Koronabirusa

Txertoaren albo kalteak, ibuprofenoarenen pare

AstraZenecaren txertoaren gaineko dudak ugaritu egin dira azkenaldian, Europan azaleraturiko odolbildu kasuen eraginez. Hala ere, antzeko albo ondorioak ikus daitezke sendagai oso ohikoen prospektuetan.

AstraZenecaren txertoaren zenbait dosi, artxiboko irudi batean. PIROSCHKA VAN DE WOUW / EFE.
Ion Orzaiz.
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ez dira fio. Herritar askok zeharka begiratzen diete COVID-19aren aurka orain arte baimendu diren txertoei. Mesfidantza eragin dute sendagai berriek, eta, denen artean, Oxfordeko Unibertsitateak eta AstraZeneca enpresak ekoiztutakoak sortu duezinegon handiena. Lehengo astean, Europako herrialde ugarik bertan behera utzi zituzten txerto horiekin egindako txertaketak, zenbait herrialdetan azaleratutako odolbildu kasu gutxi batzuen ostean. Euskal Herrian ere etenda egon zen prozesua; Ipar Euskal Herrian, asteburuan hasi ziren berriro jartzen, eta Hegoaldean, berriz, gaur dira martxan jartzekoak.

Atzo, Emer Crookek, EMA Sendagaien Europako Agentziako zuzendariak, berretsi zuen txertoa «segurua eta eraginkorra» dela eta osasun arazo horiek agertzeko arriskua, berriz, «oso apala». Hala ere, gaineratu zuen «ikerketa gehigarri bat» egin beharko dutela albo kalte posible guztiak argitzeko, eta, hortaz, ezin dela guztiz baztertu txertoaren eta odolbilduen arteko lotura.

Adierazpen horiek zalantzak hauspotu dituzte atzera ere, baina zer gertatuko litzateke lotura hori baieztatuko balitz? Konfirmatuko balitz AstraZenecaren txertoak tronbo arraro batzuk sor ditzakeela kasuen ehuneko oso txiki batean —orain arte azaleratutako odolbildu kasuak aintzat hartuta, %0,0006 inguru—, bertan behera geldituko litzateke txertoa merkaturatzeko baimena? Erretiratu beharko lukete? Bada, ziurrenik, ez.

Nahikoa izanen litzateke prospektuan ohar txiki bat gehitzea, arrisku hori zehaztuz. Izan ere, horiek baino albo ondorio larriagoak dituzte mundu osoan egunero erabiltzen diren sendagai askok: antiinflamatorioak, antihistaminikoak, loa eragiteko pilulak, antisorgailuak... Nahikoa da horien guztien oharrak irakurtzea AstraZenecaren txertoaren «arriskuaren» benetako tamaina ulertzeko. Hauek dira gizarteak kalapita handirik gabe onartu dituen eraginetako batzuk.

MAIZTASUN HANDIKOAK
Nekea, buruko mina eta goragalea: eraginik arruntenak

Oxford-AstraZeneca txertoaren prospektuan jartzen duenez, sendagai horrek «maiztasun handiz edo oso handiz» eragin ditzake «nekea, buruko mina, goragalea, hotzikarak, sukarra eta giharretako mina». Txerto gehienek eragiten dituzten albo ondorioak dira, baina baita beste sendagai askok ere; besteak beste, haurdun ez geratzeko pilulek. Horiek, gainera, «buruko mina, hilekoan aldaketak eta depresioa» ere eragiten ahal dute maiztasun berarekin—kasuen %10etan—, prospektuaren arabera.

Errezetaren beharrik ez duten sendagaietan ere ikus daitezke halakoak. 400 miligramoko ibuprofeno pilulen kasuan, esaterako, albo ondorio hauek aipatzen dira «ohiko» gisa: urdail-hesteetako odoljarioak, odola oka edo kaka egitean, zorabioak, nekea eta beherakoa.

MAIZTASUN TXIKIAGOKOAK
Logalea, izerdia eta azkura, ehun kasutik behin

COVID-19aren aurkako txertoaren kasuan, maiztasun txikiagoko albo kalteak dira ganglio linfatikoen hantura, izerdia, logalea, azkura eta pruritoa. Ehun kasutik behin atzeman dira halakoak.

Maiztasun berarekin, antzeko albo ondorioak eragiten dituzte, esate baterako, loa errazteko botikek. Edozein farmaziatan eros daitezke, errezetarik gabe. 25 gramoko doxilamina pilulek, adibidez, hantura eragin dezakete beso-hanketan eta, horrez gainera, baita «hipotentsioa, doble ikustea eta arnasa hartzeko arazoak» ere.

EZOHIKOAK
Antisorgailuek eragin ahal dituztenak baino arinagoak

Sendagaiak arautzeaz arduratzen diren organismoek ondorio «ezohiko» edo «arrarotzat» dituzte mila kasutik behin atzematen direnak. Asmaren aurkako inalagailu batzuen oharretan, adibidez, «zehaztu gabeko maiztasunarekin azaleratu diren ondorioak» aipatzen dituzte: bronkoespasmoa —arnasbideetako giharren uzkurtzea— eta bihotz taupaden erritmo irregularra dira horietako bi. Antisorgailuen kasuan, berriz, albo kalte «ezohiko» hauek aipatzen dira: «Odolbilduak hanketan, biriketan, urdail-hesteetan, giltzurrunean, gibelean edo begietan; bihotzekoa eta iktusa». AstraZenecaren txertoaren prospektuan ez da halako efekturik zehazten, eta, baieztatuko balitz ere buruko odolbilduen kasuak txertoarekin lotura dutela, maiztasun askoz txikiagoko ondorioak lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.