Hondurasko LGTBI kolektiboaren egoera

Eguneroko ogia biolentzia denean

Hilketa tasa izugarriak dituelako da ezaguna Honduras. Azken hamarkadako ezegonkortasun politikoak eta gaizkile taldeek jarduteko duten askatasunak areagotu egin dituzte pobrezia eta gobernuaren errepresioa. Eragina are eta nabarmenagoa da gizarteko talde ahulenetan: LGTBI kolektiboan, adibidez.

Hondurasko LGTBI kolektiboaren manifestazioa, aurtengo maiatzean, Tegucigalpan. HUMBERTO ESPINOZA /EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Azken hamarkadan Erdialdeko Amerika indarkeria eta hilketa tasa handien ondorioz egin da ezagun. Eskandalu politikoak, narkotrafikatzaileak eta mara izeneko gaizkile taldeak dira protagonistak.

Hondurasen bederatzi milioi biztanleko herrialde bat dago horren atzean, gertakari horiek pobreziarekin eta errepresioarekin ordaintzen dituena. Muturreko pobrezian bizi dira familien %38.

Duela gutxi arte liderrak ziren hilketa tasan. El Salvadorko bizilagunek kendu zioten Hondurasi zerrenda horretako lehen postuan egoteko «ohorea», eta gaur egun munduko laugarrena da: 100.000 biztanleko 43,6 hilketa daude Hondurasen urtero —60 El Salvadorren—. Hildakoen erdiak baino gehiago 12 eta 30 urte artekoak dira.

Biolentzia egoera horrek eragin berezia du kolektibo ahulenetan. Elizak eta gobernuak seinalatutako kolektiboak etengabeko arriskuan bizi dira. Tartean, LGTBI kolektiboa: kide direnen bizi itxaropena 34 urte eskasekoa da, eta 300 baino gehiago hil dituzte 2009tik.

Egoera politikoa

Gaur egun Hondurasen jasaten duten errepresioak 2009ko estatu kolpean du jatorria. Urte hartan armadak Manuel Zelaya presidentea bahitu eta herrialdetik bota zuen, elite politikoen, ekonomikoen eta eklesiastikoen babesarekin; ez zeuden eroso Zelayak Venezuelarekin eta Kubarekin zuen gertutasunarekin. AEE Amerikako Estatuen Erakundeak gertakaria estatu kolpetzat jo zuen arren, Zelayak ezin izan zuen bere legealdia amaitu.

2011n irabazi zituen bozak Porfirio Lobo Alderdi Nazionaleko hautagaiak, baina, haren ustelkeria kasuen ondorioz, Juan Orlando Hernandez iritsi zen boterera 2013an.

Egoerak okerrera egin zuen 2017an. Hondurasko Konstituzioak presidente berak bi legegintzaldi ezin dituela egin dioen arren, berriz aurkeztu zen Hernandez; Diktaduraren Aurkako Koalizioko Salvador Nasralla zen oposizioko liderra.

Bozen %57 zenbatuta zeudenean, bost punturen aldea zuen bere alde Nasrallak. Ondoren nahastu zen egoera: sistemak akatsak izan zituen, egunak iraun zuen zenbaketak eta, azkenean, puntu baten aldearekin garaile izan zen Hernandez. Iruzur itxura nabarmena zuten hauteskundeek, eta, oposizioak emaitzak onartu ez zituela eta, kalera irten ziren herritarrak. Protestek gutxienez 23 hildako eta 1.000 atxilotu baino gehiago eragin zituzten, baita hamar eguneko salbuespen egoera ere. Errepresioa eta militarizazioa nabarmen handitu dira ordutik.

«Gaixoak bagina bezala tratatzen gaituzte»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.