla hara iristeko?

Dagoeneko sei dira azken hilabeteotan mugaren inguruan bizia galdu duten migratzaileak. Egoera gordintzen ari da?

Bai, eta nork daki zer gerta daitekeen hemendik aurrera ere. Pertsona asko mendian eta ibaian barrena doaz, baita gauez ere, eta ez litzateke arraroa izango udazkenean eta neguan ezbehar gehiago izatea. Panorama beldurgarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.