Koronabirusa. Victor Gonzalo Riffo. Donostiako metroaren obretako langilea

«Litekeena da hamabost egun barru ni kaleratzea»

Cavosa enpresako mekanikariak ohartarazi du metroaren obretako lan eta segurtasun baldintzak «txarrak» direla. Erakundeei esku hartzeko dei egin die, enpresek ez baitute egoera aintzat hartzen.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

Haserre dago Victor Gonzalo Riffo Nova Cavosa-Sacyr enpresako mekanikaria. COVID-19 pandemiaren garairik larrienean lanera joatera «behartu» egin zutela salatu du. Gainera, makina batekin izandako istripu batengatik, hamabost eguneko soldatarik gabeko zigorra ezarri dio enpresak. Egoeraz eta «segurtasun baldintzak kaxkarrez» nazkatuta, ELAra jotzea erabaki du, nahiz eta jakin, segur aski, horrek kaleratzea ekarriko diola.

[youtube]https://youtu.be/8uS6VIjgdrM[/youtube]

Martxoaren 31n, funtsezkoak ez besteko jarduera ekonomiko guztiak eteteko dekretua sinatu eta bi egunera zu lanean aritu zinen metroaren obretan funtsezkoak ez ziren lanak egiten. Zergatik?

Dekretuaren biharamunean, obrako arduradunaren whatsapp bat iritsi zitzaigun, esanez lanera joan behar genuela, eta enpresak baimen agiri bat emango zigula. Arraroa iruditu zitzaidan, bezperan presidenteak esan zuelako larrialdi egoera bat zela, eta bakarrik ezinbesteko lanak egingo zirela. Baina obra hau ez da funtsezkoa, metro bat da, tunel bat, beraz…

Gainera, zure lana ere ez da funtsezkoa, mekanikaria baitzara.

Horixe da. Nik makinen olioa aldatu, iragazkiak begiratu eta halakoak egiten ditut. Beraz, lanera joan nintzen, eta esan zidaten makina baten filter tutuari mantentze lana egin behar niola, hau da, pieza horren iragazki guztiak kendu, hautsa garbitu... Harrigarria iruditu zitzaidan egoera hartan lan hori egitea, urteko edozein garaitan egin dezakezulako. Zergatik egin behar zen egun haietan, pandemia bete-betean?

Horretan ari zinela, istripu bat izan zenuen, eta makina erori egin zitzaizun.

Tuneletik ateratzen ari nintzen makina teleskopiko batean. Balaztak ez zituen ondo. Lankide batek makina eskatu zidan, eta ni jaitsi egin nintzen bertatik, baina malda zegoenez, eta nahiz eta balazta jarrita eduki, erori egin zen. Bost metro amildu zen, eta kolpearekin kristal bat hautsi zitzaion eta gurpil bat lehertu. Hori bakarrik. Horren ondorioz, baina, hamabost egunez bidali ninduten etxera zigortuta soldatarik gabe.

Zur eta lur geratu zinen. Zergatik jokatu du enpresak horren gogor zurekin?

Oso gogor jokatzen dute langileekin, nagusiarentzat garrantzitsuena delako obrak aurrera egitea. Aurrera egitea, horren ondorioak aintzat hartu gabe. Une horretan nik bukatu nuen iragazkiak garbitzen, eta tuneletik ateratzen ari nintzen nire lan tresnak bizkarrean hartuta. Oso pisutsua da zama hori, eta ez dago autorik handik ateratzeko, beraz, oinez joan behar da. Bi kilometro egin behar dituzu oinez 30 kiloko kutxa batekin.

Egoerarekin haserretu eta ELAra jo duzu. Ondorioen beldur zara?

Oso litekeena da hamabost egun barru esatea kaleratuta nagoela argitara emateagatik metroaren obretan zer gertatzen ari den. Badira segurtasun aldetik gauza oso larriak. Mila volteko kable bat ohiko zinta batekin bilduta egotea oso larria da, lurrean eta urez inguratuta, gainera. Lankide bat lurrera bota zuen argindar korronteak, eta txiripaz ez zitzaion ondorio larririk gertatu. Istripu asko gertatu dira, eta oso larriak.

Segurtasun baldintzak oso kaskarrak direla salatu duzu.

Makinak oso gaizki daude. Balaztak likidorik gabe egoten dira gehienetan makinetan, eta malda horietan oso kontuz ibili behar da. Makina batek pertsona bat eramaten badu, oso larria izan daiteke. Gainera, tunel barruan ez dago sorosle zerbitzurik, anbulantziara eta ospitalera iristeko tunel osoa zeharkatu behar duzu. Ez dago autorik tunelean mugitzeko. Nola atera zaitezke handik istripu bat gertatuz gero?

Lanaldi oso luzeak egiten ari zarete.

[Lankide bati deitu dio eta galdetu dio ea aurreko larunbatean (apirilaren 25ean) zenbateko lan jarduna egin zuen. Hark goizeko zazpietatik goizaldeko ordu bietara aritu zela erantzun dio, BERRIAko kazetaria lekuko dela]. Hemeretzi orduko lan jardunak ere egiten ari gara. Pertsonen osasunarekin ari gara jolasten. Ez gara robotak, langileak gara. Enpresak lan eginarazten digu, baina ez du inbertsiorik egin nahi gure segurtasunean. Erakundeek egin beharko lukete zerbait hori hobetu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.