Amaitu da gas ustiaketa Hegoaldean, eta Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien aldeko apustua berretsi zuen atzo legebiltzarrean eginiko osoko bilkuran. Iñigo Urkullu lehendakariak, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen galderei erantzunez, adierazi zuen beharrezkoa dela «energia berriztagarrien instalazioen egikaritzea azkartzea, trantsizio energetikoaren helburuak betetzeko». Berriki, Espainiako Kongresuak Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu du, eta, araua indarrean sartzen denean, Hegoaldeko gobernuek bertan ezarritako gidalerroei jarraitu beharko diete. Araua betetzeko hartuko dituen neurriak zehazteko eskatu zion Miren Gorrotxategik (EP-IU). Urkulluk ez zuen asko luzatu erantzuna, ezta argitu ere: «Eusko Jaurlaritzak legea betetzea bermatzen duten erabaki guztiak hartuko ditu legea onartu ondoren».
Legebiltzarrean estu hartu zuten Jaurlaritzako lehendakaria, klima aldaketaren aurkako legeak propio debekatzen duelako gas ustiaketa, eta Jaurlaritzak azken ordura arte eduki duelako esplorazio bide hori irekita, iragan larunbat arratsaldean ohar bidez jakinarazi zuen arte eten egingo zuela. Hain zuzen, uko egin zion Subilla Gasteizko (Araba) Armentia II putzuan gasa ustiatzeari. «Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak uste du ez duela zentzurik ustiatzeko aukerarik gabe Jaurlaritzak trantsizioZkotzat jotzen duen energia iturri bat esploratzeak», adierazi zuen.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak atzo leporatu zion azken minutura arte «zulatzearen alde» borrokan jarraitu izana. «Azkenean, ados jarri gara: ez du zentzurik gasa ustiatzen jarraitzeak». Hala, Oterok eta Gorrotxategik nabarmendu zuten Jaurlaritzaren erabakia mugimendu ekologistek eta sozialek egindako lanari esker lortu dela. Gogor jo zuen Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak: «Ahal den guztia egin duzue arau hori eragozteko». Oterok eskerrak eman nahi izan zizkion herri mobilizazioari, eta zulaketen aurka agertu ziren milaka lagunei. «Horiei esker, plan guztiak atzeratu ziren; eta horri esker geldiarazi du dena onartu den legeak».
EAEn badaude klima aldaketari aurre egiteko plan eta estrategiak, eta horiek Madrilgo legearekin uztartu beharko dira. Urkulluk gogoratu zuen tramitatzen ari direla Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren aurreproiektu legea; baita Energia Eolikoen Lurralde Plan Sektoriala ere. «Energia berriztagarriak dira gure helburua. Gasa trantsiziorako elementua da».
Nafarroako Gobernua ere ari da klimari aurre egiteko lege proiektu bat lantzen. BERRIAri azaldu diotenez, Espainiak indarrean jarriko duen arauaren osagarria izango da, herrialdearen errealitatera egokitua. «Laster onartuko da». Legeak ibilbide orrietan eta planetan ezarritako helburuak nola gauzatu planteatuko duela adierazi dute, eta, beraz, «oso garrantzitsua» dela.
Klima aldaketa
Amaitu da gas ustiaketa
Urkulluk dio beharrezkoa dela energia berriztagarrien instalazioak azkarrago ezartzea. Mugimendu ekologista eta sozialek egindako ahalegina goraipatu dute Gorrotxategik eta Oterok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu