Batzuek bultza egiten dute, besteek aurrera egin dezaten. Donostiako udaletxe barrutik kanpoko patiorantz doaz dozenaka pertsona, festen hasierako kanoikada hasi baino ordu erdi lehenago: gurpil aulkian batzuk, eta oinez besteak. Aspaceko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko kideak dira. Haiek izan ziren atzo Donostiako Aste Nagusiko kanoikadako protagonistak. Baita Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilariak ere. Bakoitzaren lorpenak ospatu zituzten elkarrekin, jaiei hasiera ematearekin batera.
Ez dira askotan egoten arretagunean: garun paralisidunak batzuk, kameraren atzean, besteentzat argazkiak ateratzen besteak, eta igerilari paralinpiarrak azkenak. Badute zer ospatua, ordea: 50 urte bete ditu aurten Aspacek; 75 urte, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak. Llopis eta Zudaire, aldiz, Manchesterren (Ingalaterra) jokatutako munduko txapelketatik dominak soinean itzuli dira. Aitortza eta harrera eguna izan zen haientzat.
18:30ak dira, eta mukuru betea dago Alderdi Eder: patioaren albo batean, Artillero abestiaren hitzak errepasatzen ari dira Zudaire eta Llopis, hitzak eskuan. «Oso pozik» dago lehena, bi arrazoi direla eta: «Lehen aldia da hemen gaudela, ikuspuntu honetatik. Eta emaitzengatik ere bai, oso pozik, noski». Gustura hartu du horrelako harrera bat Llopisek ere: «Beti egin digute harrera ona udaletxean, eta oso eskertuta gaude».
Rosa Iglesias Gipuzkoako Aspaceko lehendakariordea, berriz, «urduri» dago oholtzaren alboan. Etenik gabe ari da lagunak agurtzen, zazpiak artean. «Oso garrantzitsua da hemen egotea guretzat. Hainbeste pertsona festetan gozatzen, oso polita da». Hainbeste urtean egindako lanak «merezi du», haren hitzetan.
Protagonistak udal ordezkariekin batera oholtzara igo, eta zazpiak izateko bi minutu falta zirela entzun da musika: elkarrekin abestu dute: «Artillero, dale fuego, ezkontzen zaigula pastelero...». Gutxi iraun dute oholtza gainean, ordea. Tantaka-tantaka, bertatik jaitsi, eta dantzan hasi dira gehienak, bikoteka. Gurpil aulkiak ere ez dira oztopo, alde batera eta bestera mugitzeko.
Kanoiaren eztanda entzun da lehenik, eta atzetik bete da plaza serpentina zuriz eta urdinez. Taupada batukadako kideak hasi dira danborrak jotzen, eta txaranda doinuek jarraitu diete, ondoren. Ezkutuan dauden horiek argitara, eta hiri osoa festara: hasi da Donostiako Aste Nagusia.
Donostiako Aste Nagusia
Ezkutuan dauden horien kanoikada
Aspaceko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko kideak izan dira Donostiako Aste Nagusiko kanoikadako protagonistak. 'Artillero' elkarrekin abestu ondoren hasi dira festak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu