Alessandra Priante. MTE Munduko Turismo Erakundeko, Europako sailaren zuzendaria

«Venezia hotel erraldoi bat da; herritarrek alde egin dute»

Turismoa «esperientzia onekin» lotzen du Priantek, baina hori «ezinezkoa» da helmuga turistikoak jendez lepo daudenean. Horri aurre egiteko, «kudeaketa egokiagoak» behar dira.

ALESSANDRA PRIANTE.
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Italiako Turismo Ministerioarekin urte luzez elkarlanean aritu ondoren, MTE Munduko Turismo Erakundeko Europako sailaren zuzendaria da egun Alessandra Priante (L'Aquila, Italia, 1971). Haren arabera, bisitari kopurua baino gehiago, «helmuga turistikoen kudeaketa desegokia» da arazoa.

Ikusi gehiago:BARTZELONA, MASA TURISMOAREN MEKA

Masa turismoa orduan ez da arazo iturri?

Gorroto ditut definizioak, eta, nire ustez, masa turismoa ez da existitzen. Gaur egun, munduko bazter guztiak daude edo egon daitezke jendez lepo; uda partean, batez ere. Kontrolik ez dagoen lekuetan pilatzen dira masak, kudeaketa egokirik ez dagoen lekuetan.

Imajinatu 50 metro karratuko pisu batean bizi zarela, eta festa bat egitea erabaki duzula. Pisuan kabitzen diren 25 pertsonak gonbidatu ordez, mila lagun gonbidatzen dituzu, eta horietatik guztietatik, 800 inguru joaten dira. Bat bestearen gainean jarriz gero, kabitu, kabituko dira. Baina jendeak ez du ondo pasatuko, eta ez da itzuliko.

Eta turista asko izaten dituzten lekuetan, hori gertatzen da?

Bai, antzeko zerbait. Adibidez, Italian, bada Cinque Terre izeneko leku bat. Bost herri txiki inguruk osatzen dute, eta mendialdean daude, itsasoari begira. Zenbat jende sartzen da horietan? Zenbat ibili daitezke kale estu horietatik zehar? Ez dago nahikoa ostatu, nahikoa jatetxe eta nahikoa baliabide egunero iristen diren bisitari guztiak hartzeko.

Hor kudeaketa desegokia da arazoa. Edonork bisitatu ditzake herrixka horiek, baina ezin dituzte 4.000 pertsonak aldi berean bisitatu.

Baina sarrera mugatzea al da horretarako konponbidea?

Ez dago zertan sarrera kontrolatu. Europan ezin ditugu lurraldeen sarrerak mugatu: mugimendu askatasunaren aurkako neurria litzateke hori. Baina bisitari asko izaten dituzten lekuek har ditzakete zenbait neurri: aldi berean leku horietan egon daitezkeen pertsona kopuruari muga bat jartzea, adibidez, edo txandak egitea.

Cinque Terre aipatu duzu, baina Veneziak ere antzeko arazoa izango du…

Bai. Are, Veneziak arazo estrukturala du. Ezin dira aldi berean X pertsona baino gehiago X denbora baino gehiago han izan, konponezinak diren kalteak eragin gabe. Izan ere, makilatxoen gainean eraikitako hiri bat da Venezia, eta ezin du hainbeste jende hartu.

Halere, milioika turistak bisitatzen dute urtero…

Bai, hiria turistaz lepo dago, egunero. Itsasotik, airetik eta lurretik iristen dira. Adibidez, gurutzaontzi bat iristen denean, 3.000 lagun inguru jaisten dira hirira kolpetik. Hori ez litzateke egin behar.

Bertakoak nazkatuta egongo dira honezkero.

Dagoeneko ez da bertako ia biztanlerik han. Gaur egun, hotel erraldoi bat da Venezia; herritarrek alde egin dute.

Eta zer egin daiteke hori eragozteko?

Ba, oso garrantzitsua da gizarte jasangarritasuna zaintzea. Baina hori lortzeko, aintzat hartu behar dira helmuga turistikoetako biztanleak ere, eta parte hartu behar dute leku horretan bultzatu nahi den turismo motaren inguruko eztabaidan. Adibidez, Erromak milioi bat turista inguru izaten ditu hilean, baina oraindik badira Erroman jaio eta Erroman bizi diren herritarrak. Norbaitek galdetu die haiei zer nahi duten? Ezin da onartu herritar batek Panteoia bisitatu nahi izatea, eta lau kilometroko ilarak daudelako ezin horra sartzea.

Baina ilara luze horiek turismoa berreskuratu izanaren seinale ere badira, eta sektoreko konpainiek, ziur, eskertuko dituzte, ezta?

Bai, noski. Pandemiak gogor jo zuen sektorea; turismoaren industria eten egin zen egun batetik bestera. Jende asko langabezian gelditu zen, eta, orain, urte horietan galdutako dirua berreskuratzen saiatzen ari dira sektoreko konpainia gehienak. Halere, pandemia aurreko datuak gainditu dituzte dagoeneko zenbait tokitan.

Gauza ona da hori, edo?

Ez dakit. Irtenbidea ez da pandemia aurreko egoera berera itzultzea. Lehen egindako oker berak ez errepikatzea da kontua. Helburua bakarrik bada etekin ekonomiko handiak izatea eta bisitari asko izatea, oker goaz.

Turismo eredua aldatu behar litzateke orduan?

Bai. Jasangarritasunaren inguruan hitz egiten dugu etengabe, plastikoa murriztu beharraz, baina ez dugu ezer egiten.

Erakundeek lagun dezakete horretan?

Gure lana da aldatu beharreko kontuak etengabe errepikatzea, eta jasangarritasunarekin lotuta dauden helburuak behin eta berriz gogoraraztea. Baina, ondoren, herrialde bakoitzeko gobernuaren esku dago helburu horiek betetzeko neurriak hartzea.

Masa turismoa ez dela existitzen diozu. Baina badira bisitariz lepo dauden lekuak, eta ia-ia turistarik izaten ez dutenak. Zerk egiten du leku bat erakargarri?

Gomendatutako lekuetara joateko ohitura du jendeak, baina askok ere izaten dute toki ezezagunetara joateko gogoa. Halere, turismoak kalte handiagoak eragin ditzake horretarako prest ez dauden lekuetan. Horregatik, eskualde bateko aukera guztiak aintzat hartzen dituen epe luzerako estrategia bat osatu behar dute turismo konpainiek; helmuga turistiko handien eta horien inguruko landa eremuen arteko oreka bilatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.