Ibil Bedi, Ezpalak, Calling Marian eta Niko Etxart EHZn izanen dira

Jaialdia uztailaren 1etik 3ra eginen dute, Irisarrin. Sarrerak eskuragai daude atzodanik

EHZ festibaleko kideen prentsaurrekoa, atzo, Muskildin. EHZ.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hainbat lur mundu bakarrean! du lelo 26. EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalak. Jaialdian izanen den musikari lotuta ere, esan liteke bestela: hainbat talde festibal bakarrean. Martxoan jakinarazi zutenez, uztailaren 1etik 3ra eginen dute EHZ aurten, Irisarrin (Nafarroa Beherea), eta haren aurtengo aldiari loturiko lehen iragarpenak ere jakinarazi zituzten atzo, Muskildin eginiko prentsaurreko batean (Zuberoa). Niko Etxart eta Hapa Hapa, Fizt & Furiuz, Ibil Bedi, Ezpalak, Calling Marian, Gaitistaneko Orkestra eta Kokoko taldeak arituko dira, besteak beste.

Ohi denez, musika ez beste emanaldi batzuk ere hartuko ditu EHZk. Zirkuak, dantzak eta antzerkiek ez dute hutsik eginen. Gainera, aurtengo berritasun nagusia zera izango da: antzerkiari eskainitako gune bat jarriko dute. Gaur-gaurkoz, hauek dira jakinarazitako emanaldiak: Haatik eta Hastapenetik dantza taldeen ikuskizunak eta Sarini zirku konpainiaren emanaldi bat. «Akrobaziek burua itzularaziko diete festibalariei», adierazi dute EHZko arduradunek. Gainera, Josu Martinezek Baigorrin (Nafarroa Beherea) grabatutako hiru film labur ikusgai izanen dira Irisarriko Ospitalea eraikinean.

Horrez gain, tailerrak, hitzaldiak eta mahai inguruak ere antolatuko dituzte. Aurreratu dute euskarari, gerrari, herri indigenen zapalkuntzari eta eritasun mentalari buruzko saioak egingo dituztela.

Lehenbiziko iragarpenak egiteko ez ezik, aurtengo kartela aurkezteko ere baliatu zuten atzoko agerraldia. Ez hori bakarrik: jakinarazi zuten atzodanik eros daitezkeela festibalerako sarrerak, ehz.eus webgunean. Oraingoz, hiru eguneko sarrerak dira eros daitezkeen bakarrak (35 euroan), eta aurrerago jarriko dituzte salgai egunez egunekoak. Halaber, heldu den asteetan irekiko dute jaialdian laguntzaile gisa aritzeko izena emateko bidea.

Orain bi urte ezin izan zuten jaialdirik antolatu, pandemiaren eraginez, baina iaz, berriro, milaka lagun elkartu zituzten Irisarrin. «Distantzia eta maskaretatik at, beste mundu bat sortu ahal izan genuen, hurbiltasunez, euskaraz, alternatibaz, giro onean; hitzetatik ekintzetara gure eredua gorpuzteko xedez», esan dute antolatzaileek.

Murrizketak murrizketa, jaialdi arrakastatsua egin zuten, lantaldearen ustez, Irisarrin izan ziren ehunka laguntzaileei eta jaialdian parte hartu zuten milaka lagunei esker. «Festibalaren mende laurdena behar den bezala ospatu genuen», adierazi zuten balorazioa egitean.

EHZ berria, martxan

Ekaitzek eta zulo ekonomikoek markatutako bi urteko trantsizioaren ondoren, 1996an jaiotako festibala eraberritu egin zen 2019an. Lantaldeak proiektua berritu zuen, eta orduan hasi zen EHZ berriaren bidea, Irisarrin finkatuta.

«EHZk borroka eremua indartuko duen tresna izan behar du eragile eta elkarteetan ari diren gazteentzat», azaldu zuten orduan. «Hegemonikoa den kulturaz besteko proposamenak» antolatzeko konpromisoa berretsi zuten, herri mugimenduaren beharrei lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.