Irailaren 8an Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Kale Nagusia igarotzen duenean han sortzen den «tentsioa» erabili du Txomin Sagarzazu alkateak desfileen ordutegi aldaketa defendatzeko argudio gisara. Jendea alardea ikusteko zain egoten da han; pertsona horietako askok ez dute gogoko jaiaren hautu parekidea, eta itsuskeriak egiten dituzte, horregatik, Jaizkibel igarotzen denean, plastiko beltzak eta alarde parekidearen aldeko pankartak zabaltzen dituzte, kontrako mezuak oihukatzen dituzte, eta zarata egiten dute. Desfilea desitxuratzen saiatzen dira: lokazten. Giro aski gordina izaten da. Tentsioa deitu diote sarri egoera horri. Jakina, sortu ditu egoera deserosoak, mingarriak. Baina, muinean, horren guztiaren jatorria ezinikusia da: alarde parekidearen kontra dihardutenek Jaizkibeli dioten herra. Eta alkateak esaten duenean ordutegia aldatu behar dela, nolabait ere, ontzat ematen du ezinikusi hori: esaten ari baita tentsiorako motibo dela hainbat pertsonarentzat Jaizkibel begien aurrean ikusi beharra, eta hori aldatzera egin behar dela. Eta larria da hori.
Aspaldiko aldarria dute alarde baztertzailearen aldekoek ordutegiaren aldaketa: Jaizkibel beren begien paretik kentzea nahi dute, festaren bihotzetik aldentzea. Jaizkibelen, ordea, ez dute beste zerbait izan nahi: alardea izan nahi dute. Jaizkibelen jatorrizko eskea da andreak ere alardeko parte izatea, eta horrexegatik jarraitzen dute oraindik ere konpainia bat izaten: egunen batean alardean egoteko asmoarekin. Eta jaiaren muinean egon behar dute hori aldarrikatzeko, herritarrak usadioaren inguruan batzen diren ordu eta gune horren bueltan. Behin urrats hori eginda, trabarik gabe uzten diote oraindik ere andreei aterik ireki ez dien desfileari urteroko handitasunean loratzen; egunen batean hantxe egongo diren esperantzan.
Jaizkibelek badu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako baimena, eta pentsatzekoa da horrekin irteteko era izango dutela: ohiko orduan. Baina zinetan dira ulertzen zailak alkateak egindako adierazpenak. Alarde egunetik hain gertu, halakoek bai, halakoek sortzen dute «tentsioa». Jaizkibelen nekez hartuko dituzte begi onez; asmoaren berri hedabideen bidez jaso izanak, gainera, mindu egin ditu. Alarde parekidearen kontra gotortutakoentzat, berriz, hauspoa izan daitezke Sagarzazuren hitzak. Ezinikusian hazten jarraitzeko motibotzat har ditzakete: jarraitu dezakete esaten Jaizkibelena dela errua, ordutegi aldaketa ez onartzeagatik, eta haien aurrean agertzeagatik. Izateagatik.
Mugimenduak izan dira azken hilabeteotan Hondarribian; gatazkaren aldeen artean elkarrizketarako oinarri batzuk jartzeko modua egon daitekeela erakusten duten ahaleginak. Antzuak izan dira, eta agerian geratu da arazoa oraindik oso zuztartuta dagoela. Harritzekoa ere ez da. Instituzioen partetik ez da inoiz lortu bi hamarkada pasatxo dituen gatazka horri behar bezala heltzeko moduko prozesu indartsurik abiatzea. Emakunde eta EAEko Arartekoa beti aritu dira hor hautu parekidea sustatzen, baina urrunegiko erakundeak dira eguneroko martxan eragiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak bide bat hasi zuen EH Bilduren agintepean egon zen legealdian, baina lau urte ez ziren aski izan bide hura behar bezala garatzeko. Alarde publikoaren aldeko presentzia publikoa eta lan isila; biak lehenetsi ziren garai hartan. Presentzia publikoa herabetu egin da orduz geroztik, eta lan isilak ez du fruiturik eman. Bereziki larria izan da beti udalen jarrera; bai Irunen, bai Hondarribian. Alarde baztertzaileen aldeko bandoan egon dira beti, eta inoiz ez dute hautu parekidearen aldeko keinurik ere egin.
Ordutegiaren gaia ukitzeak zer ondorio uzten dituen ikusi beharko da orain: abiatutako elkarrizketarako oinarri horietan, eta, batez ere, irailaren 8an, Kale Nagusian.
ANALISIA
Ez da tentsioa: ezinikusia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu