Uztailaren 23ko ekintzan parte hartu zuten bederatzi auzipetuetariko bat da Anita Lopepe (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1976). Blokeoaren antolaketa eta ondorioak azaldu ditu, baina ez du zalantzan jartzen balio izana.
Ikusi gehiago:Bakegileek desobedientzia ekintza justifikatu dute Akizeko auzitegian
Zergatik erabaki zenuen trenbidea blokeatzeko ekintzan parte hartzea?
Egoera larritzen ari zelako Ionen [Parot] eta Jakesen [Esnal] egoera dela eta. Ekintza hori auzitegiaren deliberoa baino aste batzuk lehenago antolatua zen, eta iruditzen zitzaidan hor bazela zinez behar gorria, biak baldintzapean baizik ez bada ere, behintzat etxean izateko. Ebidentzia bat. Urgentzia bat, nolabait. Ozen entzunarazteko jendearen determinazioa, Ion eta Jakes etxerat ekartzeko.
Parte hartze horrek zer ondorio ditu maila pertsonal eta politikoan?
Ondotik ikusi dugu: auzipetze bat eta hortik aterako den deliberoa. Baina, azken finean, azpimarratu behar dena da bakegileek eta Bake Bideak, orain arte antolatu dituzten gauza guztietan bezala, prestaketa biziki seriosa egin dutela, eta orduan aski lasaiki engaiatzen garela gisa horretako ekintza batean, nahiz eta badakigun ondorioak izanen direla, ondorio judizialak. Hala ere, ekintza kolektibo bat da, eta horrek indarra ematen du horrelakoetan.
Nola aurkeztuko zenuke egin zenutena?
Pentsatzen dut gauzak bere tokian ezarri behar direla; desobedientzia ekintza bat izan da, trenbide bati lotu gara, kateatu gara, trenen harat-honat oztopatzeko. Baina besterik ez. Ezker abertzaleko militante bat naiz; pentsatzen dut gure familia politikoa hastapenetik lehen lerroan engaiatua dela gatazkaren ondorioen konponbide horretan, panorama berri bat sortzeko Euskal Herrian. Guztiz zentzuzkoa iruditzen zait horrelako mobilizazio deialdiak direlarik gu lehen lerroan izatea.
Nola antolatzen dituzue horrelako ekintzak?
Aurre prestaketa batekin, ekintza guztietan bezala. Hor bereziki trenen pasabidean ginen kokatuak. Segurtasun aldetik, horrek eskatzen du aitzinetik segurtatu behar dela ez dugula gure bizia lanjerean ezartzen. Beraz, hori guztia biziki ongi prestatua zen aitzinetik. Eta, gero, prestaketaren beste atal zabalago bat da, ekintza horiek ihardukiko dutenak; erran nahi baitu Ipar Euskal Herriko jendartea ongi prestatzea. Pentsatzen dut alde horretatik ere lan handi-handia egin dela; busti direla horretan egitura antolatzaileak, baina baita tokiko instituzio bakar horretan ditugun hautetsiak ere.
Zer jarrera duzu epaitegian?
Guri bakoitzari galdegina izan zaigu hitza hartzea. Bai abokatuek, baita deituak izan diren lekukoek eta guk ere, auzipetuek, agerian utzi dugu testuingurua. Finean, zergatik iritsi garen ekintza maila horretara: egoerak behartuta. Eta hori testuinguru politikoa gogorarazita, Landetan baikinen. Ikusi genuen atxiloaldian galdeketak egiten zituzten jendarmeek ez zutela inolako ezagutzarik, ez egun horretan gertatu zenaz, baina ezta testuinguruaz ere. Erronka hori izan da, zinez kokatzea hori testuinguru politiko jakin batean: azken urteetan, Euskal Herrian ireki den fase horretan, konfrontazio armatuaren orrialdea itzultzeko fase horretan.
Helburua lortutzat jo duzue?
Egunean bertan erraten ahal genuen arrakastatsua izan zela. Lortu da ehunka jende mobilizazio maila jakin baten inguruan biltzea. Badakigu prefetak mobilizazioa debekatu zuela aitzineko egunetan, baina horrek ez du jendearen motibazioa mugatu. Beraz, dei hori arrakastatsua izan zen. Antolaketa aldetik ere biziki ongi pasatu zen, blokeatu genuen, nahiz eta estatuak desberdin interpretatu. Eta, noski, irailean jakin genuelarik Ion eta Jakes baldintzapean libre zirela, pentsa genezakeen horrek ere harritxo bat ekarri ziola azken urteetan izan den mobilizazio zabal horri. Balorazioa positiboa da, dena ez da egun horretan jokatu, baina mobilizazioaren karakterizazioan inflexio puntu bat izan da argiki.
Desobedientzia molde gisa erabil daiteke beste testuinguru batzuetan?
Dudarik gabe. Badakigu parean dugun estatuak zer parametroren inguruan egiten dituen urratsak. Batzuetan, nahiz eta mobilizazio eta atxikimendu maila gora izan, blokeatzeak edo ukazioek segitzen dute Paristik.
Beraz, ez da dudarik: ahal bezain molde zabalean, hemengo jendea kontzientziatu eta mobilizatu behar da, eta beharrezkoa denean, argiki gure aldarrikapenak adierazi gisa horretako ekintzekin.
Bakegileak. Epaiketa. Anita Lopepe. Auzipetua
«Blokeatze egunean ez zen dena jokatu, baina inflexio puntu bat izan zen»
Anita Lopepek azpimarratu du ekintza beharrezkoa zela, Ion Paroten eta Jakes Esnalen egoera larria zela eta. Are gehiago, erran du desobedientziak beste edozein markotarako balio duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu