Indarkeria matxista

Larri baina egonkor dago Majarenas euskal presoaren 2 urteko alaba

Bikotekide ohia haurra hiltzen saiatu da, baimen batean. Etxerat-ek «mendekutzat» jo du

Majarenasen bikotekide ohiak Benifaio herrian daukan etxean gertatu zen erasoa, igandean. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Jon Rejado.
2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Zauri larriak ditu, baina egonkor dago Sara Majarenas euskal preso donostiarraren alaba. Umearen aitak aitortu du bera dela erasoaren egilea, haurra hiltzen saiatu dela Benifaio herriko etxebizitza batean (Valentzia, Herrialde Katalanak), harekin egoteko asteburuko baimen bat baliatuta. Martxoan 3 urte beteko ditu haurrak; Valentziako La Fe ospitaleko zainketa intentsiboetako unitate pediatrikoan dago. Bi labankada ditu, bat toraxean eta beste bat bizkarrean; horren ondorioz birika bat zulatuta daukala jakinarazi dute ospitaleko arduradunek. Lerro hauek idazteko orduan, egonkor zegoen haurra, baina larri.

Umea bere amarekin bizi da, Sara Majarenas presoarekin, Picassenteko espetxean (Herrialde Katalanak); baimena eman zioten, ordea, asteburua aitarekin pasatzeko. Baimen horretan gertatu zen erasoa, igande goizean, 10:30 aldera. Poliziak aita atxilotu du: 49 urte ditu gizonezkoak. Hark eman zuen erasoaren berri, Udaltzaingoarenean: hango poliziei aitortu zien alabari eraso egin ziola, eta gaineratu zuen haurra etxean hilda zegoela.

Udaltzainek bi patruila auto eta anbulantzia bat bidali zituzten etxera. Hara sartu zirenean, haurra gela batean topatu zuten, zaurituta. Anbulantzian sartu, eta Alzirako ospitalera eraman zuten. Larrialdiko ebakuntza bat egin zioten han. Valentzia hiriburura eraman zuten gero, La Fe ospitaleko zainketa intentsiboetako unitate pediatrikora; beste ebakuntza bat egin zioten, eta han jarraitzen du.

«Mendekua»

Euskal preso politikoen aldeko Etxerat elkarteak jakinarazi du Majarenas eta haurraren erasotzailea banatzeko prozesuan daudela. Testuinguru horretan, erasoa «mendekua» izan zela gaineratu du. Las Provincias egunkariak adierazi du umearen zaintzari buruz ari zirela eztabaidatzen gurasoak, Majarenasen familiako iturriak aipatuta.

Etxerat-ek babesa eta elkartasuna helarazi dio Sara Majarenasi, baita haren familiari ere. «Ez da zaila irudikatzea nola pairatzen den ziegan horren egoera lazgarria; etengabeko oztopo burokratikoak konpontzen orduak eman beharra, alabaren ondoan egon beharrean». Halaber, Picassenteko espetxera heltzeko 540 kilometro egin behar izan dituzten senideak ere gogoan izan ditu. Bestalde, Etxerat-ek indarkeria matxistaren larritasuna nabarmendu du, eta kritikatu du Majarenas ETAko presoa dela nabarmendu duten hedabideen jokabidea, gertaeraren larritasunari heldu beharrean.

Zenbait komunikabidek jakinarazi dute Valentziako Generalitateak bere gain hartuko duela adingabearen tutoretza: Berdintasun eta Politika Inklusiboetako Saila baliabide egokiena aztertzen ari dela gaineratu dute. Majarenasen abokatuak ez du halakorik baieztatu; hedabideetan agertutako informazio hori «ozen egindako hausnarketak» direla azaldu du. «Ez da halakorik inoiz gertatu». Areago, zehaztu du ez dagoela horren gaineko araudirik. Horrez gain, nabarmendu du Majarenasen alaba adingabea dela, eta haren nortasuna babestu egin behar dela.

Bi aldiz zigortua

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak gogorarazi du indarkeria matxistak dimentsio asko dituela, eta horietako bat dela haurren kontra egiten dena. Hain justu, Valentzian gertatutakoa zuzeneko bortizkeria dela argitu dute. Ildo horretan, Sara Majarenasen egoerari buruzko hausnarketa azaleratu du Emakumeen Mundu Martxak: indarkeria matxistari «sakabanaketa politika eta espetxearen egitura patriarkala» gehitzen zaizkiola adierazi du.

«Espetxeek izaera patriarkala dute; bertan ama izateak zapalkuntza eta eskubide urraketa areagotzen ditu». Horren hamaika adierazle daudela gehitu du: haurdunaldietan ezin behar bezala zaintzea, behatzea eta elikatzea; erditzea indarkeria giro arrotzean egin behar izatea; espetxera erditu eta gutxira itzultzea, osatzeko astirik gabe...

EH Bilduk ere nabarmendu du Majarenas eta haren alaba «bi aldiz biktima» direla: batetik, indarkeria matxistaren biktimak, eta, bestetik, sakabanaketa politikarenak. Koalizioak gogorarazi du Majarenasek beteak dituela zigorraren hiru laurdenak: «Kalean behar zuen aspaldian, alabaren eta etxekoen ondoan». Espetxe politika «ankerrak» aukera hori ukatu diola hausnartu du, iragan larunbatean milaka herritarrek euskal presoen giza eskubideen urraketak salatu eta gutxira. Majarenas «lehenbailehen» baldintzapean aske uzteko eskatu du.

Sortuk, berriz, ohar bidez salatu du Valentzian gertatutakoa ez dela hilketa saiakera bakan bat. Patriarkatuaren ondorioa dela zehaztu du, baita Majarenasen alabarekin gertatutakoaren moduko adibideak jarri ere. Sortuk gogorarazi du 2016. urtean zazpi hilketa eragin zituela indarkeria matxistak Euskal Herrian; horietatik hirutan emakumearen seme-alabak hil zituzten.

Gaur, elkarretaratzeak

Valentziako eraso matxista salatzeko bi mobilizazio iragarri dituzte gaurko. Batetik, Donostiako Udalak elkarretaratze isila egingo du 12:00etan, Alderdi Ederren. Bestetik, Emakumeen Mundu Martxak protestara deitu du gaurko, 19:30ean, Donostiako Bulebarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.