Energia nuklearra Alemanian

Zentral nuklearren arrastoak, bizirik

Jada ez da zentral nuklearrik egongo Alemanian. Halere, urte hauetan guztietan hondakin erradioaktibo mordoa sortu dute, eta horiek guztiak gordetzeko espazio seguru baten bila dabil gobernua.

Konrad burdin meategi izandakoa, Salzgitter hirian, hondakin erradioaktiboak gordeko dituzte hor. FOCKE STRANGMANN / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bihar behin betiko itzaliko dituzte Alemaniako azken hiru zentral nuklearrak. Halere, bada herritarrak kezkatzen dituen kontu bat: zer egingo dute zentral horiek sortutako hondakin erradioaktiboekin? Izan ere, zentral nuklear guztiak itzalita egongo diren arren, horien arrastoak ez dira egun batetik bestera desagertuko, ezta arriskuak ere.

Bada, hondakin horiek guztiak biltegiratzeko espazio seguru baten bila dabil Alemaniako Gobernua. Handia izan beharko du, izan ere, zenbait adituren arabera, ehun igerileku olinpiko bete litezke hondakin guztiekin.

Tokiko zenbait hedabidek aurreratu dutenez, gobernuaren asmoa da hondakinak Konrad burdin meategi izandakoan gordetzea. Salzgitter hirian dago, Saxonia Behereko hego-ekialdean. 2027. urtean egongo da horretarako prest, eta 303.000 metro kubo hondakin gordeko dituzte hor.

Hondakin erradioaktiboek zelula bizien material genetikoa aldatu edo hari kalte egin diezaiokete. Erradiazio dosi txikiek leuzemia eta bestelako minbiziak eragin ditzakete, eta, denbora gutxian erradiazio dosi handi bat jasanez gero, osasun arazoak unean bertan edo egun gutxira agertu daitezke. Kasu okerrenean, berehalako heriotza eragin dezake.

Beldurra eta kezka nagusi

Energia nuklearraren aurkako jarrerak babes handia du Alemanian. Fukushiman 2011n izandako istripu nuklearrak nabarmen areagotu zuen jarrera hori, eta beldurra zabaldu zuen herritarren artean. Beldur hori lausotuko du aro nuklearraren amaierak, baina ez du guztiz desagerraraziko.

Bada, EB Europako Batasunean ekoizten den energia guztiaren %30 da nuklearra. Guztira 130 zentral daude, hamalau herrialdetan banatuta. Alemania ipar-mendebaldeko herritarrek horietako bat dute kilometro gutxira; Belgikako Tihange zentral nuklearra. Halaber, beldurra are gehiago hauspotu du Ukrainako Gerrak. Zenbait adituren arabera, zentral nuklearren aurkako eraso posible batek —bonbardaketa batek, kasurako— kezka eragiten du herritarren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.