Nafarroako inbestidura saioa

Maria Txibite lehendakari izango da EH Bilduren abstentzioari esker

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak alde bozkatu dute, eta EH Bildu abstenitu egin da. Txibitek gobernua utziko duten kontseilariak zoriondu ditu, batik bat Santos Indurain

Txibite. Hautatu ostean, keinu egin zien senideei harmailetan. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ezusterik gabe, inbestidurako prozesua burutu du Maria Txibite Nabazkozek. Herenegun egin zen lehenengo bozketan gehiengo osoa lortu ez, eta, atzo, bigarren ahaleginean hautatu zuten: 21 baiezko, hogei ezezko eta bederatzi abstentzio; edo bestela esanda, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin aurrera egin du Txibiteren inbestidurak, Parlamentuko Araudiak eskatutako gehiengo soila eskuratuta. Boto baten faltan geratu ziren UPN, PP eta Vox. Hartara, beste lau urtez Nafarroako Gobernuko lehendakari izango da. Etzi hartuko du kargua, eta biharamunean gauza bera egingo dute haren gobernuko kontseilariek.

Ikusi gehiago:Bide bat irekita, besteak itxita

Inbestidurako lehen egunean ez zuenez gehiengo osorik lortu, atzokoa zen egun erabakigarria, lehendakari hautatzeko emaitza oso estua izango zelako. Astelehenean, 17:20an egin zen lehen bozketa, eta, horregatik, ordu bererako deituta zegoen bigarren saiakera, atzo. Ordu erdi lehenago ganbera hutsik zegoen. Alta, taldeka, parlamentari guztiak iritsi ziren.

Jai eguna izaki, jende gutxi zegoen kalean, baina Gurutzeko plazako aparkalekuaren aurkako plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten kanpoaldean. UPNko legebiltzarkideak iritsi zirenean, Iruñeko Udalak bultzatutako hirigintza operazio horren aurkako oihuak egin zituzten. Bizpahiru minutu geroago, PSNko taldekideekin batera ailegatu zen Txibite, eta hari ere deiadar egin zioten, zuhaitzen mozketa geraraz dezala eskatzeko.

Barruan, gonbidatuen harmailetan zeuden Fernando Dominguez Osasun kontseilari izango dena, Elma Saiz Iruñeko hautetsi sozialista eta Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria.

17:20an ekin zion saioari Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak. Ukitu ironikoaz, gogora ekarri zuen atzoko ospakizun erlijiosoak eta inbestidura saioak bazutela lotura bat, «Mariaren jasokunde izendatzen baita abuztuaren 15a». Ateraldia irribarrez hartu zuten bertaratutakoek. Banaka deitu zituzten parlamentariak. Euskaraz edo gazteleraz papertxoetan idatzi beharra zuten hiru aukeretako bat: bai, ez, abstentzioa.

Bost minutuan bozkatu zuten 50 legebiltzarkideek. Hualderi egokitu zitzaion hautetsontzitik papertxoak ateratzea. Sozialisten harmailetan, Javier Remirez jarduneko presidenteorde lehenak eta Ramon Alzorriz eledunak botoak zenbatzen ziharduten, buru-belarri. Bi hilabete eta erdi iraun duen bide luzearen amaieran, une erabakigarria iristean, beti dago suspensea, zalantzaren harra. Haatik, Parlamentuko Mahaiko kideek azken emaitza jakinarazi aurretik haien irribarre zabalean islatu zen garaipena. Orduan nabaritu zitzaion Alzorrizi lasai.

«Hogei baiezko, hogei ezezko eta bederatzi abstentzio», irakurri zuen, segidan, Yolanda Ibañez Mahaiko idazkari lehenak eta UPNko idazkari nagusiak. Marmar batek geldiarazi zuen, eta barrezka bere hutsegitea onartu zuen: «21 baiezko, hogei ezezko eta bederatzi abstentzio». Hasperen handi bat entzun zen parlamentuan. «Subkontzientea izango zen», adierazi zuen Ibañezek.

Txibiteren erreakzioa

Txaloka ari zitzaizkiola, altxatu, eta Txibitek besarkada estua eman zion harmaila bat gorago zuen Ramon Alzorrizi. Hark zuzendu du bi hilabeteotan PSNren negoziazio taldea. Berehala, Geroa Baiko Uxue Barkosengana hurreratu, eta besarkatu egin zuen, eta gauza bera egin zuen Zurekin Nafarroako Begoña Alfarorekin. Gero, parlamentari ugarik zoriondu zuten; tartean, UPNko Javier Esparza eta EH Bilduko Laura Aznal.

Saioa amaituta, Txibitek adierazpen soil batzuk egin zituen. Eskerrak eman zizkien orain arte gobernua osatu duten kontseilariei. Haietako batzuek gobernua utziko dute, eta eskerrak eman zizkien. Batik bat, Santos Indurainen jarduna goratu zuen, COVID-19aren pandemiari aurre egin behar izan ziolako. Astelehenean egin bezala, aipatu zuen «berdintasunaren bandera» astinduko duela gobernuak: hala nola lurralde arlokoa, gizarte arlokoa eta gizonen eta emakumeen artekoa

Bihar 11:30ean izango da kargua hartzeko ekitaldia. Gonbidatu gisa joango da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. 237 pertsona izango dira. Espainiako Gobernuko presidenteorde lehenak, Nadia Calviñok, ekitaldian hitz egingo du, Txibiterekin eta Hualderekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.