Euskal Eskola Publikoaz Harro-k manifestaziora deitu du legearen aurka

Azaroaren 5ean egingo dute manifestazioa, Bilbon. Uste dute Hezkuntza Legeak ez diola lehentasunezko traturik emango sare publikoari

Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren agerraldia, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Zerbitzu publikoak pribatizatzearen aldeko apustua egitea, sareen dualtasunari eustea, euskalduntzerako «atzerapausoa» izatea eta laikotasuna ez bermatzea. Arrazoi horiek emanda, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak agerraldia egin zuen atzoBilbon, Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legeari «ezezko borobila» emateko. Eta protestara deitu dute: azaroaren 5ean manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean Bizkaiko hezkuntza ordezkaritzatik abiatuta.

Plataformak hogei bat eragileren izenean hitz egin du. Hain zuzen, taldean daude, besteak beste, EHIGE, Heize, Ikasle Abertzaleak, Ikama eta Steilas. Hezkuntza Legeak eskola publikoa defenda dezala dute xede, eta salatu dute irailean ezagutarazi zuten aurreproiektuaren lehen zirriborroa ez doala bide horretatik: «Sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du».

Ez dute bat egiten, halaber, zirriborroaren Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoarekin ere —ikastetxe publikoak eta itunpekoak egongo dira bertan—. Beste ildo batetik jo behar dela uste dute, eskola publikoa sistemaren «benetako ardatz» izan dadin, «gizarte kohesioa eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortzeko». Horretarako, «zentzuzko planifikazioa» galdegin dute, «eskola postuen eskaintza errealitatera egokitzea» eta pribatuen «gehiegizko eskaintza» ez ituntzea. Gainera, ezinbestekoa iruditzen zaie sare publikoari «beharrezko baliabide guztiak» ematea, baita ikastetxeak publifikatzeari bideak zabaltzea ere.

Euskalduntzearen inguruan ere badute esatekorik. Salatu dute aurreproiektuak ez duela jasotzen murgiltze eredua, ezta hizkuntza ereduak gainditzea eta euskal curriculuma ere.

Gainera, aldarrikatu dute hezkuntza sistemak laikoa izan behar duela. Legeak, ordea, aurkakoa planteatzen duela diote.

LAB eta ELA ere bai

Euskal Eskola Publikoaz Harro taldearen adierazpena izenpetu ez badute ere, LAB eta ELA sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin, aparteko ohar banatan. Protestara joateko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.