AUZI NAGUSIAK

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun

Dena ETA da lelopean hainbat auzi ireki ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, azkena 13/13 izenekoa: 77 urte eskatzen dituzte zortzi herritarrentzat. Honatx orain arte egon diren beste batzuk:

18/98 auzia
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak instrukzioa hasi zuen 1998an, eta jomugan jarri zituen Orain, Ekin, KAS, Xaki eta Joxemi Zumalabe fundazioa. Zazpi urte geroago, 2005eko azaroan, 56 euskal herritarren aurkako epaiketa hasi zen; gehienei ETAkoak izatea edo ETArekin kolaboratzea leporatu zieten. Auziari 18/98 deitu zitzaion. 2007ko abenduan heldu zen epaia: Angela Murillo epaimahaiburuak armarik gabeko «terrorismoa» egotzi zien. Bost auzipetu errugabetu, eta, gainerakoei, 47 laguni, lau urtetik 24ra bitarteko zigorrak jarri zizkien: guztira, 525 urte. Auzitegi Gorenak zigorra arindu zuen 2009ko maiatzean: 291 urteko kartzela zigorra ezarri zuen 38 lagunentzat.

'Haika-Segi auzia'
Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak legez kanpokotzat jo eta horiek desegiteko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak 2005eko ekainaren 20an, eta hiru urte eta erditik beherako zigorrak jarri zizkien 24 gazteri; gehienek ezarritako zigorra baino handiagoa betea zuten, «badaezpadako neurri gisa». Baina bi urte geroago, «talde terrorista» zirela ebatzi zuen Gorenak, eta seina urteko kartzela zigorra ezarri zien 23 kideri.

'Herriko tabernen auzia'
«ETAren egitura» finantzatzea egotzita, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak 2014ko uztailaren 31n, eta urtebete eta hiru hilabete eta hiru urte arteko kartzela zigorra ezarri zien 20 laguni. 34 lagun auzipetu zituzten. Auzitegi Gorenak espetxe zigorrak jaitsi zituen 2015eko ekainean, baina kasik bere hartan utzi zuen herriko tabernen aurkako neurria.

'Egunkaria auzia'
Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Kazetari ETArekin lotura izatea leporatzen zion. 2009ko abenduan egin zuten epaiketa, eta 2010eko apirilaren 12an heldu zen epaia: Auzitegi Nazionalak errugabetzat jo zituen auzipetuak.

'Udalbiltza auzia'
20 laguni etakide izatea egotzita, Udalbiltzaren aurkako epaiketa hasi zen 2010eko uztailean. Sei hilabete geroago, 2011ko urtarrilaren 20an, heldu zen epaia: ETAren eta Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundearen arteko loturarik ez zela frogatu argudiatuta, absoluzioa eman zuen, auzia abiatu eta zortzi urtera.

'Batasuna, EHAK, ANV auzia'
Espainiako Poliziak 23 lagun atxilotu zituen 2007ko urriaren 4a. Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi izana leporatu zieten Batasuna, EHAK eta ANVko 35 kideri. Auzipetu zituzten, eta 2016ko urtarrilaren 12an eman zuten akordioaren berri: biktimei oinazea aitortuta eta akusazioekin adostuta, bi urtetik beherako kartzela zigorrak ezarri zizkieten auzipetuei.

'Bateragune auzia'
Garzonen aginduz hainbat lagun atxilotu zituzten 2009ko urriaren 13an, eta hiru egun geroago horietako bost kartzelatzeko agindu zuen, ETAren esanetara aritzea egotzita. Epaia 2011ko irailean heldu zen: kartzelatzea. Gorenak epaia berretsi zuen 2012an. Zigortuak 2015ean eta 2016an gelditu ziren aske, zigorra osorik beteta. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen epaimahaia ez zela inpartziala izan (2018), eta zigorrak bertan behera utzi zituen Gorenak, iazko uztailean. Abenduan, ordea, epaiketa berriro egiteko agindu zuen, epaia «bertan behera» uztearen «ondorioa» izan beharko litzatekeela beste epaiketa bat «ahalik eta azkarren» egitea.

'D3M eta Askatasuna auzia'
ETAren aginduz bozetarako eskaintza bat prestatzea egotzita, bederatzi lagun atxilotu zituzten 2009ko urtarrilaren 23an. 2012ko maiatzean 11 lagun epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak zazpi eta bederatzi urte arteko zigorrak eskatu zituen. Epaia 2012ko ekainaren 18an heldu zen: absolbitu egin zituen D3M eta Askatasuna auziko auzipetuak, ETArekin loturarik ez zutelakoan.

11/13 auzia
Euskal presoen inguruko abokatu eta elkarteen aurkako hainbat operazio eta ekinbide judizialen batura da 11/13, 2013ko irailean hasitakoa. Sei urte geroago, 2019ko irailaren 16an, hasi zen epaiketa. ETArekin lotuta zortzi eta hamalau urte arteko zigorra eskatzen zuen fiskaltzak, baina aldeekin akordioa eginda, espetxea saihestu zuten 47 auzipetuetatik 45ek: Arantza Zulueta eta Jon Enparantza kartzelatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.