Teknologia

Euskal hondartzak, sarean

Euskal Herriko hondartzetan jendea ez pilatzeko, hiru aplikazio jarri dira martxan uda honetan. Areatzen egoera eta pertsona kopurua jakinarazten dituzte, besteak beste.

Hurrenez hurren, Kalilo, Nik Hondartzak eta Bizkaiup aplikazioen itxura, behin sakelakoan instalatu ondoren. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Aurtengo uda berezia izango da, dudarik gabe. COVID-19ak baldintzatu ditu plan guztiak, eta distantzia eta maskarak gure egunerokoaren parte dira jada. Hondartzara ere neurri guztiak errespetatuz joan beharra dago orain, eta, horregatik, Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin, hondartzen egoeraren berri izateko aplikazioak sortu dituzte: Nik Hondartzak Gipuzkoan, Bizkaiup Bizkaian, eta Kalilo Lapurdin. Hirurak euskaraz ere badaude. Android eta iOS sakelako telefonoentzat daude eskuragarri.

Aplikazioek hondartzetako banderen sistema erabiltzen dute jendeari informazioa helarazteko: berdea, joateko moduan; horia, kontuz ibili; eta gorria, ezin da sartu. Nik Hondartzak-ek eta Bizkaiup-ek hondartzetan dauden pertsonen kopurua zehazten dute, joan nahi dutenek sarbidea izango duten jakin dezaten.

Kaliloren kasuan, ez du horrelako informaziorik ematen: uraren, eguraldiaren eta hondartzara iristeko bideen inguruko datuetan zentratzen dira bereziki.

BIZKAIUP

Bizkaiko Foru Aldundiaren informazio orokorreko aplikazioa da hau, duela urte batzuetatik martxan dagoena. Aldundiko berriak bizkaitarren eskura jartzen ditu. Azken hilabeteetan koronabirusak sortutako egoeraren eraginez, bi elementu gehitu zitzaizkion: tramite administratiboak egiteko ordua eskatzeko aukera, batetik, eta Bizkaiko hondartzen egoera kontsultatzekoa, bestetik.

Joan den ekainaren 15ean jarri zen martxan aplikazioaren zerbitzu hori. Hondartzaren edukiera eta itsasoaren egoera koloreen bidez —berdea, horia eta gorria— adierazten dira Bizkaiko kosta irudikatzen duen mapan. Bertan egoteko denboraren inguruko aholkuak ere ematen dizkie erabiltzaileei, hiru ordu, hain zuzen, eta hondartzetako aparkalekuak beteta dauden edo ez adierazten du.

Datu gehigarri gisa, hondartza dinamikoak adierazten ditu aplikazioak; ibiltzeko eta bainu bat hartzeko egokiak diren baina bertan eguzkirik hartu ezin den hondartzak, hain zuzen.

Hondartzetako pertsonen fluxua kontrolatzeko neurriak hartzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia, kostako herrietako udalekin batera. Jende kantitatea zein den jakin eta aplikazioa eguneratzeko, Ertzaintzarekin eta sorosleekin daude harremanetan une oro, aplikazioan guztiaren berri emateko.

NIK HONDARTZAK

Berria da aplikazio hau, espresuki uda honetarako sortua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektua izan da, eta Azti fundazioak teknikoki garatu du. Aztik berak sortutako Kostasystem bideometria sarean oinarritu dira hondartzetan dauden pertsonen kopurua kontrolatu ahal izateko.

Sistema hau Gipuzkoako itsas lerroaren jarraipena egiteko sortu zen, 2018an, Ingurumen eta Obra Publikoen Sailak ateratako foru arau baten barruan. Gipuzkoa Klima 2050 izan zen araua, eta klima aldaketari begira hondartzen inguruko datuak biltzea du helburu. Kostasystemen luzera begirako erabilera bat da hori.

Epe laburrera begira, Irati Epelde Aztiko Itsas Teknologien arloko ikertzaileak adierazi duenez, «bideometria sarearen aplikazio erabilgarriak ere martxan jarri» izan nahi zituzten, eta Nik Hondartzak izan da epe motzerako sortutako proiektu hori.

Gipuzkoako hondartzetan kamerak instalatu dituzte, jende fluxua kontrolatu ahal izateko. Horietatik hamar Gipuzkoako itsasertzeko bideometria foru sarearen barruan daude, Aztik berak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan azken urteotan jarritakoak.

Saturraran (Mutriku), Santiago eta Hondarbeltz (Deba), Itzurun eta Santiago (Zumaia), Malkorbe eta Gaztetape (Getaria), Zarauzko hondartza, Antilla (Orio) eta Hondarribiko hondartza dira sarean dauden areatzak. Gainontzekoetan, Donostiakoetan, kamerak udalak berak instalatu ditu.

Kamerek hondartzaren sektore jakin baten argazkia ateratzen dute, eta sistema gai da okupatutako eremua zenbatekoa den kalkulatzeko. Pertsonek eta objektuek —toallek, eguzkitakoek— okupatzen duten azaleraren eta hareak okupatzen duen azaleraren arteko erlazioa egiten du sistemak.

Okupazioaren ehunekoak jaso eta gero, Epeldek azaldu duen moduan, datuen fluxua kontrolatzen dute. «Datuak zerbitzarira igotzen ditugu, eta, gero, aplikaziora doaz zuzenean». Parametro jakin batzuk dituzte jasotzen duten ehunekoaren arabera semaforoan kolore bat jartzeko; berdea, horia edo gorria.

Ordu erdian behin ateratzen dira argazkiak, eta, beraz, ordu erdian behin eguneratzen dira datuak automatikoki aplikazioan. Hondartza bateko semaforoa gorri jartzen denean, udaleko arduradunari posta elektroniko bat iristen zaio, neurriak ahalik eta bizkorren har ditzan. Horrez gain, udaletxeetako arduradunak gai dira euren hondartzetako semaforoak aplikazioan aldatzeko, baldintza meteorologikoak aldatuko balira—enbataren kasuan, esaterako— edo sistemak errorea emango balu.

Oro har, pozik daude Aztikoak. «Hasieran erronka bat izan zen, genuen denborarekin lan txukun bat egin nahi genuelako», dio Epeldek.

KALILO

«Behar bat asetzeko» sortu zuten Kalilo aplikazioa, lehengo urtean. «Herritarrek Ipar Euskal Herriko kostako informazioa izateko beharra zutelako sortu genuen», Caroline Sarrade Euskal Hirigune Elkargoko Itsasertzeko zuzendariaren arabera.

Lapurdiko kostako hondartzei eta Senpereko (Lapurdi) aintzirari buruzko informazioa ematen du Kalilok: «Aplikazioak hondartzetan bainatzeko baldintzak adierazten ditu; hondartza bakoitzeko banderaren kolorea adierazten du, zehazki. Uraren kalitateari buruzko informazioa ere ematen du. Izan ere, uraren kalitatea okertzeko arriskua baldin badago, hondartza itxi egiten dute», esan du Sarradek.

Eguraldiari buruzko datuak eta mareen ordutegiak ere ematen ditu aplikazioak, eta hondartzen inguruan dauden dendei, autobus geltokiei eta osasun zentroei buruzko informazioa azaltzen da bertan. «Informazioa egunero dago eskuragarri, maiztasun horrekin eguneratzen dutelako», Sarrade arduradunaren arabera. Gainera, «gustuko hondartza» hautatzeko aukera ere eskaintzen du Kalilok, hondartza horri buruzko informazioa berehala eskura izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.