ETAren behin betiko su-etenaren hamargarren urteurrenaren harira, adierazpen instituzional bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Hiru gogoeta plazaratu ditu; iraganari, azken hamar urteetako bilakaerari eta etorkizunari begirakoak. Bingen Zupiria bozeramailearen esanetan, testua «ikuspegi itxaropentsu eta konprometitu baten» erakusle da, «oinarri demokratiko partekatuko» etorkizun baten aldekoa delako. Hala, «euskal gizartearen gehiengo handi baten sentimendua» ordezkatzen duela uste du.
«Atzera begira», Jaurlaritzak «zentzugabetzat» jo du ETAren «jarduera terrorista», eta nabarmendu hura «modurik irmoenean gaitzesten eta salatzen» duela: «Berrogeitaka urtez iraun zuen indarkeriazko jarduna ezagutu dugun eskubide eta askatasunen urraketarik larriena izan zen». Horren ondorio dira «ETAk utzi zituen 854 hildakoak eta zauritutako, bahitutako, mehatxatutako eta estortsionatutako milaka pertsonak», azaldu du Zupiriak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Hartara, su-etenetik gaurdainoko epea «baikorra» izan dela azaldu du, eta gehitu hura «gizarte gisa norabide onean» emaniko «pauso sendo eta erabakiorren» ondorio dela: «Gizarte bezala konfiantza berreskuratu dugu geure gaitasunetan, eta hori ere aurrerapen esanguratsua da».
Prozesu horretan, «biktimen aitortza», «erakundeena, gizartearena eta morala», lehen pauso bat dela uste du Jaurlaritzak. «Biktima guztiena», nabarmendu du Jaurlaritzak adierazpenean: «Bai ETAren biktimena eta bai eskubideen urraketa guztien biktima izan diren guztiena». Izan ere, Zupiriaren esanetan, bizikidetza bada helburua, ezin da inor atzean utzi. Hori kontuan izanik, etorkizuna eraikitzeko memoriak duen garrantzia azpimarratu du.
«Bizikidetza da bidea»
«Itxaropenez eta konpromisoz betetako» azken gogoetabatean, «printzipio eta balio demokratikoetan oinarrituriko» etorkizun baten aldeko apustua defendatu du Eusko Jaurlaritzak. Printzipio horiek «pertsonaren duintasuna, giza eskubideen errespetua eta berme eraginkorra, indarkeriarik eza, errespetua, elkarrizketa, aniztasuna eta pluraltasuna» dira, Zupiriak azaldu duenez: «Bat gatoz denok bizikidetza indartzeko eta hobetzeko printzipioak direla, eta bizikidetza da bidea».
ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena
Gizartea bide onean doala adierazi du Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu