Garai zailetan geratzen dira agerian lehentasunak eta irizpide nagusiak: lan moldeak zein diren, arlo eta eskubide batzuei zenbateko garrantzia ematen zaien, gai batzuek zenbateko zeharkakotasuna duten benetan. Osasun larrialdiak agerian jarri du euskararen, hizkuntza politikaren eta hizkuntza eskubideen egoera larria. Aspaldi ez bezalako neurrian ageri da zokoratua, jardun publikotik baztertua, agendatik eroria. Osasun larrialdiaren azpian, euskara indarberritzearen urgentziak lekua nabarmen galdu du erakundeen eremuan, eta arrisku handia du eremu sozialean agendatik at geratzeko.
Erakundeen jokabide okerra argia izan da asteotan. Agerraldi publikoetan, adibidez, hutsaren hurrengo lekua du euskarak. Iragarpen ofizialek ikusmin handia sortzen dute egunotan, herritarrek ezinbestekoak baitituzte, nola jokatu behar duten jakiteko.
Euskara baztertuta utzi dutela, argigarriak dira egunotako lau adibide. Bat: Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak jarraibide batzuk prestatu ditu, tabernak irekitzerako zer prebentzio neurri hartu, eta udalei bidali dizkie Eudel udal elkartearen bidez. Erdara hutsez: «Presazko izaera duelako, dokumentazio hori bakarrik gaztelaniaz aurreratzen da». Lau egunera bidali diete euskaraz, tabernak ireki eta gero. Bi: sail berak kanpaina bat prestatu du «bertako turismoa» sustatzeko. Erdaraz dago bideo guztien ahotsa, eta bakarrak ditu euskarazko azpidatziak. Kazetari batek argibideak eskatu ondoren, bideo horri kendu egin diote erdarazko ahotsa, baina ez diote euskarazkorik jarri. Hiru: igande arratsean, lehen fasea hastear dela, Nafarroako Gobernuak argibide dokumentu bat plazaratu du, herritarrei datu praktikoak emateko. Erdara hutsez. Herritar batek kexua egin du, eta gobernuak hala erantzun dio: erdaraz egin dutela agiria, baina telefonoz deituz gero kasu egingo diotela euskaraz. Lau: lehen fasea hasi orduko, 00:13an, irizpideen dokumentua kaleratu du Ertzaintzak. Agiri inportantea da: zer dagoen baimendua eta zer ez —iragarri dute, adibidez, etxean ezin dela jendea bildu—. Hemezortzi ordu geroago iritsi da euskarazko kopia: 17:59.
Euskararen erabilera areagotzeko planak onartu dituzte erakundeek urteotan. Jaurlaritzak, adibidez, iaz onartu zuen azken normalizazio plana, eta aurrerapauso nabarmenak jarri zituen mahai gainean: hizkuntza eskubideak «guztiz» bermatzea, euskara lan hizkuntza izatea, gaitasuna egiaztatua daukatenek euskaraz lan egitea, hizkuntza irizpideak finkatzea eta betearaztea... Nafarroako Gobernuak munta txikiagoko neurriak zituen Euskararen Plan Estrategikoan: sail bakoitzak «erantzukizuna» hartzea, eta herritarrek hizkuntza hautatzeko aukera «modu produktiboan» ahalbidetzea. Asmo horiek guztiak paper erretan geratu dira egunotako jardunarekin.
Erakunde publikoetatik haragokoa da joera, gainera. Eragile sozial ugarik ere utzi dute euskara alde batera. Egunotan ohar bat baino gehiago bidali dute gaztelania hutsean, «urgentziagatik».
Ez da maila berean jartzekoa gizarte talde baten eta erakunde publikoen erantzukizuna —instituzioentzat obligazioa da hizkuntza ofizialetan zerbitzu ematea—, baina ardura sozialaren ikuspegia aintzat hartzekoa da guztientzat.
Hori baitu arrisku nagusietako bat orain euskararen indarberritzeak: urteotako aurrerabidea etetea, ekimen soziala ahultzea, inbertsio handia egindako arloetan esperotako emaitzak ez jasotzea.
Erronkak, urgentziazko erronkak, mahai gainean daude. Adibidez, erronka handia da eskolatik kanpo dauden milaka ikasleena: gehienek erdara dute etxeko hizkuntza, eta eskola dute euskarazko leku bakarra. Gehienak ez dira bueltatuko irail arte behintzat, udalekuak airean daude, eta agerikoa da arriskua: lehen ere suelto aritzen ez diren mihiak gehiago atzentzea. Euskaltegietan ere bada lana: aurrez aurreko eskolak etenda, azterketak airean, nola eutsi ikasleei. Nahitaezkoa da bide berriak bilatzea.
Euskara agenda sozialean jartzeko bidea izan da Euskaraldia. Helburu hori zuen Etxealditik Euskaraldira egitasmoak, nahiz eta oihartzun mugatua izan duen. Herritarrak aktibatzea du helburu Euskaraldiak, eta aurten entitateek ere badute ariketa. Sustatzaile diren aldetik, erakundeek egokiera aparta dute eredugarri izateko, herritarrei begira hasita: agirietan hizkuntza eskubideak bermatuz eta agerraldi publikoetan egun on baino gehiago euskaraz eginda. Gutxienekoa da egoera honetan ere. Eta urgentea.
Koronabirusa. ANALISIA
Euskararen urgentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu