Irakurtzea beharrizan eta ohitura zaharra bada ere, neurri batean oraindik ere ezezaguna da nola gertatzen den irakurtzen ikasteko prozesua: zer-nolako loturak eta mekanismoak izaten diren garunean, esaterako. BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroak Dysthal ikerketa proiektua abiatu zuen, prozesu hori ikertzeko eta argitzeko. 2019an hasi zen, eta 2022aren bukaerara arte iraungo du.
Dysthal proiektuak bi helburu ditu: batetik, ikertzea ea haur eta nerabeek nola ikasten duten irakurtzen, zer mekanismo edo tresna erabiltzen dituzten ikasketa horretan; bestetik, jakitea ikasketa prozesu horretan garuneko zer mekanismok parte hartzen duten. Gipuzkoako 9-16 urte bitarteko haur eta nerabeekin egingo dute ikerketa: hau da, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailara. Adin tarte zabala, adin batetik bestera aldaketak gertatzen diren ikusteko, besteak beste.
Ikerketa abian da. Bi fase izango ditu, eta lehena egin dute, iragan ikasturtean. Gipuzkoako zortzi ikastetxetako D ereduko mila haur eta nerabe inguru ebaluatu zituzten. Ikasleen soslaiak nahi zituzten. Horretarako, tabletak utzi zituzten eskoletan. Ikasleek tabletetako ariketak egin behar izan zituzten: irakurketakoak, irudi bat ikusi eta haren izena esateko abiadura neurtzekoak, hitzak entzutekoak...
«Azaleko probak ziren», zehaztu du Amaia Aierbek, Dysthal proiektuaren koordinatzaile eta neuropsikologoak: «Mila haur horien gaitasunak nolakoak ziren jakin nahi genuen, ikuspegi orokor bat eduki, haien soslaiak osatzeko».
Lehen fasean tabletetako ariketen bidez neurtu duten gaitasunetako bat kontzientzia fonologikoa izan da: hau da, «hitzen fonemak edo soinuak identifikatzeko, horiek buruan manipulatzeko eta horiekin lan egiteko gaitasuna». Irakurtzen ikasteko eta irakurtzeko, hizkiak eta hitzak dagozkien soinuekin lotzea funtsezko gaitasuna da.
Lehen fasean ebaluatutako mila haur eta nerabeak multzotan bildu dituzte, ariketetako emaitzen arabera; irakurketa eta irakurle motak sailkatu ahal izan dituzte. Horrela, badakite zenbat haur eta nerabe dauden emaitzen batezbestekoaren kurban; zenbat goitik; zenbat behetik, eta zenbat muturretan.
Haurren soslaiak osatuta, bigarren fasean, datozen hilabeteetan, parte hartzaileen erdiak aukeratuko dituzte —450 inguru— haien soslaiaren arabera, proba zehatzagoak eta sakonagoak egiteko; ez eskoletan, baizik eta BCBLren Miramongo egoitzan, Donostian. Soslai edo multzo guztietako haur eta nerabeek parte hartuko dute, ikerketan guztiak hartuko baitituzte aintzat, batzuk besteekin alderatzeko: «Alderatu nahi dugu irakurketan zailtasunen bat izan dezaketen haurren garunak nola funtzionatzen duen, eta zailtasunik ez dutela diruditen beste batzuenak nola funtzionatzen duen».
Irakurketari lotutako ariketa zehatzagoak egingo dituzte, bai papera eta arkatza erabiliz, bai tabletak baliatuz, eta baita erresonantzia magnetikoa ere.
Erresonantzia magnetikoaren bidez, haur eta nerabeen garunaren funtzionamendua ikusiko dute: garuneko zer atal eta nola aktibatzen diren.
Erresonantzia magnetikoa
Erresonantzia magnetikorako makinan sartuta, batzuetan haur eta nerabeek ez dute ezer egin beharko —film bat jarriko diete ez aspertzeko—. Baina ezer egiten ez duten bitartean, BCBLko ikertzaileek haien garuna aztertu ahal izango dute, «nolakoa den egitura aldetik».
Besteetan, ordea, ariketak egin beharko dituzte, eta orduan barneko funtzionamendua ikusi eta aztertu ahal izango dute: «Erresonantzia funtzionalaren ezaugarria da bide ematen digula digula jakiteko ea gure garunak nola erreakzionatzen duen ariketa baten aurrean», Aierberen esanetan. Ariketa bakoitzean garuneko zer atal jakin eta nola aktibatzen den ikusi ahalko dute, aktibatu ahala. «Horrek lagunduko digu pixka bat erlazionatzen gaitasun jakin bat aktibazio maila batekin».
Sarritan garezurraren barruko organo guztiak garun izenpean biltzen dira, baina, garunaz gain, beste hainbat osagai edo zati daude. Horietako bat talamoa da, hiru zentimetro ingurukoa eta obalo formakoa.
«Neurobiologia arloan, tradizionalki, garun azala, garunaren kanpoko aldea, aztertu izan da gehienbat», azaldu du Aierbek. Azken urteetan, ordea, gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaie garun azalaren azpian dauden guneei, «fisikoki garunean sakonago daudenei».
Horietako bat da talamoa, eta Dysthal proiektuan garrantzi handia emango diote talamoari. Zergatik? «Orain arte uste izan da talamoa informazioa pasatzen zen egitura bat zela, besterik ez; baina azkeneko hamabost urteetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da».
Talamoari buruzko ikuspegia aldatu egin da: ikertzaileek ikusi dute talamoa oso garrantzitsua dela garunak jasotzen duen informazioa integratzeko. «Zehazki», argitu du Aierbek, «talamoa konektatuta dago garun azaleko hainbat gunerekin, eta, kasu honetan, baita irakurketa gaitasunarekin lotuta dauden garun azaleko guneekin ere».
Dysthal proiektuan talamoaren eta garun azalaren arteko loturak aztertuko dituzte, ea bien arteko lotura nolakoa den eta «ea lotura horrek parte hartzen duen irakurketa prozesuan». BCBLko ikertzaileek uste dute baietz: gero eta agerikoagoa delalotura horrek parte hartzen duela irakurtzeko prozesuetan. Eragina nolakoa den eta zenbaterainokoa den jakin nahi dute.
Hipotesi berriak
Irakurtzea fenomeno zaharra da; oinarrizkoa ere bai. Garunaren eta entzefaloa osatzen duten elementuen ikerketan eta ezagutzan asko aurreratu da; elkarren arteko loturetan ere bai. Deigarria da, beraz, halako lotura bat aurretik zehazki ikertu ez izana. «Horregatik da gure ikerketaren puntu garrantzitsuenetariko bat», nabarmendu du Aierbek. Teknologia berriak lagungarri dira fenomeno zaharrak eta ezagunak ikuspegi eta hipotesi berriekin ikertzeko.
Punta-puntako teknologia dute BCBLn: erresonantzia magnetikorako makina, esaterako. Haur eta nerabeek ohatila batean etzan behar izaten dute, eta barrura sartu; kanpoko errealitatetik bakartu. Ikerketa zentroan eskarmentu handia dute haurrekin eta halako makinekin lanean.
Lehen fasean haur eta nerabeen irakurketa maila eta garapen ezberdinak ikusi dituzte. Bigarren fasean, neuroirudiei esker,ikusi ahalko dute ea maila eta garapen ezberdin horiek islarik duten garunaren funtzionamenduan: «Proiektu honen bidez espero dugu ikusi ahalko dugula zer atal aktibatzen diren, bai irakurtzeko zailtasunik ez dutenen kasuan, bai zailtasunak dituztenetan. Gero, batzuk eta besteak alderatuko genituzke, eta antzekotasunak eta desberdintasunak zehaztu ahalko genituzke».
Ikerketa bukatutakoan, irakurketa modu edo estrategia ezberdinen ereduak sortzea da asmoa, baita irakurtzeko zailtasunena ere: dislexia dutenena, esaterako. Ereduak sortuz gero, urte gutxirekin jakin ahalko litzateke haur bakoitza zer eratako irakurlea den.
Aierbek argitu nahi izan du ez dela irakurtzeko zailtasunei eta dislexiari buruzko ikerketa bat; jakin nahi dutela irakurtzeko zailtasunik ez dutenek ere nola ikasten duten irakurtzen: «Jakiten dugunean zer mekanismo dauden arazorik gabeko irakurketa prozesu batean, hobeto ulertuko dugu nola funtzionatzen duen zailtasunak dituzten pertsonetan».
Gaur egun, erresonantzia magnetiko bidez garunaren irudiak ikusita ez da posible esatea noiz dagoen arazorik gabeko irakurketa prozesu bat eta noiz dislexia. «Ez gara horretara iritsi, baina egia da pixka bat horretara goazela», argitu du Aierbek.
Diagnostiko goiztiarra
Erresonantzia magnetikoaren bidez dislexiaren diagnostiko goiztiarra egitea lagungarria litzateke, «gaur egun haurrak 8 urte izatea baita dislexia diagnostiko bat egiteko baldintzetako bat». Ikerketaren bidez ikusiko balute, esaterako, dislexia duten pertsonetan talamoak eta garun azalak modu jakin batean funtzionatzen dutela, diagnostikoa aurreratuko litzateke, eta, beraz, baita dislexiaren lanketa ere. «Baina oraindik asko dago egiteko eta ikertzeko», ohartarazi du.
Oraingoz, ikertzaileek galdera gehiago dituzte erantzunak baino. «Ikerketa honetan planteatzen ditugun galderak erantzuteko gai baldin bagara», aurreratu du Dysthal proiektuaren koordinatzaileak, «jakingo dugu zer elementuk errazten eta zerk oztopatzen duten irakurketa garatzea». Hori jakinda, irakurtzen ikasteko estrategia berriak sortu daitezke; baita, zailtasunak dituztenen kasuan, «esku hartzeen eta tratamenduen eraginkortasuna handitu ere».
BCBLk haur eta nerabe gehiagorekin egin nahi du ikerketa. Ikerketa bukatzerako, 2022aren amaieran, bi mila inguru ebaluatzea espero dute. «Izan ere», Aierberen esanetan, «zenbat eta lagin handiagoa, ikerketaren ondorioak orduan eta sendoagoak eta fidagarriagoak». Dysthal proiektuarena da BCBLk landu duen laginik handienetako bat. La Caixaren laguntza izan dute.
Hitzak irakurtzetik garuna irakurtzera
BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroak abian du Dysthal proiektua, D ereduko haur eta nerabeen irakurketa estrategiak ikertzeko eta irakurketa prozesuan parte hartzen duten mekanismo neurobiologikoak ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu